GAUR 8

Santiagok, Txileko hiriburuak, 485 urte bete ditu

Txileko hiriburu Santiagok 485 urte bete ditu gaur. Ospakizun ugari egingo dituzte, «antzinako lehen herrien kokalekuetatik hasi eta gaur egunera arte milioika txiletarren borroka sozialak, adierazpen kulturalak eta eguneroko bizitza» erakutsiz. 

«La fundación de Santiago», Pedro Liraren olio-pintura.
«La fundación de Santiago», Pedro Liraren olio-pintura. (Txileko Museo Historiko Nazionalaren Bilduma)

Santiago, Txileko hiriburua, 1541eko otsailaren 12an fundatu zuen Pedro de Valdiviak Mapocho haranean, Huelen muinoaren ondoan. Antzinako inken hiria delakoaren gainean egin zuen fundazioa, ikerketa arkeologikoen arabera. 485 urte bete ditu, beraz, espainiar konkistatzaileak Santiago de Nueva Extremadura izendatu zuen hiriak, hango jatorrizko bizilagunen borondatearen kontra, agidanez, hurrengo hilabeteetan ia suntsitu egin baitzuten haiek. 

Zenbait ikerketak zalantzan jarri dute Pedro de Valdiviak Santiago fundatu izana; diotenez, hura populatzera eta hiriaz jabetzera joan zen zuzenean.

Hiriaren urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari prestatu dituzte, batez ere Armen Plazan, bertakoentzat eta bisitarientzat, «antzinako lehen herrien kokalekuetatik hasi eta gaur egunera arte milioika txiletarren borroka sozialak, adierazpen kulturalak eta eguneroko bizitza» erakutsiz.

Izan ere, diotenez, «Santiago gure nortasun nazionala eratu duten adierazpen kultural, artistiko eta politiko anitzen bihotza ere bada. Santa Luzia muinotik La Alamedaraino, txoko bakoitzak erresistentzia eta itxaropen istorioak gordetzen ditu». Halaber, gertakari beltz asko ere bizi izan ditu: «sarraskiak, estatu-kolpeak, giza eskubideen urraketak, torturak eta desagertzeak». 

Euskaldunak Txilen

XVI. eta XVIII. mendeetan, iberiar Penintsulatik Txilera joan zirenen %27 Hego Euskal Herriko herritarrak zirela kalkulatu da. Herrialde hartan ezagutu den euskal elkarterik zaharrena Arantzazuko Kofradia izan zen, XVIII. mendekoa, ongintzarako sortua, premia larrian zeuden euskaldunei laguntzeko, hain zuzen. XIX. mendearen amaieran, Irurak Bat izeneko erakunde bat eta beste antzekoren bat ere bazeuden.

Euskal emigrante gehienak duela bi mende inguru hasi ziren Txilera iristen. Independentziaren aldeko bultzadarekin batera, ez ziren gutxi Txileko historiaren parte izango zirenak, beren euskalduntasunetik abiatuta, Miguel Laborde lapurtar jatorriko txiletarrak “Los Vascos en Chile, 1810-2000” liburuan dioenez. Lan mardul horretan, azken bi mendeetan txiletarrak eta euskaldunak lotu dituzten historia eta ekarpena aztertzen ditu. 

1912an Santiagon Euskal Etxea sortu zen eta 1931an Eusko Gaztedija. Bi erakundeen arteko harremanak, oro har, adeitsuak ziren, baina 36ko Gerrak bien arteko desadostasunen bat sorrarazi zuen. Gerra ostean, ika-mikak gainditu eta 1949an erakunde bakarra osatu zuten, gaur egungo Eusko Etxea, eta hurrengo urteetan hainbat arlotako beste zenbait gehiago.