
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materialak+Teknologiak Taldeko ikertzaileek bi parametro identifikatu dituzte material galerak kontrolatzeko eta ihesak geldiarazteko lurpeko tangak eraikitzeko, industriak plastikozko pikorrak itsasora isurtzea saihesteko. Gainera, isurketen araudian erraz txerta daitezkeen euste-neurriak proposatu dituzte.
EHUk emandako datuen arabera, urtero 1,7 milioi tona plastiko iristen dira itsas inguruneetara hondakin gisa. Berez duten degradazio motela dela eta, plastikoak itsaso eta ozeanoetan metatzen dira, «eta ez dakigu metatze-erritmo horrek zer ondorio izango dituen epe luzera».
«Mikroplastikoak (5 milimetrotik beherakoak) kezka handia sortzen ari dira, edonon aurkitu daitezkeelako eta elikadura katean sartzeko gai direlako», gogoratu dute EHUtik.
Materialak+Teknologiak Taldeko ikertzaileek jatorri industrialeko mikroplastikoetan jarri dute arreta. «Orain arte, batez ere mikroplastikoen itsas jatorria aztertu da (arrantza-sareetatik, gaizki kudeatutako plastikozko objektu handiagoen zatiketatik, eta abarretatik datozenak); gainera, gaur egun, gero eta gehiago hitz egiten da nekazaritzatik datozen mikroplastikoez. Hala ere, industriek mikroplastiko-kutsadurari egiten dioten ekarpenari buruzko ezjakintasun nabarmena dago; adibidez, lehengai gisa erabiltzen direnetatik edo eraikuntzan isolamendu termiko gisa erabiltzen direnetatik eratorritakoen inguruan», adierazi du Amaia Mendoza doktore, ikertzaile eta irakasleak.
Europako Batzordeak kutsadura mota hori kontrolatzeko neurriak jasotzen dituen lehen erregelamendu bat egin badu ere «gaur egun ez dago nazioartean onartutako analisi-parametro estandarizatu ofizialik. Gainera, ez ditu industriatik datozen bestelako mikroplastikoak barne hartzen», gaineratu du.
EHUko taldeak identifikatutako bi parametroak erraz sar daitezke plastikoaren industriako isurketa-baimenetan. «Lehen urrats gisa, parametro horien analisiak euri-uretako erreferentzia-mailak baino balio handiagoak emango balitu, bigarren instantzian egiaztatu beharko litzateke benetan pelletak dauden ala ez», azaldu du.
Plastikoaren industriako euri-uren sareetan isurketak kontrolatzen diren puntuetan parametro horiek zaintzea «estrategia tekniko eta ekonomiko onuragarria da granulu-isuriak prebenitzeko, eta onuragarria da, halaber, ingurumenarentzat», nabarmendu duenez.
Horrekin lotuta, ikerketa taldeak zenbait neurri proposatu ditu «mota horretako ihesak geldiarazteko», besteak beste, lurpeko biltegiak erabiltzea, «hidrokarburo ihesei eusteko eta bereizteko lurpeko biltegiak erabiltzen diren bezala».
Flotazio bidez bereizi
Isuritako mikroplastikoak flotazio bidez bereiziko lirateke. «Isurketei buruzko araudian dagoeneko erabiltzen diren neurriak eta tresnak dira. Oso erraz eta merke sar daitezke mikroplastikoak bota ditzaketen industrietan. Baina kontuan hartu beharko lirateke industria-mota horretan isurketa-baimena emateko unean», dio Mendozak.
Aipatu du, halaber, neurri hori bera beste mikroplastiko industrial batzuekin erabil daitekeela, «hala nola zuntz sintetikoak erabiltzen dituzten ehungintza-enpresek isuritakoekin, edo kosmetika industrietan erabiltzen diren mikroesferekin». Dena den, itsas ingurunea inbaditzen duten mikroplastikoen jatorri industriala ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du.


