Espekulazioak igande iluntzean baieztatu zituen Irango Errepublika Islamikoak. Aurreko Lider Gorenaren semea, Mojtaba Jamenei, aukeratu dute herrialdeko Lider Goren berria izateko. Teheran bortizki bonbardatua izan den arren milaka eta milaka lagun atera dira Lider Goren berriari, bere babesa adieraztera.
Izan ere, Mojtaba Jamenei herrialdeko agintari politiko eta erlijioso goren bezala aukeratuz, Washington eta Tel Aviveri mezu argia jaurti diote: Ez dute soilik Errepublika Islamikoaren aukera babestu, baizik eta bide horretan sakontzea aukeratzen dutela, Mojtaba Jamenei Ali Jamenei aita baino erradikalagotzat jotzen delako. Beste modu batera esanda, AEBk eta Israelek baldintzarik gabe amore emateko emandako aginduari, entzungor egingo diote.
Masud Pezeshkian Irango presidenteak bezperan iragarri zuen, «baldintzarik gabeko errendizioarena», israeldarrek eta estatubatuarrek «hilotzara eramango duten amets bat» baino ez dela.
Donald Trumpek «onartezintzat» jo du Mojtaba Jameneiren izendapena, eta argiki esan du buruzagi berriak ez duela «asko iraungo» haren onespenik gabe. Alegia, Mojtaba Jamenei bera ere akatzeko aukera mahai gainean jarri duela Etxe Zuriko maizterrak.
Israelek, ordea, gehien gustuko duen moduan erantzun dio Jameneiren izendapenari: bonbardaketak gogortu ditu asteburuan zehar eta azpiegitura zibil eta energetikoak gogor kolpatu ditu.
