
Peloponesoko Gerra Grezia klasikoan, K.a. V. mendean, eman zen gatazka belikoa izan zen. Zehazki, K.a. 431 eta 404 urteetan gertatu zen, eta greziar munduaren nagusitasuna lortzeko helburuarekin borrokatu zuten Atenasek gidatutako Deloseko Liga Esparta buru zuen Peloponesoko Ligaren aurka.
Atenas Grezia Kontinentalaren hego-ekialdean dagoen Atica izeneko eskualdearen gune historiko nagusia zen. Itsasertzeko hiriak eta Egeo itsasoko uharteak Ligara gehitu zituzten, eta Egeo Itsaso osoa kontrolatzea lortu zuen. Esparta, berriz, Peloponesoko penintsulan zegoen kokatua, Eurotas ibaiaren ertzean, eta Peloponeso eta Itsaso Jonikoaren kontrola mantentzen zuen, honen bitartez Italia eta Mediterraneo Mendebaldearekin merkataritza egiten zuelarik.
Borroka luzeen ondoren, Atenasek K.a. 404an amore eman zuen, eta errendizio horren baldintzak sinatu ziren, hau da, gaur egungo Greziako hiriburua Espartako sistema politikoaren menpe egongo zen, eta Espartatik maneiatu zen guztien kanpo-politika.
Baina bake akordio baten arrastorik ez zegoen. Noiz sinatu zuten? 1996an, modu sinbolikoan, noski. Urte hartan, bi hirietako alkateak Esparta zaharraren hondakinetan ekitaldi sinboliko baten bildu ziren eta bi hirien arteko bakea aldarrikatu zuten: «Gaur gure samina adierazten dugu antzinako Greziako bi hiri nagusien arteko gerra suntsitzailearen ondorioz, eta bere amaiera deklaratzen dugu», zioen adierazpenak.
Dimitris Avramopoulosek, orduko Atenasko alkateak –egun Migrazio, Barne Gai eta Herritarren Europako komisario da–, adierazi zuen bi hiriek gaur egun «mirariak egin ahal izango lituzketela bakoitzak bere antzinako idealak elkartu izango balitu».
