
Txaro Tomasena 1946ko martxoaren 13an jaio zen Urnietan. Lau neba-arrebetan neska bakarra zen eta gaztetan ez zuen jarduera fisikorik egiten.
«Hirurogei urte inguru zituela ikasi zuen serio igerian eta 69 urterekin, bizikletan ibiltzen. Txaro Tomasenarentzat (Urnieta, 1946), osasunak laguntzen duen bitartean, ez dago mugarik. Gibraltarko itsasartea igerian zeharkatu dutenetan adinez nagusiena da Tomasena. 77 urterekin lortu du balentria», irakurri genuen 2023ko abuztuaren 19an Amagoia Mugikak egin zion elkarrizketan.
Kirolari hau izan zen egun hartako GAUR8ko azalaren protagonista. Bere neoprenoarekin, irribarretsu agertzen da uretan.
Txaro Tomasena: «Senarra ezagutu nuenean (bera oso mendizalea zen) elkarrekin mendi txangoak egiten hasi ginen. Mundua ezagutu dugu oinez, Himalaiara adibidez bi aldiz joan gara. Igeri egiten hasi nintzen kotxe istripu baten ondoren. Errehabilitazioa behar nuen eta gorputza zaintzeko igeri egiten hasi nintzen. Itsasoa beti gustatu izan zait eta eta konfiantza hartu nuenean lagun batekin Getaria-Zarautz zeharkaldia egitera animatu nintzen. Orduan hasi nintzen igeriketa entrenamenduekin. Taldean erronka pilo bat egitera animatu nintzen. Erronka bat duzunean gehiago eskatzen diozu zeure buruari, eta niri gustatzen zait, oso diziplinatua naiz eta. Erronka zailak gustatzen zaizkit».
69 urterekin txirringaz ibiltzen ikasi zuen triatloiak egin ahal izateko. 2017ko apirilean Zeelanda Berrira joan zen, Aucklandera, ‘World Master Games’ joko olinpikoetara.... eta aurten urrezko lau domina irabazi ditu Espainiako Neguko Igeriketa Masters Txapelketan: 400 metro krol, 200 metro krol, 100 metro krol eta 100 metro bular modalitateetan irabazi ditu, 80 urtetik gorako kategorian.
2023ko elkarrizketa hartan aholku bat bota zigun: «Dena egin daiteke eta inoiz ez da berandu. Zure gorputza eta burua maitatu eta zaindu behar dituzu».

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»
Mendi buelta bat
