GAUR8

Pasaian ‘Finiren txokoa’ ireki dute, gizarte ekintzako zentro berria 60 urtetik gorakoentzat

‘Finiren txokoa’ ireki dute Pasaian. Antxon kokatuta, egoera zaurgarrian dauden 60 urtetik gorako herritarren arretarako zentroa da. Fini Rubioren izena darama, hark utzitako dohaintza eta borroka feministan eta babesik gabeko pertsonen eskubideen defentsan utzi zuen legatua oroituz.

Fini Rubioren memoria gordeten du zentro berriak.
Fini Rubioren memoria gordeten du zentro berriak. (Pasaiako Udala)

Atzo zabaldu zituen ateak Pasaian ‘Finiren txokoa’. Eguneko zentro bat da, «egoera ahulean, hauskorrean edota mendekotasun moderatuan dauden» 60 urtetik gorako herritarren arretara zuzenduta.

Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez, eta ordutegi horren araberako taldeak antolatu dituzte: 10.00etatik 13.00ak arteko bat eta 15.30ean hasi eta 18.30ak arteko beste bat.

Udal Gobernuak azaldu du erabiltzaileek astean bitan parte ahal izango dutela, «bakoitzaren nahi eta beharren arabera, arreta pertsonalizatu eta malgua bermatzeko helburuarekin». Talde bakoitzean 16 plaza egongo dira gehienez.

«Pasaiako Udala adinekoei arreta komunitarioa emateko garatzen ari den estrategiaren barruan kokatzen da Finiren txokoa, eta apustu argia egiten du pertsonarengan oinarritutako eredu baten alde, prebentzioa, autonomia pertsonala, hurbiltasuna eta komunitate-sarea oinarri hartuta», adierazi dute ohar batean.

Aintzane Taberna Ezkurra Gizarte Ekintzako zinegotziaren hitzetan, «adinekoen zaintza ezin da soilik zerbitzu gisa ulertu; harremanetan, auzoan eta komunitatean sustraitutako eredu bat behar dugu, pertsonek beren bizi-proiektua ingurune ezagunean garatzen jarraitu ahal izan dezaten».

Udaletik azpimarratu dutenez, helburu nagusia da «egoera ahulean edo mendekotasun moderatuan dauden Pasaiako adinekoei laguntzea, beren ohiko bizitzarekin jarraitu ahal izan dezaten eta komunitatean modu aktiboan jarrai dezaten, bakardade eta isolamendu egoerak arinduz».

Zentroak dinamizatzaile bat izango du eta burutuko dituen jardueren artean, osasun kognitiboa eta fisikoa lantzera begirakoak daude.

Arlo komunitarioa landuko duen teknikari baten laguntza ere izango du, dagoeneko Antxoko elkarte eta eragileekin kontaktuan dagoena, adinekoen eta komunitatearen arteko harreman eta lankidetza-bideak indartzeko».

Helburu horrekin, taldeak osatzen hasi direla zehaztu dute. Parte hartzeko, harremanetan jarri behar da Gizarte Ekintza Sailarekin.

Fini Rubioren legatua

Zentro berriari izena eman dion emakumearen oroimena azpimarratu du Udalak, hark utzitako legatuari esker izan baita posible zentro berriaren irekiera. Gogoratu dutenez, Josefina Rubio Tiok 2015. urtean bere ondasun eta eskubideen zati baten jaraunsle izendatu zituen Andoain, Hernani eta Pasaiako udalak. Pasaiari, 939.439 euroan zenbatetsitako herentzia egokitu zitzaion eta dohaintza horri esker jarri da martxan zentro berria.

«Fini Rubio kontzientzia sozial eta konpromiso politiko sakoneko emakumea izan zen. Valladoliden jaioa, Madrilen eta ondoren Euskal Herrian bizi izan zen, eta bertan ezkerreko feminismo abertzalean militantzia aktiboa garatu zuen», oroitu dute Udaletik.

Nabarmendu dutenez, «erbesteak, borroka feministak eta babesik gabeko pertsonen eskubideen defentsak markatu zuten» Paueko, Tolosako eta EHUko unibertsitateetan irakasle aritu zen Rubio. «Bere ibilbide osoan zehar ikuspegi kritiko, humanista eta solidarioa» transmititu zuela erantsi dute.