GAUR8

25 urte Bitoriano Gandiaga «naturaren poeta» hil zela

Gaur Bitoriano Gandiagaren heriotzaren 25. urteurrena bete da. Mendatan jaiotako poeta XX. mendeko euskal olerkaririk handienetakoa izan zen, «naturaren poeta», Joxe Azurmendiren hitzetan. Arantzazura gazterik joan eta han bertan eman zuen bizitza osoa eta azken arnasa, orain mende laurden.

Bitoriano Gandiaga Arantzazun.
Bitoriano Gandiaga Arantzazun. (gandiaga.com)

Bitoriano Gandiaga Artetxe Mendatan jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. 13 urte zituela Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasketak egin eta, apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan.

1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta eskulanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko urtarrilaren 21ean hil zen Arantzazun.

Gaztetatik hasi zen olerkiak idazten –1950ean argitaratu zuen aurrena, Erriberriko Filosofiako ikasleen ‘Gure Izarra’ barne-aldizkarian–; ondorengo urteetan olerkiak idazteari eutsi zion.

Aldizkaritan kaleratu zuen Gandiagak olerki hainbat (180 inguru) edota multikopiaturiko sortetan zabaldu (175 inguru). Horiez gain sei liburu argitaratu zituen Gandiagak bere bizitzan: ‘Elorri’ (1962), ‘Hiru gizon bakarka’ (1974), ‘Uda batez Madrilen’ (1977), ‘Gabon dut anuntzio’ (1986), ‘Denbora galdu alde’ (1985) eta ‘Ahotsik behartu gabe’.

Euskal abeslariek, Gontzal Mendibilek bezala, Gandiagaren poema ugari musikatu (150etik gora) eta grabatu eta publikatu (100 inguru) dute.

Gandiaga web orrialdearen arabera, literatur idatzi ugari utzi zuen argitaratu gabe hiltzean; bere bizitzan argitaraturikoak baino askoz gehiago: horietako gehienak nahikoa landuak edo guztiz burutuak; hainbat, zirriborro moduan.

Idatzi guztien edizio kritikoa lantzearekin batera, eta argitaratu gabeko hainbat olerki eta testu bildu eta sailkatuz, aparteko bildumak argitaratu zituzten autorea hil ondoren: ‘Adio’ (2005), eta lau tomo monografiko biltzen dituen ‘Argitaratu gabeko poemak izenekoa’ (2006): ‘Euskalminez’, ‘Biziminez’, ‘Jainkominez’, ‘Izadiminez’. Gainera haren hainbat poema argitaragabe sartu zuten beste bi liburu hauetan: ‘Justizia eta bakea. Poemak eta otoitzak’ (talde-liburua, 2003) eta ‘Jaunarekin supazterrean. Gandiaga oroituz’ (Patxi Ezkiaga, 2003). 

Gandiagak bere bizitzan argitaraturikoen antologia zabalak ere argitaratu dituzte. Joxe Azurmendi (Zegama, 1941 - Donostia, 2025), filosofoaren bihotzeko laguna zen eta Gandiagaren azken egunak abiapuntutzat hartuta, bere lanik pertsonalena landu eta plazaratu zuen orain urte batzuk, ‘Azken egunak Gandiagarekin’ liburu mardulean. 

Gandiagari buruz «naturaren poeta da» zioen Azurmendik: inork ez bezala kantatu zion naturari, «gero bere barne munduko ibilbide espiritualen sinbolo bilakatu direnak».