
Martxoaren 4tik 6ra ‘Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat» jardunaldiek EHUko Bizkaia Aretoa hartuko dute, zientzia horren ikuspegi integral bat emateko «eskala mikroskopikotik makroeskalara».
Edizio berriaren harira, gogoratu dute geologia ez dela paisaietan eta mendietan bakarrik agertzen, «eskala txikian ere azaltzen da, harea-pikorretan edo lurzoru buztinetan. Eskala txikiko azterketa hori egingo ez bagenu, interpretazio asko osatu gabeak edo okerrak izango lirateke».
«Eskala desberdineko ikuspegien konbinazioak Lurraren bilakaera hobeto ulertzeko, baliabide naturalak aurkitzeko edo material geologikoen portaera iragartzeko aukera ematen du», adierazi dute.
Hain zuzen ere, ikerketa horiek gizarteratzea du helburu asteazkenetik aurrera ospatuko diren jardunaldien 7. edizioak. Asteazken eta ostegunekoak Bizkaia Aretoko Baroja gelan izango dira eta aurrez aurre zein streaming bidez jarraitu ahal izango dira, EHUtb kanalaren bidez.
Laborategien lana
Mikrofosil, izotz eta uraren azterketa miskroskopikoak izango dira hiru hitzaldi eta tailer baten protagonistak. Alejandro Cearreta geologoa, Sergio H. Faria glaziologoa eta Iñaki Antiguedad hidrogeologoa dira jardunaldiek izango dituzten lehen hizlariak.
Ostegunean, mineralak eta sedimentuak izango dituzte aztergai. Andrey Ilin geologoak irekiko ditu jardunaldiak, Laura Damas eta Arantza Aranburu geologoek arroken azterketa azalduko dute, eta azken hitzaldia Ainhoa Alonso geologoak eskainiko du. Solasaldiak saio praktiko batekin itxiko dituzte.
Leioako Bizkaiko Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategietara egingo duten bisita-tailerrak itxiko du egitaraua ostiralean. Zehazki, BCB3ko IzotzaLab tenperatura baxuko instalazioa eta EHUko Geologia Saileko bi laborategi izango dira bisitatuko diren espazioak.
Sarrera libre eta doakoak dira jarduera guztiak, lekua bete arte, baina tokia izango dela bermatzeko izena ematea gomendatzen dute
