
Artista eta argazkilariek osaturiko familia batean sortu zen Sigfrido Koch Arruti. Aita Sigfrido Koch Bengoetxea zuen, eta haren ofizioa hautatu zuen semeak ere.
Argazkilaritzaren teknika Alemania, Belgika eta Holandan bereganatu zuen eta batik bat bere aita eta maisu izan zuenaren alboan ikasi zuen. Willy Koch Schöneweiss-en iloba zen, Donostiara iritsitako eta garai hartako kulturaren hainbat ordezkarien jatorri alemaniarreko erretratari paregabearena, hain zuzen.
Madrilgo Rasgo-Grey agentziarentzat aritu zen bost urtez eta publizitatearen munduan oihartzun handia lortu zuen. Bien bitartean, euskal kulturaren adierazgarri ziren Oteiza, Chillida, Aita Barandiaran, Nestor Basterretxea, Caro Baroja eta Urbeltzen erretratuak egin zituen,
10 argazki liburu argitaratu eta gai desberdinen inguruko film eta bideoak zuzendu zituen, baita hainbat ikusentzunezko ere, horien artean ‘Orreaga’ deritzona nabarmentzen delarik.
Hainbeste miresten zuen pintura inpresionistaren eraginak jaso zituen hasieran (Oteizak «piktorialista edo Wagnerianoa» zeritzon). Era berean, Hamiltonen estiloaren antzekotasunik ere badu. Argazkilari intuitiboa, ‘irudiaren poeta’ deitu izan zaio.
2010ean Koch familia erakusketa baten protagonista bihurtu zen Donostian eta, urte batzuen buruan, Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti aita eta seme argazkilarien bildumak jaso eta funts bat sortu zuten San Telmo museoan zaintzeko intentzioarekin. Argazki guztiak katalogatu eta digitalizatuko dituzte gerora gizarteari erakutsi ahal izateko. Gure Gipuzkoa webgunean, esaterako, ikusgai dituzue.

