Gaur 8

Ho Chi Minh Ipar Vietnameko presidente bihurtu zen orain 80 urte

1946ko martxoaren 2an, Ho Chi Minh Vietnamgo Herri Errepublikaren presidente hautatu zuen Asanblada Nazionalak lehen bilkuran. Mugarri horrek, eta urte bete lehenago aldarrikatu zen subiranotasun adierazpenak, sendotu zuten poeta eta politikari honek independentziaren aldeko borrokan zuen lidergoa.

Ho Chi Minh, 1946 urtean.
Ho Chi Minh, 1946 urtean. (WIKIPEDIA COMMONS)

Iñaki Egaña historialariaren arabera, Ho Chi Minh XX. mendeko ikono handienetakoa izan zen. Nguyen Ai Quoc edo Ho Chi Minh politikari eta poeta Vietnamgo Herri Errepublikaren sortzailea izan zen, eta Ipar Vietnamgo lehendakaria 1954 eta 1969 artean. Gaur 80 urte behin behineko presidente hautatu zuen Asanblada Nazionalak, baina zerbait garrantzitsua falta zitzaien: independentzia. 

Datu bat: 1946ko ekainaren 12an Biarritzen eman zituen egun batzuk Vietnamgo behin-behineko gobernaburuak, hau da, Ho Chi Minhek, frantses Gobernuarekin Vietnamen independentzia negoziatzeko zain. John Saintenyrekin, frantziar Gobernuko ordezkariarekin, aurreakordio bat sinatu ahal izan zuen gero Parisen: Vietnamgo errepublikak bere armada eta parlamentua izango zituen, baina Frantziako Batasunaren menpe jarraituko zuen. 

Ho Chi Minh gogorra zen. Frantziako Alderdi Komunistaren kidea (1921). Komintern-eko V. Kongresuko kidea (1924), Vietnamgo hiru talde komunista batu eta, Indotxinako Alderdi Komunista sortu zutenean 1930ean Hong Kongen, berak hartu zuen alderdiaren lehendakaritza.

Bigarren Mundu Gerra garaian japoniarren kontrako erresistentzia antolatu zuen; gerra amaiturik, 1945eko abuztuaren 19an frantsesen aurkako matxinada orokorra gertatu zen.

1946ko irailean, azkenik, Vietnam osoaren independentzia aldarrikatu eta Hexagonoak onartu ez eta Vietnam hegoaldeko errepublika antolaturik, Indotxinako Lehen Gerra izan zen, Dien Bien Phu-ko garaipenarekin amaitu zena (1954). 

Vietnamgo Errepublika Demokratikoko lehendakari bihurtu zen.

Txikitatik elebiduna zenez, txinerazko dialekto nagusiak bazekizkien eta Txinako bigarren kartzelaldian bertsoz moldatu zuen euskarara ekarria izan zen ‘Kartzelako egunkaria’ mandarin hizkuntzaz idatzia da.