Gaur 8

Marguerite Duras 30 urteren buruan: desira eta boterea klasiko batean

1996ko martxoaren 3an zendu zen XX. mendeko frantses literaturaren ahots berezi eta erradikalenetako bat. 30 urteren buruan, Marguerite Durasek bizi-bizirik dirau idazteko zuen indarragatik, desioa beldurrik gabe islatzeagatik eta boterearen eta giza harremanen inguruan zuen begirada deserosoagatik.

Marguerite Durasen lanak euskarara ekarriak izan dira.
Marguerite Durasen lanak euskarara ekarriak izan dira. (Edicions Poncians)

«Nik neuk nire desira errespetatzen dut», esan zuen Marguerite Durasek (1914ko apirilaren 4a Gia Dinh, Indotxina, oraingo Vietnam - 1995eko martxoaren 3a Paris). Gaur 30 urte bete dira idazle eta zine-zuzendari frantziarra zendu zenetik.

Frantziaren mendeko Indotxinan jaiotako idazle honek frantsesez idatzi zuen eta bertan bizi izan zen amarekin, 1932ra arte. Han bizitutakoak aintzat hartuta ‘Un barrage contra le Pacifique’ eleberria argitaratu zuen 1950ean. Lan horrek egin zuen ezagun.

Bigarren Mundu Gerran, Parisen bere senarrarekin-eta, alemaniarren kontra aritu zen; eta Alemaniara erbesteratu zuten senarra. Margueritek ihes egitea lortu zuen.

Existentzialista ere bazen hasieran; hauentzat gizakiak bere burua gauzatzen du bere esperientziaren bidez, ez dago aldez aurretiko paturik. Idazle bezala horrelakoa bazen hasieran, gero nouveau roman aldera jo zuen: idazleak argazki-kamera imitatu behar du, eta baita pertsonaiak deskribatu ere; baina psikologian oinarrituta epaitu ez, zeren uste dute epai horiek maizegi aurre-iritziz josita daudela.

Gerra amaiturik, gogotik ekin zion lanari Durasek: kazetari, zine-zuzendari, nobelagile, antzezlan-idazle, antzerki-zuzendari … Gerra-ondoko neorrealismoan kokatzen da hasieran. Neorrealismo honek errealitatea islatu nahi du, objektiboa izan, eta ez ditu atsegin alegoriak, fantasiak, abstrakzioa: ‘Des petits chevaux de Tarquinia’ da horren adibide.

‘Hiroshima, mon amour’ (1958, Alais Resnais) filmaren gidoia idatzi zuen eta gai bertsuen inguruan ibili zen beti: maitasuna, sexua, heriotza eta bakardadea. ‘Détruire, dit-elle’ argitaratu zuen 1969an, ‘L'Amour’ 19971n, eta ‘L'Amant’ 1984an (euskaraz, ‘Maitalea’; Mikel Garmendiak euskara ekarriz) eta, batez ere azken honek, arrakasta handia lortu zuen irakurleen artean eta, besteak beste, Goncourt saria lortu zuen 1984ko eleberri horrekin.

Klasiko bat bihurtu da eta, are gehiago, eleberri autobiografikoaren protagonista den txinatar dirudunaren etxea Sadec-en, Vietnamgo Mekong deltako hiri txikian, monumentu nazionala bihurtu da.

‘La douleur’ autobiografikoa plazaratu zuen 1985ean, 1945ean idatzia. Euskaraz irakurtzeko aukera daukagu: ‘Samina’ kontakizun-bilduma da, sei piezak osatzen dute liburua.