GAUR8

Ortografia-markei buruzko jarraibideen gaineko bost ikastaro antolatu ditu Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak ‘Ortografia-marken jarraibideak’ argitaratu ditu, eta horien berri emateko bost ikastaro antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan dituen egoitzetan eta Baionakoan. Alfontso Mujika euskaltzainak emango ditu ikastaroak.

Ikastaroak Donostian, Bilbon, Baionan, Gasteizen eta Iruñean izango dira.
Ikastaroak Donostian, Bilbon, Baionan, Gasteizen eta Iruñean izango dira. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Ortografia-marken jarraibideak’ argitaratu ditu ‘Euskara Batuaren Ortotipografia’ egitasmoaren barnean, eta, haien berri emateko, hiruna orduko bost ikastaro antolatu ditu martxorako. Alfontso Mujika euskaltzain osoak emango ditu ikastaro guztiak.

Akademiatik jakinarazi dutenez, ikastaroen helburu nagusia ortografia-marken jarraibideetako puntu nagusiak azaltzea da, hala nola zein diren ortografia-markak eta nola eta zertarako erabiltzen den bakoitza.

Zehazkiago, puntuazio-marken atalak hartuko du tarterik zabalena ikastaroetan, baina puntuazio-marka lagungarrien zertzelada nagusiak ere azalduko dira, baita marka diakritikoen inguruko zalantzak argitu ere.

Lehenengo ikastaroa martxoaren 9an izango da, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostian, 16.00etatik 19.00etara; martxoaren 11n Bilboko egoitzan izango da ikastaroa (16.00-19.00), martxoaren 18an Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan (Baiona, 09.00-12.00), martxoaren 23an Arabako ordezkaritzan (Gasteiz, 16.00-19.00) eta martxoaren 25ean Nafarroako ordezkaritzan (Iruñea, 16.00-19.00) egingo dira.

Informazio guztia eskuragarri dago Euskaltzaindiaren webgunean eta izen-ematea bertatik egin daiteke.