GAUR8

Ehundaka hildako Israel eta AEBk «prebentibotzat» jo zuten erasoan

Israel eta AEBko armadek ehunka hildako utzi eta «prebentibotzat» jo duten «erasoa» egin zuten Iranen aurka larunbat goizaldean. Tartean, eskola bat ere bonbardatu zuten. Iranek bi estatuen aurkako erasoak egin zituen berehala misil balistikoekin.

Teheran hiriburua kolpatu zuten lehenik AEB eta Israelen erasoek, inolako jakinarazpenik egin gabe, eta milioika lagun euren lanetara edo eskoletara joaten ari zirenean. Bonbardaketak azkar ugaritu ziren Irango beste puntu batzuetan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ultrasionista izan zen lehena prentsaurrera ateratzen. Erasoa ospatu, larrialdi egoera ezarriko zutela jakinarazi, baina batez ere, erasoan AEBren babesa izan zutela nabarmendu zuen lehen ministro ultrasionistak.

Segituan iragarri zuen Trumpek berak tamaina handiko operazio militarrak abiatu zituztela Iranen aurka, praktikan gerra deklarazio bat, Kongresutik pasatu gabe beti ere.

Ali Jameneiren heriotza baieztatzeke zegoenean, jakina zen ehunka hildako utziko zituela AEBk eta Israelek egindako erasoak, batez ere zibilak.

Herrialdeko hegoaldeko eskola baten aurka egindako erasoan, 80 lagun baino gehiago lagun hil ziren gehienak adin txikiko neskatoak. Izua berehala zabaldu zen Iranen, eta ehunka milaka lagun hasi ziren modu kaotikoan hiri handietatik ihes egiten.

Iranen erantzuna aurrekaririk gabekoa izan da.

Larrialdi egoera ezartzearekin batera, sirenak berehala hasi ziren jotzen larunbat goizaldean Israelgo hiri nagusietan, Haifatik Tel Aviv arte, Jerusalem okupatutik pasatuz.

Israel osoan zehar misilen jaurtiketak baieztatu ziren eta armadak halakorik ez egitea eskatu arren, herritar asko aritu ziren kalteen berri ematen euren sare sozialetan.

Irango Guardia Iraultzaileak misilen jaurtiketa herrialde gehiagotara zabaldu dutela azaldu zuen jarraian.

Erasorik suntsitzaileena AEBko armadak Bahreinen duen basearen aurkakoa izan zen. Bertako Gobernuak baieztatu zuen irandar misil batek jo zuela azpiegitura, xehetasun gehiagorik eman gabe. Pertsiar Golkoko erresumetan AEBk dituen interesen aurkako eraso gehiago izan ziren egunean zehar.

Arabiar Emirerri Batuetan, Abu Dhabin izua zabaldu zen herritarren artean, Irandik heldutako misilek hainbat lekutan erortzen ari zirela entzutean. Qatarretik jakinarazi zuten hainbat misil suntsitu ostean, hondakinan gune zibilen gainean ari zirela erortzen.

Irango Errepublika Islamikoaren aliatu diren Yemengo huthiek Itsaso Gorrian aire espazioa itxiko zutela iragarri zuten eta inguru horretan ere eraso gehiago egotea espero da datozen ordu ala egunetan.