Gaur 8

155 urte bete dira Adelina Méndez de la Torre bilbotar pedagogo berritzailea jaio zenetik

155 urte bete dira gaur Adelina Méndez de la Torre maistra, pedagogoa eta intelektuala jaio zenetik. Asturiarra jaiotzez eta bilbotarra adopzioz, lehen hezkuntza berritzeko gogor aritu zen, eta eskola-jantokien eta haur-udalekuen sorrera sustatu zituen.

Adelina Menéndez de la Torrek Bilboko lehen udalekuak sortu zituen.
Adelina Menéndez de la Torrek Bilboko lehen udalekuak sortu zituen. (BILBOKO UDALA)

Adelina Méndez de la Torre (Castropol, Asturias, 1871ko otsailaren 6-Bilbo, 1960ko urtarrilaren 20) figura nabarmena izan zen Bilboko hezkuntzaren arloan XX. mendearen lehen urteetan. 

1897an Bilbon finkatu zen eta gogor aritu zen lehen hezkuntza berritzen, arlo teorikoan eta praktikoan. Irakasle modura zeukan prestakuntza sendoaz gain, atzerrian ere ikasi zuen eta bekak lortu zituen Italia, Suitza eta Estatu frantseseko irakaskuntza zentro ospetsuetan. 

Europako beste herrialde batzuetako esperientzia berritzaileenak ezagutu zituen eta Bilbora ekarri zituen Eskola Berriko ideia pedagogikoak, psikopedagogia zientifikoarenak, paidologiarenak eta higienismoarenak. Beste alde batetik, udalaren ekimenaren eta kudeaketaren garrantzia defendatu zuen eskolarekin lotutako gaietan.

Irakasle honek hobekuntzak sartu zituen eskolako praktikan eta irakaskuntzako materiala egin zuen lehen hezkuntzarako. Era berean, Bilbon eragin handia izan zuten ekimenak bultzatu zituen hezkuntzaren arloan: eskulan hezigarria, eskoletako jantokiak eta udalekuak, helduen hezkuntza eta Solokoetxeko Eskola Normalean ikasten zuten irakaslegaien prestakuntza praktikoa.

1918an Oñatin egindako Eusko Ikaskuntzaren Lehen Kongresuan emakume hizlari bakarra izan zen. Bertan, Euskal Herriko lehen hezkuntzako eskolarako irakaskuntza elebidunaren ildo nagusiak diseinatu zituen, gaur egungo euskal curriculumari mende bat aurreratuz. Artikulugile nabarmena ere izan zen, eta bere kredo pedagogikoa azaldu zuen eguneroko prentsan eta hezkuntzan espezializatutako aldizkarietan.

Bilbao 700 Fundazioak argitaratutako ‘Adelina Méndez de la Torre. Maestra en Bilbao (1897-1937)’ liburuak irakasle baten bizitza bildu du.