GAUR8

Nekatur landa ostatuen elkarteak batzar nagusia egingo du bihar Diman

Nekatur EAEko landa ostatuen elkarteak batzar nagusia egingo du bihar, otsailaren 26an, Diman. Bazkideentzako lan bilera batekin abiatuko da batzarra eta ekitaldi irekia izango du ondoren, non ‘Nekatur Enbaxadore’ berria izendatuko duten: Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea.

Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea ‘Nekatur Enbaxadore’ izendatuko dute.
Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea ‘Nekatur Enbaxadore’ izendatuko dute. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Nekatur 220 landa turismo, landetxe eta landa apartamentu baino gehiago biltzen dituen EAEko landa ostatuen elkarteak batzar nagusia egingo du ostegunean, otsailaren 26an, Dimako Garena jatetxeko ekitaldi aretoan, eta, besteak beste, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea ‘Nekatur Enbaxadore’ izendatuko du.

Aurrekoetan bezala, topaketak bazkideentzako lan bilera izango du, eta elkartearen barne gaiak landuko dira.

Bileraren bigarren zatia prentsari eta agintariei irekia izango da, eta Korrontzi folk musika taldeko Agus Barandiaranek dinamizatuko du. 13.00etan hasiko den bigarren zati honetan, ‘Nekaturreko jardunbide egoki jasangarriak’ diplomen banaketa eta ‘Nekatur Enbaxadorea’ aitorpenaren lehenengo edizioa egingo dira.

Landa inguruneko turismoaren jasangarritasunarekin duen konpromisoan, EAEko landa ostatuetan politika jasangarriak ezartzeko lanean ari da Nekatur bere bazkideekin batera, eta, ildo horretan, ‘Jardunbide Egoki Jasangarrien Gida’ garatu du. Hala, batzar nagusian aitorpen diplomak emango zaizkie gida horretako jarraibideak osatu eta martxan jarri dituzten ostatuei eta urte honetan zehar Hobekuntza Jasangarrirako Ekintza Planean jasotako ekintzak gauzatzen jardun dutenei.

Era berean, ‘Nekatur Enbaxadore’ izendapenaren helburua da beren eguneroko lanarekin landa ostatuaren eta landa ingurunearen eredua dimentsio sozial, ekonomiko eta jasangarrietan indartzen duten pertsonen lana aitortzea, eta, aurten, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak jasoko du, ardo berezi hori berreskuratzen, indarrean jartzen eta proiektatzen egindako ibilbideagatik eta Bizkaiko lurraldea, paisaia eta landa nortasuna sustatzen egindako ekarpenagatik.

«Aitorpenak garrantzi berezia hartzen du mahastizaintza eta ardogintza sektoreak Bizkaiko Enoturismoaren sorrerarekin beste urrats estrategiko bat eman duen une honetan», adierazi dute Nekaturretik.