Eskutik eskura

Duela hilabete batzuk, kilika lehenik, irrika ondoren eta bizipoza ordutik sentitu ditut sabelean, eta, orain, ilargi betearen antzeko nago. Aurreko igandean, amamari eta amari bizkarretik helduta irten nintzen kalera, eta, egun gutxi barru, “Xiberutikan mendebaldera” abiatuko den Korrikan lekukoa hartuko dugu hiru belaunaldiok esku berberekin, goxo eta tinko. Hilabeteotan zenbat kontutxo kontatuko ote genizkion elkarri, dilistatxo baten tamainakoa zinenetik, ekografia batean zure eskua lehen aldiz ikusi genuen arte, zeharo hunkituta. Hamaika kantu abestu dizkizut, eta amak eta amamak beste horrenbeste; bueno, hemendik aurrera amama eta birramama izango dira. Hauxe oilo ipurdia. Nire barrenean egin nizun tokia eta zuk, zeure egin duzu. Orain bat gara eta laster, bi, lau, euskal belaunaldi more. Laster jaioko zara, Maule, “Xiberuko” hiriburua bezala, ikimilikiliklika, euskara garela aldarrikatuko dugu hamar eguneko akelarrean, eta Maixux eta Erramunen herria zeharkatuko dugu kantuz kantu eta kontuz kontu. Gure herriko kaleak morez margotzen ditugun indar berberaz, mundu hau guztiona eta guztiontzat dela sinetsiz eta sinetsaraziz.
Euskara gara. Horri aldarrikapena esaten zaio eta gure herria horretan jaioa da. Kantatzen duen herria gara, kantu bat gara, euskara gara, hango eta hemengo euskaldunak gara, euskal herritarrak. Gure kantuek egiten gaituzte herri, eta irri, elkarrekin abesten dugunean gure ahotsek bat egiten dutelako, eta, txikiak izan arren, eskasak ez garela sinesten dugulako. Euskara eta feminismoa ere, belaunaldiz belaunaldi helarazi dizkizugu, kantuz kantu eta aldarriz aldarri; lekukoa ekografian agertu zen eskutxo horrek eutsi beza, behin birramamaren eskuek eutsi zuten bezalaxe. Kirioak dantzan zituela, urduritasunak eskuak gaur egun bezain dardarti jarri zizkion, eta urtetan debekatuta egondako hori guztia ikusi zuen bere begien aurrean ospakizun gai. Zorion malkotan alabarekin batera egin zituen metro batzuk, eta, gehiago ezin izan zuenean, bidetik irten zen, beste batzuek korrika jarraituko zuten lasaitasun patxadatsuaz. Birramamak ahopeka abestu behar izan zuen umetan, euskara izan eta esan ezin zitekeen garai ilun batean jaio baitzen. Zorionez, euskaldunon izaera bihurriari esker, bazekiten ilunpetan argi ibiltzen, eta, gaizto-gaiztoak adi ez zeudenean, kantu, kontu eta dantza aritzen ziren. Euskararen lekukoa belaunaldi berrietara irits zedin, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik; gure eskuetan dago eta bere eskuetan gaude. Korrikak bezala, batzuetan elurteak, ekaitzak eta etsipena gainditu ditu euskarak, tinko eta brinko gaur egunera arte.
Marimoreak gara. Emakumeon eskubideak ere zalantzan jarri izan dituzte zenbaitek behin edo behin, eta oraindik ere badira jartzen dituztenak. Galdetuko didazu: amatxu, baina zergatik? Eta nik ez dizut erantzuten jakingo, egia esan, ez dakit zergatik. Helduok, gurasook, ez daukagu den-denaren erantzuna. Argi daukadana da, hori ez dela bidezkoa, eta, horrexegatik, aldarrikatu egin behar dela. Birramamaren garai ilun hartan, kalera irten eta protesta egitea debekatuta zegoen, eta, gaur egun, munduko txoko askotan oraindik ere debekatua dago. Amamaren garaian, ordea, protestek eta manifestazioak kaleak hartzen zituzten asteburuero eta bidegabekeriei mingaina ateratzen zien amamak, gazte eta errebelde. Ezetz esaten zion estatu eta sistema zapaltzaileari, ezetz matxismoari, ezetz arrazakeriari, eta, baietz, berdintasunari. Eta tantaka, olatu morea osatu zuten gaurdaino dirauen itsasgorarekin. Maule, zu ere emakumea zara, azkarra edo motela, trebea edo traketsa, langilea edo alferra, eta, edonolakoa izanik ere, askea. Pertsona guztiek izan beharko luketen bezala. Hori ere aldarrikatu eta abesten dugu: feminismoa aurrera, matxismoa atzera! Gure ahotsek bat egiten dutenean sentitzen den zirrara eder horrek besarkatuta.
Nondik nora. Ene, Maule, hau da hau mundua! Nondik zatozen kontatu eta kantatu dizut, baina nora zoazen zure esku baino ez da egongo. “Bidaia berri baten bila” abiatu ginen, eta, bazatoz, bidaia honetan gure bidelagun izatera, eskutik oratuko digun laugarren belaunaldia. Gure aldarriek gaur arteko bidea egin dute, zureak zeintzuk izango diren, nora eramango zaituzten, ez dago jakiterik. Baina jakin, gure eskuak beti izango dituzula euskarri eta babes, zure jaiotzaren lekuko izango gara, eta, zu, gure aldarrien emaitzarena. Hartu gure eskuak, hartu arnasa sakon eta kontatu, kantatu, hori baino aldarri ozenagorik ez dago eta. “Irrintzi zahar bat aho gaztetan”, ongi etorri, Maule! •


