GAUR8

Joseba Sarrionaindia eta Euskaltzaindia Zaldibarren, Bitor Garitaonaindiari gorazarre egiteko

Bitor Garitaonaindia idazle, musikari, dramaturgo, kazetari eta euskaltzain zaldibartarra omenduko dute herrian bere jaiotzaren 150. urteurrenean. Euskaltzaindiak haren omenezko bilera egingo du Zaldibarren, zapatuan, eta Joseba Sarrionaindia idazleak literaturaz hitz egingo du.

Gotzon Gomez eta Eneritz Azpitarte, ekitaldien aurkezpenean.
Gotzon Gomez eta Eneritz Azpitarte, ekitaldien aurkezpenean. (Zaldibarko Udala-Gerediaga Elkartea)

Zaldibarko Udalak eta Gerediaga elkarteak ekitaldi sorta bat antolatu dute martxoan zehar Bitor Garitaonaindia herriko euskaltzaina omendu eta «zaldibartar ilustrearen» ezagutza zabaltzeko. Aurten 150 urte bete dira Garitaonaindiaren  jaiotzatik.

Zaldua plazako Zapatarikoa etxean jaioa, musika konpositorea, tenorea, antzerkigilea eta euskaltzain urgazlea izan zen zaldibartarra.

«Musikaren alorrean, Zamorako katedraleko maisu tenore izan zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuen XX. mendearen hasieran», gogoratu dute Garitaonaindiaren ibilbideaz. Baina kazetaria ere izan zen, euskaraz idazten zuen kazetaria. Izan ere, ‘Argia’ astekariaren sorreran parte hartu zuen. Gainera, Garitaonaindiak euskararen estandarizazioan jokatu zuen papera nabarmendu dute. 

Bitor Garitaonaindia zaldibartarra euskaltzalea, konpositorea, idazlea eta euskaltzaina izan zen. (Gerediaga Elkartea)


Euskaltzalearen ibilbidea oroitzen duen erakusketa egongo da ikusgai ostegunetik, martxoaren 5etik 15era arte, liburutegi zaharrean. Garitaonaindiaren idatzirikoak eta partiturak ikusi ahal izan dira bertan.  

Ostiralean, martxoaren 6an, pasa den abenduan euskaltzain zaldibartarraren omenez abian jarri zen ipuin lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta hitzordu handietako bat zapatuan izango da, hilaren 7an, Euskaltzaindiak batzarra egingo baitu Zaldibarren

Euskaltzaindia udaletxean

Udaletxean egingo du jendaurreko batzarra Euskaltzaindiak 12.00etan, euskaltzain urgazle izan zen Garitaonaindia omentzeko. Joseba Sarrionaindia idazleak ere hartuko du parte, zaldibartarraz eta Zaldibarko literaturaz hitz egiteko.

Martxoaren 14an, bestalde, kontzertua eskainiko du Donostiako Orfeoiak Zaldibarren, Olazarko frontoian, 19.30etik aurrera. Sarrerak bost euroan egongo dira salgai martxoaren 6ra arte udal liburutegian. 

Omenaldi ekitaldien aurkezpenean, Eneritz Azpitarte alkateak nabarmendu zuen diziplina ugaritan aritua izan zela Garitaonaindia: «Euskara, musika konposizioa, literatura, kazetaritza, ondarea...». «argi izpi zabal bat ekarri zuen dena egiteke zegoen garaian», adierazi zuen.

Gerediaga elkarteak antolatutako azken ikertzaile gazteen lehiaketak Bitor Garitaonaindiaren ibilbideari buruzko ikerlana saritu zuen. Pello Zabarte zaldibartarrarentzat izan zen saria, ‘Bitor Garitaonaindia. Euskal Pizkundean dagokion lekuaren bila» ikerketa lanagatik.

Garitaonaindiaren lana jasotzeak eta ikertzeak duen garrantzia azpimarratu du Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak. «Durangaldeko eta Euskal Herriko iraganaren ondare da Garitaonaindiaren ekarpena, Euskal Pizkundearen garaiko ezinbesteko pieza» azpimarratu zuen Gomezek, eta aipatu zuen oroimenerako ariketan pistak egon daitezkeela euskararentzat aldarrikatzen dugun pizkunde berri bat emateko.