
Txinak lur arraroen gaineko debekua eten bazuen ere, zigor horrek arma ekoizleentzat Damoklesen ezpata izaten jarraitzen du. Eta ez da Txinaren esku dagoen arma teknologiko bakarra. Zor estatubatuarra kitatuz Ameriketako Estatu Batuen (AEB) ekonomia izorratzeko ahalmenaz gain, erraz gainditu ahal du Washington beste hiru frontetan. Hala dio Eve Ottenberg kazetariak “Counterpunch” agerkarian argitaratu duen ikerketa aski interesgarrian.
Aipatu hiru desafioek ondorio asko dauzkate, urtarrilaren 12an Trumpek Irani petrolioa erosten zion orori ezarri muga-zergekin ikusi genuen bezala. Indiak Iranekin zuen komertzioaren parte handi bat gerarazi zuen, berehala, baina, Txinak aurrea hartu eta orain irandar petrolio ia guztia erosten du. Akaso Washington Beijingi muga-zergak ezartzen ari da? Inolaz ere ez. Iranekin nahi beste harreman komertzial ditu, zigorrik jaso gabe. Eta ez dolarretan! AEBn mehatxuen lehen zantzuekin, 5.000 urteko zibilizazio honek galioa, germanioa, grafitoa, antimonioa eta beste lur arraroen esportaziorako kontrolak baliogabetu ditzake, eta, kito!, AEBko arma ekoizpenaren parte handia paralizatuko luke.
Nola egin dezake Txinak hori? Munduko lur arraroen %60 dauzkalako, eta gainerako %40a ia eskuragaitza delako. Are, munduko lur arraroen prozesatzearen %90 Txinan egiten da! Beraz, Beijingek saltzen dizkie Lockheed Martin, Raytheon eta beste arma ekoizle estatubatuarrei materialak, eta horiek gabe arma modernoak ezin dira ekoitzi. Besteak beste, radarrak, urpeko ontziak, F-35 gerra-hegazkinak, droneak eta misilak. Laburbilduz, Txinak AEBko defentsa kontratistak lepotik ondo helduta dauzka, eta ondo dakite hori guztiek.
PISTOLA AEBN BURUAN
Eta ez bakarrik arma ekoizleak. Ibilgailu elektrikoak, turbina eolikoak, ordenagailu eramangarriak, smartphoneak, inteligentzia artifizialerako azpiegitura, erdieroaleak eta datu biltegiak, den-denak dira Txinak bakarrik dauzkan lur arraroen mendekoak. Beraz, Trumpek Txina «%100 baino handiagoak diren muga-zergekin» mehatxatu eta Xi Jinping kostu itzelekin beldurtu nahi badu, horrek AEBko eguneroko bizitza, gailu informatiko modernoen mendekoa dena, paraliza lezake praktikan.
AEBko agintariak harroputzak dira beste batzuek ere boterea dutela aitortzeko orduan. 2025ean aski izan zen Txinak samarioa, lutezioa, terbioa, gadolinioa, disprosioa, itrioa, eskandioa, holmioa, tulioa, erbioa, iterbioa eta europioaren esportazioak mugatzen zituela esatea, Etxe Zuriko hainbat ergel kontura zitezen beren buruak pistola batekin apuntatzen ari zirela. Washingtongo arrain handiak ikaratuta esnatu ziren: ez zuten jada nazioarteko zigor ekonomiko itogarrien merkatua monopolizatzen. Gainontzekoa, historia da.
STARLINK HONDATU
Hori bai, Beijingek lur arraroen esportazioen kontrola eteteak ez zuen esan nahi lo zegoenik. Begira Elon Musken Starlink teknologiarekin gertatzen ari dena, behe orbitako sateliteen mendeko ezinbesteko tresna dena Ukraina, Iran eta Taiwan bezalako guda-zelaietako transmisio eta komunikazioetan. Errusiarrek Starlink nola interferitu asmatu zuten, eta ikertzaile txinatarrek Starlinken aurkako eskala handiko gerra elektronikoa simulatu zuten, Taiwanen pareko eremu batean teknologia interferituz.
Gero, Iranen aurkako operazioa etorri zen, ekaitzaren pareko altxamendu telegidatua izan behar zena. Ikuskizun zegoen Trumpek Persiako Inperioa bonbardatuko zuen ala ez. Oraingoz, atzera egin beharrean egon da, arrazoi askogatik: Teheranek irismen luzeko misil kopuru itzela du, aire defentsa errusiar eta txinatar efikaza, armada estatubatuarraren ontzietan zulo handi askoak irekitzeko ahalmena, eskualdeko hainbat base militarren kontrako tiro garbia, Israelgo lurraldeak suntsitzeko ahalmena ahaztu gabe.
Gainera, Moskuk eta Beijingek Teherani erakutsi zioten kontrabandoz Iranera sartutako 40.000 Starlink terminalak nola hondatu. Zehazki, Internet erabat blokeatuz, terminal horiek Gabonetako zuhaitzak bezala distiratzen utziz. Starlink gabe, irandarrak Kurdistanetik infiltratutako milaka komandoak atzematen hasi ziren, eta, horri esker, erregimena aldatzeko operazioa erori egin zen.

GILTZAK ESKUAN
Txinak AEB gainditu duen hirugarren eremu teknologikoa espazio informatiboaren segurtasunarena da. Estatu kolpe, erregimen aldaketa saio eta AEBko CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak bultzatutako koloretako iraultzen kontrako blokeoa da, sekulakoa. Eta horrela, Errusiak eta Txinak mundu multipolarrari bidea ireki diote, AEBn txotxongilo ez izatea eta bizirik irautea nahi duen edozein gobernuk jarraitu beharreko bidea.
XXI. mendean AEBk deliberatuki eta maltzurki erabili du espazio informatibo globalaren gainean duen nagusitasuna, zehazki, sare sozial estatubatuarren bidez. Baina Txinak eta Errusiak, urte eta lan askoren ondoren, espazio informatibo propioak segurtatu dituzte, setio eta deuseztatze saioak blokeatuz eta aurrerabiderako behar duten egonkortasun soziala lortuz. Eta beste herrientzat eredua ezarriz.
Sare sozial estatubatuarren aurrean alternatiba nazionalak sortu dituzte. «Mendebaldearen eraginpean dauden espazio informatiboetatik deskonektatzea beharrezko dutenean, deskonektatu ahal diren sare digitalak». Eta orain, itxuran, Iran lagundu dute hori lortzen, nahiz eta Errusiak eta Txinak ez bezala, Teheranek ziurrenik ez dituen oraindik «espazio informatibo seguruen azpiegitura fisikoak mantentzeko adina tekniko eta programatzaile».
Ondorioa bistakoa da: segurtasunaren funtsezko ardatz hori AEBren esku uzten duen herrialdeak prezioa ordaintzen du, infiltrazio politikoa, harrapaketa, erabateko kolapsoa jasanez. Horregatik eska dakieke Errusia eta Txinari, giltzak eskuan, AEBren mendeko sare sozialen alternatibak, azpiegitura fisikoa eta atariak, esportatzea, baita gerra elektronikorako tresnak ere, Iranek pairatutakoen pareko erasoen aurrean erabili ahal izateko.
Aztertutako hiru desafioak -lur arraroak, Starlink eta espazio informatiboaren segurtasuna- bidegurutze dira Mendebaldeko inperioarentzat. Itxuran, badaki, Errusiak eta Txinak, ezta Errusia-Txinak elkarrekin ere, ez dutela potentzia hegemoniko global izateko asmorik. Washingtoneko gerrazaleak horretara egokitu daitezke, edo beste errealitate zaplazteko bat behar dute? Batek jakin!



