GAUR8

Sexua eta desira mintzagai hitzaldi batean Zarautzen, Laura Moran sexologoaren eskutik

Sexua eta desira erdigunean jarriko dituen hitzaldia eskainiko du bihar Laura Moran adituak Zarautzen, Modelo Aretoan, ZarautzOn elkarteak antolatua. Gaiari zientziaren zorroztasunarekin eta umorearen gozotasunetik heldu nahi diote.

Laura Moran psikologo eta sexologoak eskainiko du hitzaldia Zarautzen.
Laura Moran psikologo eta sexologoak eskainiko du hitzaldia Zarautzen. (ZarautzOn )

‘Zergatik ez du gogorik? Eta larrua jotzearen inguruko beste kontu batzuk’ goiburu iradokitzailea dakar ZarautzOn elkartearen azken proposamenak. Biharko antolatu dute hitzaldia, Modelo Aretoan, 19.00etatik aurrera, eta gonbidatua Laura Moran Fernandez psikologo, sexologo eta familia terapeuta da.

Aurreratu dutenez, sexualitatea izango da solasaldiaren ardatz nagusia, eta gaiari «argi eta garbi eta mitorik gabe» heldu nahi diotela zehaztu dute. «Zergatik desira ez den beti berez agertzen, gizon eta emakumeei buruz ditugun ideia faltsuez, koitozentrismoaren prezioaz, aurretiazkoez edo aurreko aurretiazko faltsuez, orgasmoaz, klitoriaz eta eiakulazio goiztiarraz» hitz egingo dela zehaztu dute. 

Nabarmendu dute, halaber, ikuspuntu «errealista, zabal eta atsegin» batetik heldu nahi diotela gaiari, «erruak eta ezinezko itxaropenak arintzeko, eta harremanetan sexu plazera, komunikazioa eta gozamena berreskuratzeko».

Gonbidatua aurpegi ezaguna da dibulgazioaren arloan. Moran ezaguna da, batez ere, «sexualitatearen inguruko mitoak apurtzeagatik eta zientzia eta umorea uztartzeagatik».

Azpimarratu dute, urteetako esperientzia daukala terapia pribatuan, banakako zein bikote arazoak lantzen, eta «hobe informatzea eta trebatzea, sendatzea baino» leloaren defendatzaile sutsua dela.

Moranen inguruan erantsi dute aditu ezaguna dela zientzia dibulgazioan Naukas bezalako plataformetan duen parte hartzegatik, «non sexualitatea ebidentzia zientifikotik azaltzen duen». Moran, gainera, ohiko kolaboratzailea da irratian eta telebistan, adibidez Boulevard Radio Euskadiren saioan, eta ‘Orgas(mitos)’ liburuaren egilea da.