Asier Aiestaran
Kazetaria

Arraunaren etorkizunari buruz hiru ikuspuntu

Ion Larrañaga, Jone Oliban eta Jon Salsamendi «Arraunaren etorkizuna: Nora goaz?» galderari erantzuten saiatu dira Getariako Arraun Elkarteak 50. urteurrena ospatzeko prestatu duen egitarauko lehen ekitaldian. Hona hemen laburpen oso laburtu bat.

Ion Larrañaga, Jone Oliban, Kepa Iribar eta Jon Salsamendi, herriko elkarteak irabazitako banderez apaindutako Getariako Udaleko osoko bilkuren aretoan.
Ion Larrañaga, Jone Oliban, Kepa Iribar eta Jon Salsamendi, herriko elkarteak irabazitako banderez apaindutako Getariako Udaleko osoko bilkuren aretoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Getariako Arraun Elkarteak 50. urteurrena beteko du aurten, eta mende erdia merezi moduan ospatzeko hainbat ekitaldiz osatutako egitarau oparoa antolatu dute. Aurrenekoa otsailaren 12an egindako mahai-inguru interesgarria izan zen, “Arraunaren etorkizuna: Nora goaz?” izenburupean. Kepa Iribar kazetaria aritu zen gidari lanetan, eta, iritzia ematen, arraun munduan ibilbide luzea egin duten hiru pertsona: Ion Larrañaga, Getariako entrenatzailea; Jone Oliban, Deustuko entrenatzailea eta KAE elkartearen presidenteordea; eta Jon Salsamendi, Bermeo-Urdaibaiko entrenatzailea.

Abiapuntu bezala, eta etorkizunera begira jarri aurretik, moderatzaileak arraunaren gaur egungo egoeraz hausnarketa bat eskatu zien hiru hizlariei. «Uste dut desberdindu behar dela gizonezkoen eta emakumezkoen arraunaren artean, eta baita traineruen arrauna eta oinarrikoaren artean. Emakumezkoen arrauna nahiko asentatuta dagoela esango nuke, oraindik hazten eta fitxa kopurua igotzen, gero eta gutxiago baina oraindik goraka. Eta talde kopurua ere mantendu egiten da oraingoz. Mutilen arrauna bai dirudi inflexio puntu batean dagoela. Badirudi azken urteotan gero eta gizon arraunlari gutxiago ditugula, eta bai klub, bai federazio, bai ligek horren inguruko gogoeta bat egin behar dute arraunaren behar horiek zein diren ezagutzeko», ekin zion solasaldiari Jone Oliban bizkaitarrak.

Larrañaga ere bat etorri zen «inflexio-puntua» aipatzerakoan. «Uste dut erabakiak hartu behar diren une batean gaudela. Ikusten dira joera batzuk: haur gutxiago, arraunlari gutxiago, beteranoen gorakada... Badakit arraun munduan denok bat etortzea ezinezkoa dela, baina bai izan daiteke une garrantzitsu bat bide zuzena aukeratu eta aurrera egiteko. Egia da arrauna bandazo-ka ibili dela urte askoan, orain norabide bat hartu, gero bestea... Eta horregatik iruditzen zait dela esertzeko momentua. Hasi umeetatik eta beteranoetaraino, arraun munduan zerikusia duten faktore guztiak kontuan hartu eta denok gustura egoten saiatzea. Arraunari duen garrantzia ematea», eskatu zuen Zumaian, Hondarribian edo Kaikun ere arraunean ibilitakoa den getariarrak.

Jon Salsamendik, azkenik, gauzak testuinguruan ulertu behar direla aldarrikatu zuen, askotan nagusitzen diren irakurketa ezkorrak erlatibizatuz. «Iritzi batzuk entzunda badirudi momentu apokaliptiko batean gaudela eta arraunik gabe geldituko garela. Baina zerekin egiten da konparaketa? Historiako zer momenturekin? Duela hamar urte baino traineru gutxiago daude uretan? Bai, noski. Kopurua KAE2 maila horrek markatzen du eta hori ezin da eztabaidatu. Baina duela 20-30 urterekin konparatzen badugu? Edo beste kirol batzuekin? Entzuten dut: ‘gazte asko daude baina gero seniorretarako jauzia iristen denean asko erortzen dira’. Nola dago gizartea gaur egun? Zergatik saltzen dugu arrauna horren negatibo? Zeren askotan, nola saltzen duzun egoerak ere, eragina du».

Eta hauxe oriotarrak galdera horiei eman zien erantzuna: «Nik bi alaba ditut igeriketa egiten dutenak. Ikusten dituzu benjaminak, alebinak, infantilak... 15-16 urtera arte igerilari piloa dago. Baina maila absolutuan eskuko hatzekin konta ditzaket zenbat dauden. Txirrindularitzan ere, non dago jende asko? Quebrantahuesos-en. Baina Gipuzkoako Ziklo-kros Txapelketan? Atletismoan non dago jendea? Behobian. Baina Gipuzkoako Kros Txapelketan? Zazpi senior. Gizartea horrela dago. Hori ez da ez ona ez txarra, baina ulertu beharra dago. Eta arraunera etorrita, erabakiak hartzen direnean hori dena kontuan hartu behar da, eta ez bakarrik une bakoitzean nori zer datorkion hobeto».

Aretoa leporaino bete zen. (Andoni CANELLADA / FOKU)

HARROBI LANARI BURUZKO GOGOETAK

Lehen hitzartzeetan argi geratu zen arraun munduko kezka nagusia harrobian dagoela, arraunlari gazteen kopuruan eta motibazioan. KAE2 Ligan, adibidez, gizonezkoen hirugarren mailan, hemezortzi traineruk hartu zuten parte 2017an; iaz sei bakarrik izan ziren. Logikak dio kantitateak kalitatea ekarriko duela berekin, baina uste horri zenbait ñabardura egin zizkioten adituek.

«Uste dut aldaketa baten sintoma dela, eta gure inguruak edo gure lehengaia denak aldaketa bat izan badu, gure egiturak aldaketa aztertu gutxienez egin behar du. Eta erantzun bat eman. Erantzuna izan daiteke ezer ez aldatzea, edo zerbait ajustatzen saiatzea. Baina gutxienez gogoeta bat zabaldu beharko da. Aipatu da hemezortzi traineru zeudela garai batean, baina orduan ere irakurketa ez zen positiboa. Kanpotik begiratuta agian bai, arraunlari asko zeudelako, baina liga hori jokatu zutenentzat ez zen esperientzia batere positiboa izan. Atsedenak izaten ziren, puntuazioak ere ez ziren ulertzeko errazak... Ahalik eta gehien ez da beti ahalik eta hoberen. Helburuak kantitatea baino kalitatea izan behar du. Daudenek kalitatea badute eta pozik badabiltza, jarraituko dute aurrera; baina kantitatea jartzen bada aurretik, daudenak erreko ditugu, ez da erreleborik egongo eta arazotan egongo gara», ohartarazi zuen Olibanek.

Larrañagak, bere aldetik, gaztetxoen estropadak zaintzearen garrantzia azpimarratu zuen. «Bizitza aldatzen ari da. Lehen Getarian futbolik ez zegoen. Pilota, arrauna, eta beste ezer ez. Oraingo gazteek zenbat kirol egiteko aukera dute? Agian pasa gara bitik hogeira. Goitik jo dut, baina izan liteke. Eta duela 25 bat urtez ari naiz, ez gehiago. Fokua goian jarrita dago, eta behean ez daukagu txiskero bat ere pizteko. Batzuek jarraituko dute asko gustatzen zaielako, baina besteek ikusten badute estropadak jokatzeko baldintzak ez direla egokiak -kale batera, leku desegokietan, kale arteko diferentzia handiak... lehen mailan gaur egun gertatzen ez direnak- atea itxi eta beste nonbaitera joango dira. Eta hori ez da telebistan ikusten. Beraz, garrantzitsua da oinarrian ere fokua jartzea. Txikiagoa nahi baduzu, baina kandelekin ibili behar ez izatea behintzat».

Alde horretatik, batelen egutegia jarri zuen adibide moduan. «Umeek neguan entrenatu eta jokatu behar dituzte estropadak? Neguan badakigu euri ‘pixka bat’ egiten duela, badakigu itsasoa nola egoten den. Baimenak eskatzeko eta abar, lautik hiru bertan behera gelditzen dira. Nik uste udan umeak erakartzea askoz errazagoa dela, eguraldi onarekin, 21.30-22.00ak arte argi dagoela... Noski, horrek beste aldea ere badakar. Udan horiekin norbaitek ibili behar du lanean. Balantzan jarri beharko dira bi alderdiak: Nola erakarri gehiago? Zenbat jende behar da lanerako?»

Eta Salsamendik gazteekin lan egiteak suposatzen duenari heldu zion, Orio eta Bermeo bezalako bi errealitate erabat desberdin ongi ezagutzeak ematen dion talaiatik. «Niri galdetu izan didatenean beti defendatu izan dut klub batean harrobia lantzeko dagoen egiturak ezin duela egon lehen ontziak egiten duenaren baitan. Harrobiaren lanketa klub baten zutabe nagusietako bat da, bakoitza bere filosofiarekin, eta bere egonkortasuna bermatuta izan behar du, aurrekontuetatik hasita. Eta alderantziz ere bai, goi mailan dagoen exijentzia ezagututa, goikoek ezin dute egon pentsatzen ea behekoak nola dauden edo haiei zer komeni zaien. Harrobia ez dut uste klubaren erantzukizuna bakarrik denik. Hor udaletxeak, gurasoak, bazkideak eta lagundu dezakeen edozein sartu behar da. Ezin zaio unean uneko entrenatzaileari edo zuzendaritzari erantzukizun guztia jarri klub horretan harrobia lantzeko».

Salsamendi, mahai-inguruaren une batean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

KUPOEN GAI ARANTZATSUA

Traineru liga nagusiek harrobiko lana bultzatu nahian erabiltzen duten tresna bat kupoen araua da, taldeei gutxieneko etxeko arraunlari kopuru baten erabilera derrigortzearena. Kopurua igotzen joan da, eta, aurten, “harrobiko” bost arraunlari sartu beharko dira ontzian zazpi “propio” izanez gero, eta sei “propio” bakarrik sartuz gero, denek “harrobikoak” izan beharko dute. TKEren araudiak klub bateko “harrobiko” gisa hartzen ditu lehen fitxa bertan egin zuten arraunlariak, eta “propio” gisa “harrobikoak”, talde horretan gutxienez hiru denboraldi jarraian daramatzatenak, edo gutxienez lau urtez geldirik egon ondoren arraunean egiteari berriro ekiten diotenak.

Araudi horrek lehiaketa orekatzen lagundu dezakeela onartu arren, Larrañagak eta Salsamendik zalantza egin zuten benetan harrobia bultzatzeko balioko ote duen. «Arraunean horrenbeste zailtasun ditugunean, kupoen gaia oso delikatua da. Arraunlari falta, arraunlari gero eta zaharragoak, jende beti berdintsua... Oso zaila iruditzen zait. Ideala denak harrobikoak izatea litzateke, baina arraunak aurrera egiteko zer behar duen ere begiratu behar da», iritzi zion getariarrak. «Aurreko etapan Bermeon egon nintzenean lau urteetan bigarren ontzia atera genuen, eta infantil, kadete eta jubeniletan, neska eta mutil, batela aurkeztu genuen Euskadiko Txapelketan. Horretarako nahi izan behar da, eta horrela ere agian ez da lortuko, baina aurretik nahiak egon behar du. Harrobiaren aldeko konpromisoa, aukerak ematekoa, nire ustez ez da erakusten soilik kupo bat ezarrita. Hori barruko konpromiso bat da», gaineratu zuen oriotarrak.

Jone Olibanek, aldiz, bai uste du bestela harrobia landuko ez luketen klub batzuei lan horri ekiteko bultzada izan daitekeela. «Kuporik ez badago badakigu ze klub motak daukan gaitasun gehiago arraunlariak erakartzeko eta zer klubek sufrituko duten. Zer klubek formatuko duten jendea eta zer klubek baliatuko duten besteen lana. Ni kupoen alde nago. Ez nuke jakingo kopuru bat zehazten, baina zerbait behar da. Une askotan talde batzuk egon dira ez dutenak harrobiko lan hori egin, ezta derrigortasun hori egonda ere. Bermeo aipatu denez, egon da urteren bat ez duena batelik aurkeztu ligako estropada bakarrean ere, eta lehen taldea goian dena irabazten. Beraz, nik uste dut harrobia lantzera bultzatzea klubak zaintzeko modu bat ere badela, bestela ez delako erreleborik egongo».