Amerikako Estatu Batuak inoiz baino hobeto daude, inoiz baino indartsuago, eta nazioartean inposatu duen ezengonkortasunari esker, orain hasi dira bere herrialdea errespetatzen, Donald Trumpen arabera. Horixe Estatuaren Egoerari Buruzko hitzaldian zabaldu duen mezua.
Handikeriez harago, mehatxuek markatu dute hein handi batean ordubete eta 47 minutu iraun dituen hitzaldia: mehatxuak atzerrira begira, baina baita etxerantz ere.
Zentzu honetan, Trumpek Auzitegi Gorenaren aurka egin du berriz, honek bere muga zergen politika, atzera bota ostean, tartean Trumpek berak izendatutako bi epaile kontserbadoreen botoekin.
Ohi bezala, gezurrek ere ezaugarritu dute Trumpen hitzartzea, esan baitu herrialde gehienek berarekin adostutako muga zergak mantendu nahi dituztela, Trumpek ezar ditzakeen berrien beldur. Egiari zor, estatu gehienek eskatu diotena da errespetatzeko adostutakoa eta argitu dezala behingoz zein den bere politika arantzelarioa.
Eta Trumpen harropuzkeriei dagokienez, une esanguratsuenetako bat Kongresuko Ohorezko Domina ematerakoan heldu da. Aurten Koreako Gerran egondako beteranoetako batzuei eman diete. Bada domina eman ostean, Trumpek esan du berarentzako nahiko lukeela domina, eta merezi duela, baina presidente bezala ez diotela bere buruari ematen uzten.

