
Ia hurbilgaitza dirudien K-2 mendiarekin batera, Nanga Parbat neguko gailurrik ez zuen mendi bakarra zen. Planetako bederatzigarren mendi altuenak menderakaitza zirudien 2016ko otsailaren 26ra arte, Alex Txikonek eta bere sokalagun bik –Simone Moro italiarra eta Ali Sadpara pakistandarra– historikoa bihurtuko zen igoera lortu zuten egun horretan.
Hirugarren sokalaguna, Tamara Lungfer italiarra, gailurretik metro gutxira geratu zen, muturreko nekeak eta gonbitoek eragin zioten ondoezagatik.
Ordura arte, mendirik arriskutsuenetakoa igotzeko ahaleginetan aritu ziren neguko 29 espedizioak 7.800 metroan geratu ziren. Kontuan hartu beharreko beste datu bat: %22ko hilkortasun-indizea dago gailurrera iritsi direnen artean; horretatik, 1953an, lehen aldiz igo zenean, ‘Mendi hiltzailea’ ezizena eman zioten.
2016an, 35 urte zituen Alex Txikonek eta eskarmentu handiko alpinista zen ordurako. 21 urterekin iritsi zen lehen gailurrera, eta 2016rako hamar gailur lortuak zituen jada –11, egia esan, Shisha Pangmaren gailurrera bi aldiz igo zela kontuan hartuz gero–. ‘Mendi biluzia’ igotzen saiatu zen 2015ean, baina ez zen iritsi eta, urtebeteren buruan, erronka betetzea lortu zuen.
«Nola gauden? Jota baina pozarren», erantzun zion kazetariei Panga Parbateko IV. zelaitik, 7.200 metrora.


