Aitzpea LEIZAOLA

Aurpegia estali eta ingurukoak xaxatu

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Ergoienan, Andiarako bide bazterrean dago Unanu, ehun biztanle baino gutxiago biltzen dituen herri koxkorra. Bertako inauterietako pertsonaia nagusia, mamuxarroa da. Goitik behera zuriz beztiturik, behiala gizonezkoek neguan erabiltzen zuten barruko puntuzko galtza luzeekin, Galiziako edo Portugal iparraldeko hainbat mozorrotan gertatzen den modura, xafla koloreztatuz egindako maskara -edo bertan dioten moduan katola- hieratiko ederren atzean ezkutatzen dira gazteak. Haga luze bat eskuetan, koloretako xingoladun lastozko kapela edo zapi bat buruan, gerriko gorria edo beltza daramate. Soinean zeharka, zintzarri txiki sorta, panpalixak, lasterka egiten duenean mamuxarroaren nondik norakoaren berri ematen dutenak.

Bere kutsu enigmatikoa azpimarratu bada ere, xaxatzailea da zinez mamuxarroa. Mozorroa eta gainerakoak segidan bereizten dira inaute garaian. Mamuxarroek, bi metro luzeko hurritz hagarekin, herriko kaleetara ausartzen diren pertsona bakanen zangoak astintzen dituzte gogotik. Ez dira ezeren aurrean kikiltzen. Etxeko goxoan, leihotik begira direnengana balkoietara igo izan dira. Ez da harritzekoa denak lasterka ihesi joatea.

Mamuxarroekin batera muttuak ateratzen dira Unanun; emakume jantzi koloretsuak soinean, hauek ere aurpegia estalirik, eta, izenak dioen bezala, mutu. Aurpegia estaltzeak bermatzen duen anonimotasuna garrantzitsua da Unanu moduko herri txikietan. Hemen ere, emakumezkoak berandu sartu dira jokora, duela hamar bat urte.

Egun jende gutxi bizi bada ere urtean zehar Unanun, inauteria mantentzea lortu dute, bertakoentzat, heldu zein gazte, ospakizun garrantzitsua delako. Hala, herrian bizi ez arren bertako senitartekoak dituzten gazteak herrira itzultzen dira ohitura eraberritzera. Hemen ere, inauteriak herri identitatea sendotu eta komunitatea agerrarazteko balio du, modu sinbolikoan bada ere.

Mamuxarroak ikaragarri ezagun egin dira azken urteotan. Ikerlari, argazkilari edo kazetariek baino efektu handiagoa izan du Zetak taldeak. Bailarako musika taldeak, agertokietara eraman zuen mozorroa Mitoaroa ikuskizuneko kontzertuetan, Nafarroako beste herrietako inauteri pertsonaiekin batera.