«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»
Torturaren ikuspegi zehatz batean sakontzea proposatzen du Olatz Dañobeitiak, «Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa» lanean. Torturaren orbanei jarraika, indarkeria matxistaren geltokian egin dugu parada, marko politiko bat eskaini eta kolektiboki hausnartzen jarraitze aldera.

"Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak” (Txalaparta, 2025) liburua ondu du Olatz Dañobeitia Caballosek, berak sinatu du. Baina bide kolektibo baten emaitza dela argi azaltzen du: «Azpimarratu nahi genuen Estatu batek zuzenean egikaritu duela indarkeria matxista, batez ere bere funtzionario publikoen bidez». Izan ere, beraien ustez Euskal Herrian «torturaren pack-ean» sartu izan da ezarritako indarkeria matxista ere, indarkeria politikoarekin batera, eta liburu honekin bakoitzari begiratu eta ikuspegi feministatik marko bat eraikitzean egin dute ahalegina.
Bere herrian elkartu da GAUR8 Dañobeitiarekin, Lekeition, eta barrutik mintzo da, esaldi borobilik bota nahi ez duenaren zuhurtziarekin eta liburua osatzeko egindako bidean pilatutako ikaspen eta ahotsak mahai gainera ekartzeko ahaleginarekin. Nafarroako Torturatuen Sareko zenbait emakumek Emagin Elkarteko atea jo zuten bizi izan zutena eta bizitzen ari zirenari marko bat ezartzearen beharra eskatuz, eta halaxe jaio da liburua, zubi lanak eta interpretazio bateratuak egitearen beharretik: «Mugimendu feministak indarkeria matxisten aurka, eta torturaren mugimenduak indarkeria politikoaren aurka daraman dinamikaren erditik eta biak elkartzeko premiatik». Eta, hain zuzen, elkar ukitzea beharrezkoa da lekeitiarraren ustez: «Askotan joera izan delako torturan gertatu diren biolentzia matxistak marko orokorraren barruan interpretatzeko. Ez da ulertzen bi biolentzia ezberdin direla, elkar lotzen diren biolentziak, ezin dugu bata bestearen barruan azpiratuta ulertu, biak batera eta elkarrekin datoz».
Markoa sortzean, Emaginek hitzaurrean zehatz jasotzen duen gisara, hiru geruzatan eragin nahi dute: torturatu dituzten herritarrentzat tresna baliagarria izateko, bizi izan dutena ulertzeko marko feminista bat eskaintze aldera; torturak bigarren pertsonan bizi izan dituztenei, erreparazioan bidelagun eraginkor izateko baliabideak izan ditzagun; eta torturak hirugarren pertsonan bizi izan dituztenentzat, erreparazio sozial horretan eragile aktibo bilakatzeko bultzada izateko.
SORGINAK, PUTAK, TERRORISTAK
Tortura zer den definitzeko ahalegina ere egin du, azken urteetan Estatua edota beste zenbait errelatore sortzen ari diren “lau gizon gaizto mozkorrek pentsatu gabe” egindakoaren fikziotik aldenduz: «Tortura biolentzia espezifiko bat da, teknika multzo bat ondo aztertutakoa, ikasi egiten dena, bere eskolak izan dituena mundu mailan. Jakintza esperto bat da, transmititu egiten dena; gogorra da horrela hitz egitea, baina hala da. Aplikatu eta berritu egiten da, beste jakintzak bezala».
Torturaren xedearen inguruan galdetuta, eta errelato askok informazioa ateratzeko teknika soila dela azalduz ematen duten azalpenaren kontrara, argi du Dañobeitiak zein den egiazko helburua: «Pertsona txikitzea da helburua, bere komunitatea txikitzea, identitate kolektibo bat txikitzea, proiektu politiko bat… dena delakoa». Eta hortik izenburua bera ere, batez ere gizarteak emakume mandatua hautsi duten horiei ezarritako izenak: sorginak, putak, terroristak. «Euskal Herrian proiektu politiko, ekonomiko, linguistiko eta genero ordena baten aplikazioan eraiki zen sorginaren izendapena. Hor posible egin zen hainbat emakume euskaldun, basa, nekazari, torturatzea zein akabatzea; eta gaur egunera arte dator iruditegi ilun hori, zorionez mugimendu feministak buelta ematen asmatu duena».
Sorginekin abiatutako bide horrek luze jarraitu zuen eta “putak” heldu ziren: «‘Puta’ patriarkatuak emakume egokitzat definitzen duen horretatik urruntzen den guztia da. Puta herrialde batean izan daiteke tabakoa erretzen duen bat, beste batean senarrik ez duena, eta Euskal Herriko testuinguruan militantzia soziopolitiko, edota batzuetan, armatua egin duen emakume bat. Beren kabuz, subjektu politikotzat jo duena bere burua eta esan duena “ba nik nire herriko historian parte hartu nahi dut modu aktiboan”, eta hori puta bezala irakurtzen da». Estigma horrek zigor sozial bat duela azaltzen du ikerlari lekeitiarrak. Eta ondoren iritsi zen “terrorista” izendapena ere, funtzio berarekin.
«Hirurak erabili dira deshumanizatzeko helburu ezberdinekin, bitarteko ezberdinak erabili dituzte diziplinatzeko, pertsona tipo batzuk eraikitzeko; pertsona horien gorputza, lurra, identitatea, iruditegia, proiektua eta praktika hustu, lapurtu eta txikitzeko».
GENERO-INDARKERIA POLITIKOA
Tortura politikoa, ordea, Dañobeitiaren eta Torturatuen Sareko kide feministen iritziz, ez da aski landu ikuspegi feminista batetik; «ez ditugu lantzen bi biolentzia dispositibo bezala, eta horrek ondorioak dakartza», argitu du.
«Gure iruditerian emakume bortxatuak eta emakume torturatuak bereizi egiten ditugu. Baina nola? Bi gauza ezberdin dira? Lanketa hori ez dugu egin, eta sozialki bide hori egin gabe dago. Egia da 1990eko hamarkadan Emakunde emakume torturatu batzuengana hurbildu zela, baina oso puntuala izan da», kontatu du. Ildo horretan, liburuan galdera bat pausatzen dute: «Emakundek indarkeria matxistaren biktimatzat hartzen ditu torturen pean sexualki jazarritako emakumeak?». Ikerlariak argi du ezetz, eta Euskal Herrian orain arte «leihatila horretatik» ez zaiela begiratzen aitortu du.

Hori dela eta, munduko beste esperientzietan bilatu dituzte ispiluak eta txiletarrei hartu diete “genero indarkeria politikoa” kontzeptua: «Genero indarkeria modu berezi bat da, modu sistematikoan erabiltzen dena emakumeak diziplinatzeko, erreprimitzeko eta aktibismotik eta militantzia politikotik baztertzeko». Horixe kontzeptuaren definizioa, eta Dañobeitiaren hausnarketa: «Helburu espezifikoak dituen biolentzia matxista mota bat da, beraz». Eta izendapen horiek egin ezean etorkizuna baldintzatzeko arriskua dagoela uste du, «niretzat horregatik ez da iragana torturarena, etorkizuna da».
Eskubide urraketen terminoetan gaia lantzea ere garrantzitsua iruditzen zaio, baina ohartarazi du sarritan emakumeen eskubideak ez direla eskubide urraketa bezala hartzen, eta batez ere, Europari begira aipatzen du hori: «Izan ere, Latinoamerikako giza eskubideen paradigma oso baliagarria izan da hainbat herri borroka lantzeko».
GENERO-MANDATUA
Sarritan hitz egin da militantea apurtzeaz eta txikitzeaz, guztion iruditegian dago hori. Baina generoak hor zer eragin du? Hurrengo hausnarketa pausatzen du Dañobeitiak: «Emakumeon kasuan genero mandatua ere apurtzen da, zer espero du gizarteak gutaz? Zer rol jokatuko dugu? Ez da erraza batzuetan. Komisarian amaitu dugun pertsonak gizarte honetan bizi gara, eta gizon edo emakume bezala haziak izan gara; gehiago edo gutxiago, baina generoari dagozkion parametro horiek eragin ditu torturak».
Emakumeen kasuan, partaidetza politikoan aritzeak berak apurketa bat dakarrela aitortzen du, baina torturaren dispositiboak zerikusi handia duela genero sistemarekin, nahiz eta orain oso gutxi arte ez zaion sakontasunez begiratu: «Emakumeen kasuan sentiarazten gaituzte ama txar, alaba txar, bikote txar, edo ez ama… Hau da, emakume izatea zeri lotuta egon da Euskal Herrian hamarkada bakoitzean? Aldatzen joan da, baina badaude gauza batzuk errepikatzen dizkigutenak: amatasunaren lerroa, heterosexualitatearena, desiragarri izatearena, Marcela Lagardek proposatzen duen ama-emazte figurarena… Hori apurtzeagatik izugarrizko egurra ematen da, eta horrek ondorio batzuk uzten ditu. Ematen da torturaren apurketa, eta gero, generoaren ikuspegitik gertatzen den apurketa».
Ezegonkortasun bat sentitu dute emakume torturatu askok tortura pairatu ostean, eta hala azaltzen du lekeitiarrak: «Ez baldin badaukazu mugimendu feminista bat, edo mugimendu politiko bat esango dizuna ezetz, ondo zabiltzala, ama txarra izateari edo puta izateari buelta eman eta aldarrikatuko zaituen mugimendu bat ez baduzu, zauri hori beste modu batera berregin behar duzu. Eta hor boomerang efektua gerta daiteke; min hori, erruduntasun sentimendu hori kentzeko edo baretzeko, patriarkatuak ezarritako rolak berregiteko tentaldia egon daiteke. Horrek ez du esan nahi beti eta automatikoki hori gertatu denik, baina bai hori bilatu duela torturak».
Gizonen kasuan ere, generoak baduela marka aitortzen du lekeitiarrak, eta kasu batzuetan «are arriskutsuagoa» ere iruditzen zaiola, maskulinitate hegemoniko nagusia indartzera bultzatzen baitituzte tortura saioetan.
«Pertsona generodunak gara, eta nahiz eta queerrak izaten ahalegindu eta horren alde egon, badugu dimentsio sexual eta generizatu bat. Eta berregiteko prozesu horiek bide askatzailetatik, eta feminismoak zein transfeminismoak eskainitako tresnetatik egiten badugu oso ondo, baina bestela? Bestela, patriarkatuak eskaintzen dizkigun tresnetatik egingo dugu. Eta zein dira tresna horiek? Gure buruari apurtu gaituztela onartzeko zailtasunak izatea. Oso gogorra da hori zure buruari onartu eta laguntza eskatzea, baina prozesu hori ibili behar da. Hori egiten ez denean zauria handitzen da», kontatu du xeheki bezain barrutik. Eta gehitu du gizonezkoen kasuan, «gizon figura indartsuaren barnean» gotortu daitezkeela, eta horrek deriba «biolentoa eta autodestruktiboa» izan dezakeela, gizon batzuek beraiek aitortu izan duten moduan.
MILITANTE POLITIKOAK
«Giza eskubideen urraketen biktima izan diren pertsonak, hori baino gehiago ere badira, asko militante politikoak izan dira eta dira. Agentzia ukatzeekin edo despolitizatzeekin erne ibili beharra dago. Emakumeen kasuan, gizonei esleitutako plazetan parte hartzea kostatako bidea izan baita gainera. Biktima onaren eta txarraren jolas perbertsoa, feminismoak sarritan salatu duen moduan», egin du hausnar.
Emakume horien guztien ekarpen politikoa ere presente dago liburuan, eta emakumeak plaza politikoan egoteak berak maiz sortu duen mehatxuaz mintzo da Dañobeitia: «Momentu batean, mehatxu bezala ere irakurtzen gintuzten, Espainiako genero ordena zein den bagenekien, eta orain ere argi ikusten dugu. Tortura nola aplikatzen den ere horrekin lotuta dugu. Aldarrikatzen dugunean genero indarkeria politikoa aplikatu dela, ez gaude hitz egiten bakarrik prozesu politikoak sostengatu dituzten emakumeek bete dituzten funtzioez. Ari gara horiez, baina ari gara besteez ere: manifestazioetara irten direnak, aurrez aurre enfrentatu direnak, zinegotziak izan direnak, talde politiko zein armatuan egon direnak… Horietaz ere ari gara, eta genero indarkeria politikoa markatzeak ikusgarri egiten du multzo hori. Feminismoak, iraganean genero ordena kolokan jarri duten emakume multzoak aldarrikatzen dituen mugimendua den heinean, oso kontuan hartzekoak dira, ezta?».
BERREGITEKO BIDEAK
Liburua osatzearen bigarren helburua, erreparazioan edota berregitean urratsak egiteko markoa ezartzea ere bazen, eta berregitearen bidean hiru dimentsio iruditzen zaizkio landu beharrekoak: norberarena, intimoa eta kolektiboa.
«Tortura komunitate bati aplikatzen zaio, pertsonen bidez aplikatzen da, gorputzen bidez. Eta pertsona bakoitzak gure biografia daukagu, gure harremana gure gorputzarekin, gure sexualitatea, gure forma… Eta horretan guztian eragiten du, torturaren eztena horra arte doa, barru-barrura arte. Bide bat egin behar du pertsonak, batez ere, biolentzia matxistaren karga guztiarekin, eta berrosaketa horrek intimoa ere izan behar du», dio Dañobeitiak. Eta hiru dimentsioak elkar lotuta egotea garrantzitsua iruditzen zaio, «hiru dimentsioak elkar lotuta daude, eta hiruretan eragin behar da».

Era berean, psikologoek urteetan egindako lana txalotzen du, jakinik edonork ez duela baldintza materialik terapiara joateko, baina psikologoek ere askotan ohartarazten dute: «Honaino iristen da guk egin dezakeguna, orain behar duzuna herri bezala aitortza sozial eta politikoa ematea da». Eta bide horretan dihardute, hiru geruzak lotuak baitaude bere ustez, «batek bestearentzat baldintzak sortzen ditu».
IDATZI BEHARREKO ORRIAK
Orria irakurri gabe pasatzeak sortzen dio ardura militante lekeitiarrari. Baina liburuan zehar zein prozesuan bertan ere eztabaidatu dute hori nola egin. Izan ere, liburua ireki ez duten batzuen irudiko testigantzen bilduma bat izan daiteke, baina ez da hala. «Hil berri den Susana Atxaerandio kideak askotan problematizatu du testigantzena; zer kontatu, noiz kontatu, nola kontatu, zergatik eta zertarako?», eta beraiek ere galdera horien inguruan ibili dira bueltaka.
Garai bateko testigantzek juridikoki salatu ahal izateko forma hartzen zuten, eta oso beharrezkoak ziren, baina egun, akaso, beste forma bat eman behar zaiola uste du ikerlariak: «Nola sentitu gara? Nola egin diogu aurre edo ez diogu egin? Zer behar dugu? Apenas galdetzen dugu hori, izugarrizko bidea dago egiteko». Eta aldi berean galdera gehiago ere pausatzen ditu: «Non dago salaketa politikoa? Non amaitzen da eta non hasten da beldurraren dispositiboari arnasa ematea? Hor ere zalantza genuen, baina beste alde batetik, belaunaldi berriei begira, torturak herri honetan izan duen dimentsioa, forma, kolorea, pisua... transmititu behar dela iruditzen zitzaigun». Eta hortik sortu zen liburuaren hasieran testigantza zuzenik ez, baina hamaika testigantzatan oinarritutako fikzio bat idaztea, «paisaia bat erakutsi nahi genuen, beldurraren pasaia bat, komunitate oso bat hala bizi ginela esatea, baina ez bakarrik atxiloketen beldur izatearen bizipena edo atxiloketak kontatuz. Baziren ere erruduntasuna, elkartasuna, partaidetza politikoa, harrotasuna...». Hori ere gertatu baita.
Transmititu beharrarekin amaitzeko gogoratu du «torturagarritasuna eraiki duen dispositiboak martxan» jarraitzen duela: «Bihar-etzi aktibatu daitezke komunitate berdinaren aurka, baina momentu honetan beste komunitate batzuen aurka erabiltzen dute. Hori hor dago, aitortzarik, lanketarik, baliabiderik badugu? Horien faltan gaude oraindik».
Solasaldia, berrespen batzuekin, hamaika galderarekin, baina batez ere, begietan brilloa genuela amaitu genuen, eta orrialdeak idazten eta irakurtzen jarraitzeko gogoz.




