
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten ‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi zikloak hiru saio eskainiko ditu urteko lehen lauhilekoan, otsailaren 24an, martxoaren 24an eta apirilaren 28an, eta eguzki-eklipsea, adimen artifizial kritikoa eta lodifobia izango dira hizketagai, hurrenez hurren.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, solasaldi guztiak 19.00etan izango dira, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, eta, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, zenbait arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia komunikatzailearen eskutik: Virginia Garcia Pena, Usue Mori Carrascal eta Mijo Lizarzaburu Garcia.
Egitasmoaren helburua da emakume zientzialariak ezagutzea, «zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu baitira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan».
Bada, lehenengo saioa otsailaren 24an izango da, eta Virginia Garcia Pena izango da hizlaria, ‘Eguzki-eklipse osoa, gertakari astronomikoa baino gehiago’ hitzaldiarekin. Abuztuaren 26an Euskal Herriko leku askotatik ikusgai izango den eguzki eklipse osoa izango du hizketagai.
Virginia Garcia Pena (Pasai Donibane, 1979) astronomoa da. Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide aktiboa da, eta dibulgazio eta hezkuntza proiektuak garatzen ditu. 2016an sartu zen Zuzendaritza Batzordean, eta Astronomia Departamentua zuzendu zuen 2018 eta 2023 bitartean.
Zortzi urtez aritu zen planetarista lanetan Eureka! Zientzia Museoan. 2021az geroztik, Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide da, eta federazio horrek sustatutako Astronomia Emakumeen Taldeko kide.
Usue Mori Carrascal izango da bigarren solasaldiaren protagonista, martxoaren 24an, eta ‘Adimen artifiziala, begirada kritiko batetik’ izenburua izango du. Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) Matematikan lizentziatua da, eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. EHUko irakasle agregatua da Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta akademiatik harago ere lan handia egiten du adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzeko.
Lodiaktibismoa
Hirugarren hizlaria, berriz, Mijo Lizarzaburu Garcia filosofo transfeminista eta lodiaktibista izango da, eta apirilaren 28an jardungo du. Solasaldiaren izenburua ‘Lodifobia, gorputzen diziplinamendua eta kontrol soziala’ izango da.
Mijo Lizarzaburu Garciak (Ondarroa, 1998) Filosofia, Zientzia eta Balioak doktorego programan parte hartzen du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), IAS-Research taldean. Horrez gain, militante feminista ezaguna da. Batez ere, lodifobia eta gorputzen diziplinamendua eta patologizazioa ikertzen ditu, estrategia politiko gisa.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19.00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren ‘Emakume zientzialarien argitan’ podcastean entzun ahal izango dira.
