
Urolako trenbidearen inaugurazio egunean Alfontso XIII.a Espainiako erregea eta guzti izan zen. Bazkari oparo baten ondoren, tren berria martxan jarri zuten. Zumarragan bedeinkatu zuen trenbidea elizbarrutiko prelatu Zacarias Martinezek eta, Zumaiaraino egin zuen ibilbidean, konboia zenbait herritan gelditu zen.
Garaiko kroniketan aipatzen denez, Loiolako geltokitik igarotzean, Santutegiko harmailetan apaiz ugari ikusten omen zen, trenari txalo egin eta musuzapiekin agurtzen.
XIX. mendearen azken hamarkadetan, Gipuzkoa, Bizkaia bezala, industrializazio-prozesuan murgilduta zegoen bete-betean. Lurrun-makina industrializazioaren adierazle nagusia zen: fabrika modernoetan beharrezko energia emateaz gain garraio-sisteman iraultza izan zen, trena eta lurrun-itsasontziak asmatu eta orokortu baitziren hari esker. 1864an Norteko Trenbidea inauguratu zen, Zumarragatik pasatuz, Gipuzkoan barrena Madril eta Paris lotzen zituena.
Urolako harana ez zen industrializaziotik kanpo geratu. Hasiera batean, batez ere goi-arroan zentratu zen, Legazpi, Zumarraga eta Urretxu inguruan, eta behe-arroan, Zestoa eta Zumaia inguruan. Lehenengoan, jarduera industrial nagusia siderometalurgikoa izan zen, Norteko Trenbideak lagunduta; eta bigarrenean zementu-fabrika eta ontzigintza, Zumaiako portuko trafikoak bultzatua.
Hala ere, bailaren erdiko zatia, eta bereziki, Azpeitia, industria-garapenarekin estuki loturik zeuden komunikazio-bide nagusietatik isolatuta geratzeko arriskuan zegoen. Beraz, bailarako herriek Zumaiako portura iritsiko zen eta merkantziak zein bidaiariak eramango zituen trenbidea eraikitzeko proiektua bultzatu zuten.
Zumaian Eusko Trenbideko Bilbo-Donostia linearekin lotu zen, eta linearen beste muturrean, Zumarragan, Norteko Trenbidearekin. Trenbideak zituen 36,613 kilometrotan 20 zubi, 29 tunel eta 13 geltoki zeuden. Geltokietako eraikinak estilo neoeuskaldunean egin ziren eta haien proiektuen egilea Ramon Kortazar arkitekto gipuzkoarra izan zen.
1950eko hamarkadan Olotzagako eta Agiñako geralekuak egin ziren. 1970eko hamarkadan, berriz, Danona altzari lantegiari zerbitzua emateko, geraleku txiki bat eraiki zen.
Garaiko gobernuak diru asko inbertitu zuen proiektuan, baina denborarekin trenbidea erabat ahaztuta geratu zen, eta, azkenean, 1986ean, itxi egin behar izan zuten. Zorionez, Euskotren konpainiak tren zaharraren instalazioak eskuratu zituen; 1926. urtean atondu bezala zeuden. 1989an museoa egiteko lanak abiatu zituzten eta ordutik gero eta eskaintza zabalagoa ematen saiatu dira; hala, 1998tik tren zaharretan paseotxo bat emateko aukera ere ematen dute.
Trenbidearen iraganaren lekuko dugu jatorrizko ibilbidea, egun bide berde bihurtu dena.

