GAUR8

San Balendin eguna Zeanuriko Eleizondon, eta artea neurtzearen tradizioa

San Balendin jaia ospatuko dute datorren larunbatean Zeanuriko Eleizondo auzoan, tradizioan errotutako bi erritual kontserbatuz: kanpaiak jotzea eta baselizaren aurreko artea neurtzea. Kanpandorrera igotzeko aukera izango du bertaratzen denak eskuz egindako jotzea bertatik bertara ikusteko.

Kanpai-joleak Eleizondon, Zeanurin.
Kanpai-joleak Eleizondon, Zeanurin. (Jon URUTXURTU)

Hurrengo larunbatean, otsailaren 14an, San Balendin jaia ospatuko dute Zeanuriko Eleizondo auzoan. Piedadea izenarekin ezagutzen den baselizaren inguruan egiten da erromeria, eta aurten «artea neurtzen duten 68. urtea izango da». Beste ezaugarri bat du hitzorduak, kanpaiak eskuz jotzen baitute. Jaian zeregin hori izango dute Pedro eta Jose Antonio Lejarza anaiek, Iñaki Lejarza Andra Mari parrokiaren kanpai-jolearen semeek.

Jon Urutxurtu gai historikoen ikertzaileak jaso du egitarau «apalak» ekarriko dituen hitzorduetako batzuk. Izan ere, kanpai-jotearekin lotuta, bi saio egingo dituzte Lejarza anaiek: 11.30ean bat eta beste bar 12.00etan, eta bietan «gura duenak kanpai-jotea bertatik bertara ikusteko eta entzuteko aukera izango du, kanpandorrera igoz».

San Balendin jaiko prozesioa Eleizondon. (Jon URUTXURTU)

Eguerdian izango den mezaren ostean, San Balendin irudia parrokiatik 50 metrora dagoen ermitara eramango dute prozesioan, eta hura abiatu aurretik herriko agurra dantzatuko dute umeek.

Artearen neurketarekin lotuta dago eguneko bigarren hitzordua. Ermitaren aurreko artea neurtzeari ekingo diote, eta neurketaren akta sinatuko dute. «Orain arteko maiordomoak, Iñaki Lejarzak Aitor Intxaurraga –2026koari– pasatuko dizkio agiri-liburua eta ermitaren giltza. Lejarza auzoko pertsona beteranoena da –92 urte ditu– eta bera izan zen parrokiako azken kanpaijolea».

Barauskarria, txistulariak eta bertsoak

Tradizioak agintzen duen erritoari bukaera eman ostean, «barauskarriaren» ordua izango da: urdaia, pamitxa eta ardoa. Herriko txistulariek eta Arkaitz Estiballes bertsolariak girotuko dute zita. 

Urutxurtuk nabarmendu duenez, «aipagarria da orain dela 68 urte» sortu zen eleizondotarren tradizio hau, eta aldi batean desagertuta egon zen arren berreskuratu eta ofizialtasuna eman gura izan zioten Piedadeko artearen neurketaren ekintzari».

Azken tradizio honekin lotuta, gogoratu du ikertzaileak orain dagoen artea leku berean zegoen beste baten ordezkoa dela, eta San Balendin egunean «bazkaldu ostean eta batzuetan afaldu ostean, jai giroan, bolanderak botaz eta bertsoak abestuz» egiten zutela artearen neurketa.

Lehenengo neurketa 1959koa da, eta eleizondotarrek ez dute galtzen utzi gura izan. Urutxurtuk gogoratu duenez, 194 zentimetroko perimetroa 150 zentimetroko altueran izan ziren azken neurketaren datuak, galdera da aurtengo neurria zein izango ote den.

Artea neurtzearen tradizioa. (Jon URUTXURTU)

Umiliazioaren zeremonia

Inguruak duen balio historikoaren harira, zehaztu du, adibidez, Erdi Aroko galtzadaren arrastoak ikus daitezkeela oraindik «Pietate errendegi» baselizatik igarotzean. Erantsi dutenez, «ermitaren aurrean arte eder bat dago, orain dela 68 urtetik eleizondotarrek San Balendin egunean neurtzen dutena». Ermitaren sarreran, gainera, Nestor Basterretxearen gurutzea dago, «Gorbeiako Gurutzearen mendeurrena ospatzeko altxatu zena».

«Dirudienez, antzina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia (umiliazio) egiten zen; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fidel izaera adierazten omen zuten, hau da, ez zela moroa ezta judua ere; eta horrez gainera, herrian sartu aurretik, gogo baketsuarekin zetorrela adierazten zuen», azaldu du ikertzaile zeanuriztarrak. 

Umeak, San Balendin jaian Eleizondon. (Jon URUTXURTU)