Mina

Mina neurgailu unibertsala da. Kirolari ibilbidean ikasi nuen, baina bizitzak berak ere edozein esparrutan ikasgai gordin bezain argiak ematen dizkigu.

Mina sentitu dut kirolean zein bizitzako proiektuetan ahalegin guztiak egin arren kale egitean eta frustrazioak gainezka egin didanean.

Mina sentitu dut giharrak lehertzear izan ditudanean edo belauneko aurrelotailua apurtzean, min fisikoa, alabaina, are okerragoa etorkizun ilunak eragindako zalantza eta burutazioek harrapatu nautenean.

Mina sentitu dut CCOO sindikatua langile batzuen eskubideen izenean herritar guztien eskubideak urratzeko prest dagoela ikustean. Oraindik eta minberagoa egiten zait ikustea sobera direla urraketa horiek muturrera eramaten dituzten sasi-epaileak.

Mina sentitu dut EITB Maratoian Jaurlaritza bultzatzaile gisa harro agertzean, osasunaren kalterako makroproiektuetan herritarrei bildutako ehunka milioi euro xahutzen dituenean eta, aldiz, herritar berberek lehenen ardurapekoak diren ezinbesteko osasun-ikerketen alde borondatezko ekarpenak (bigarren aldiz) egin behar dituztenean.

Mina sentitu dut aurrez aurre kolpatu nautenean, hala ere, oinazea jasanezina egin zait ukabilkada saihetsetik edo gibeletik eman didatenean. Orduan, sumindura bihotz-sabelean iltzatu zait, ezin sakonago, betiereko.

Mina sentitu dut bikotekidearen mina sentitzean, erditzear ordu amaigabeetan, muturreko oinazeetan zaurgarritasunak erasoa, orro artean indartsu bezain ahul.

Mina sentitu dut erraietaraino senideari eta lagunari etorkizuna betirako okertu zaionean, inoiz berbera izango ez-eta, edo galdu dudanean heriotzan.

Mina neurgailu unibertsala da.

Barruak minez erreta daramatzazunean, ozpinduta bizi nahi ez baduzu, egin orro eta oka, eta kanporatu beldurrik gabe, askoz hobe sentituko zara, eta bai, nago une egokia dela benetako laguna alboan izateko.

Ezerk ez badizu minik ematen, kezka zaitez… •