Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Txuleta bat edo bi?

Txotx eta txotx, gustura dago sagardotegira joan den berrogei bat urteko emakumea. Euskal Herriko herri batean sortua da, baina ez du euskaraz egiten. Bere etxetik sagardotegira, 24,5 kilometro eta mundu oso bat. Beste planeta batera bidaiatzea bezalakoa da. Bazkaltzera baino, esperientzia bat bizitzera joan da, gero Instagramen partekatzeko -hamar bat urte kenduko dizkion filtro batekin-.

Bazkari guztia darama zerbitzatzen ari zaien gazte euskaldunari jakin-minez begiratzen. Taldean badute euskaraz egiten duen bat eta harekin egiten du batez ere zerbitzariak. “Eskerrak” pentsatu du berekiko, bestela nola demontre konpondu behar zuten sagardotegian lanean dagoen euskal indigena horrekin? «Txuleta bat edo bi?», galdetu die gazteak eta burua lehertu zaio kasik. Zer demontre esan nahi ote du? Indigena hauek ez direla normalak pentsatu du berekiko eta penaz begiratu dio, gajoa. «Txuleta bat edo bi?», berriz galdera. Baina ez dauka ideiarik zer esan nahi duen eta taldeko euskalduna ez dago mahaian. Sagardotegian, orduak aurrera joan ahala, zaila da mahaian inor topatzea. Begira-begira jarri eta jakin-min antropologikoz galdetu dio: «¿Pero, sabes castellano?». Segur aski, seguruen, ziurrenik, jakingo du. Eta baita irakurtzen eta idazten ere.

Haurrak ginenean eta amari lehenengotik kasurik egiten ez genionean -haur gehienen bizioa-, oso serio jarri eta galdetzen zigun: «Zer ari naiz, txineraz?». Orduan orain baino urrutiago zegoen Txina eta ez genuen pentsatzen mandarina ikasteko aukerak gaur bezain eskura egongo zirenik. Sagardotegira joandako emakume horrentzat euskara gure amarentzat mandarina zegoen distantzia berera dagoela pentsatu dut. «Txuleta bat edo bi?». Osea, ze hizkuntza zaila euskaldun indigena hauena. Eskerrak bakailaoa eta txuleta gobernatzen onak diren.

Mandarin-txinera Txinako hizkuntza handiena da. 939 milioi hiztun baino gehiago ditu eta munduan jatorrizko hiztun gehien dituen hizkuntza da. Guztizko hiztunak kontuan hartuta, bigarrena da mundu osoan, ingelesaren ondoren.

Baina Beijingo Gobernua ez dago lasai nonbait eta “Elkartasun Nazionalaren Legea” onartu berri du, mandarinak Txinako hizkuntza nagusia izaten segi dezan tinko. Txinan berrogeita hamar etniatik gora daude eta haiek beren hizkuntzak dituzte, oso txikiak mandarinarekin konparatuta. Hala ere, txikiak izan arren, arriskutsu ikusten ditu Beijingek eta agindu garbia eman du: eskoletan mandarina ezarri behar da beste hizkuntza txiki horien gainetik, derrigorrez. Eta gurasoek seme-alabak bultzatu behar dituzte mandarina hitz egitera. Albora utzi behar dira gutxiengo etnikoen hizkuntzak -mongoliera, uigurra eta tibetarra adibidez- eta mandarin-txineraren alde egin behar da. Hori omen da elkartasun nazionala, lehendik goran dagoen hizkuntza gehiago goratzea eta gutxiengo etnikoen hizkuntza txiki eta eskas horiek albora uztea. Postaletan oso eder geratzen da Txina kultur-anitz hori, baina horren gainetik dago batasun nazionala, hori da mezua. Hizkuntza txikiak eta txorakeriak!

Ezaguna egin zait jokabidea. Ez dut mandarina ulertzen, baina tamalez ondoegi ulertu dut batasun nazionalaren grina hori. Txinan ere txakurrak oinutsik eta batasun nazionalaren aldarriak hizkuntza txikien gainean, zapaltzaile eta birrintzaile. Nolakoak ote dira Txinan sagardotegien parekoak? Haietan bai exotikoa norbait mongolieraz entzutea... •