Asier Aiestaran
Kazetaria
Elkarrizketa
Malou HENRIKSEN

«Ezin du jarraitu izaten horren arraroa norbaitek hemengo hizkuntza ikastea»

Irakurleak agian sega txapelketaren batean ikusiko zuen bere izena: Malou Henriksen. Danimarkan jaioa, Ingalaterran hazia eta Parisen hiru urtez lan egindakoa, duela 15 urte iritsi zen Euskal Herrira. Primeran hitz egiten du euskaraz, berehala ikusi zuelako integraziorako ezinbestekoa izango zuela.

Noiz eta nola iritsi zinen Euskal Herrira?

Hamabost urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen, 2011an iritsi nintzen. Lanarengatik etorri nintzen, zientzialaria naiz. Eta egia esan nik uste nuen Espainiara nindoala. Hona etorri aurretik nik ez nekien ezer Euskal Herriari buruz. Aukera sortu zenean, lagun batzuei galdetu nien, ea ezagutzen zuten "San Sebastian" eta esan zidaten oso polita zela, eguraldia oso eskasa... Baina nik sangria espero nuen, paella eta horrelakoak. Baina ni urtarrilean edo otsailean iritsi nintzen, eta kontrakoa aurkitu nuen: eguraldi euritsua, leku oso desberdina... Hasieran pentsatu nuen frantsesarekin moldatuko nintzela, mugatik oso gertu zegoelako, gero ezagutu dut Iparraldea. Zeren ni hona etorri aurretik Frantzian bizi izan nintzen eta frantsesez nahiko maila ona neukan. Edo ingelesarekin. Baina konturatu nintzen ezetz, eta gazteleraz eta euskaraz ikasten hasi nintzen. Garai horretan kanpotar dezente zeuden zientzia arloan lan egiten, baina administrazio arlokoen artean ingelesaren maila ez zen oso ona. Euskaraz ez zen askorik egiten une hartan eta gaztelera ikasten hasi nintzen. Baina gero, kalean, konturatu nintzen hemen bizitzeko euskaraz jakitea inportante zela. Ez dakit zehazki zergatik, baina uste dut Euskal Herriarekin eta euskal kulturarekin apur bat maiteminduta geratu nintzela. Eta konturatu nintzen euskaraz jakitea garrantzitsua zela hemen bizitzeko eta euskal kultura ulertzeko. Eta euskaltegian hasi nintzen euskara ikasten. Goizeko 08.00etan joaten nintzen, lanera joan aurretik. Autobusean ere memoria txartelekin hitzak ikasten nituen. Pisukide euskaldun bat ere baneukan, eta gaur egun pentsatzen dut erreferente moduko bat izan zela orduan niretzat: Eneko Malatsetxeberria. Berari esker etxean liburuekin egoten nintzen euskara ikasten eta nire galderekin zirikatzen: ‘zergatik deklinatzen da aditz hau horrela?’ eta antzekoak. Eta poliki-poliki euskara harrapatzen joan nintzen. Eta orain pozez esan dezaket euskaldun berria naizela, edo euskalduna naizela, eta euskaraz bizi naizela.

Zu Danimarkan jaioa zara, baina uste dut Ingalaterrara joan zinela txikitan.

Lau urterekin joan nintzen familiarekin Ingalaterrara bizitzera. Nire ama daniarra da. Danimarka oso herrialde txikia da, eta nire amak nahiko nekatuta amaitu zuen, eta Ingalaterrara joan ginenean danierarekin ez jarraitzea erabaki zuen. Nik danieratik ingelesera aldatu nuen hizkuntza eta nire ama hizkuntza ingelesa bilakatu zen.

Antzekotasunak badituzte danierak eta ingelesak?

Ez, ez, oso desberdinak dira. Daniera eta suediera antzekoak dira eta bat jakinda bestea agian uler daiteke, baina ingelesarekin ez dauka antzarik.

Gero frantsesa ere ikasi zenuen.

Bai. Uste dut gaur egun uzten badidazu Frantzian moldatu naitekela, etxera itzuli naiteke (barreak). Frantzian hiru urtez bizi izan nintzen, Parisen, eta nolabait moldatu nintzen. Nik uste hizkuntzekin ez dudala lortzen perfektua izatea, baina nire maila bizitzeko nahikoa da.

Euskal Herrira iritsi aurretik bazenekien zerbait euskarari buruz?

Ezer ez. Lotsa ematen dit aitortzeak, baina ez nekien ezer. Egia da Euskal Herriari buruz zerbait entzungo nuela, beste arrazoi batzuengatik, baina euskarari buruz, hizkuntzari buruz, ez nekien ezer. Oso kuriosoa da. Gaur egun, turismoarekin pentsatzen dut zerbait gehiago jakingo duela, baina nik lehen ez nekien.

Iritsitakoan zein izan zen zure lehen inpresioa? Euskara deskubrimendu bat izango zen, ezta?

Bai, hizkuntza eta kultura. Agian Enekori esker izango zen, baina egia da joaten ginen leku guztietan euskara entzuten nuela. Ikatz kalea, tabernak... horrelako lekuak beti zeuden lotuta euskararekin. Eta gero egin genuen laneko lagunekin kanpotarren beste kuadrila bat: errusiar bat, ukraniar bat... Asko gustatzen zitzaigun mendira joatea eta hor ere leku batzuetan euskara behar zenuen ongi moldatzeko. Duela 15 urte zen, oso urruneko kontua dela dirudi, baina nik oroitzapen hori daukat. Egoera asko aldatu dela esango nuke.

Eta gazteleraz? Bazenekien zerbait etorri aurretik?

Ez. Agian frantsesetik etorrita errezagoa zen gaztelera ikastea, badaudelako hitz batzuk antzekoak direnak eta gramatikalki forma antzekoak. Baina uste dut gaur egun aditz deklinabideak eta horrelakoak hobeto egiten ditudala euskaraz gazteleraz baino. Hasieran esfortzu handiagoa egin nuen euskaraz ikasteko gazteleraz ikasteko baino. ‘Yo hice, el hizo..’ horiekin beti nahasten naiz, ez diot zentzurik aurkitzen. Euskaraz, behintzat gramatikalki, errazago moldatzen naiz.

Hizkuntzak ikasten esperientzia baduzu, beraz. Askotan aipatzen da euskaraz ikastea zaila dela. Hala al da?

Ez dut uste. Egon daiteke hizkuntzak ikasteko zailtasuna duen jendea, batzuk erraztasun handiagoa izan dezaketela beste zerbaitetarako, arte kontuetarako adibidez. Baina hizkuntza bezala ez dut uste besteak baino zailagoa denik. Azkenean, gogoa badaukazu edo beharra badaukazu hizkuntza bat ikasteko, ikasiko duzu. Nik hor ikusten dut desberdintasuna. Nik kristoren gogoa neukan euskara ikasteko. Donostian bizita eta orduko lagunekin beharra agian ez, baina nik Euskal Herrian bizi nahi nuen. Nire lanpostua hasiera batean hiru urterako zen, baina hemen horren pozik nengoenez, ba ikusi nuen hemen geratzeko euskaraz ikasi beharko nuela. Eta horretarako ordu asko sartu nituen. Eta gero egoera zailetan salto hori egin behar duzu. Agian hasieran kalean norbaitekin euskaraz hitz egitea ez da erraza izango, baina berdin du ez baduzu ongi egiten. Saiatu eta azkenean lortuko duzu.

Beste mito bat da euskaldunok itxiak garela. Baina era berean esker onekoak euskaraz ikasten dutenekin, ilusioa egiten digulako. Hala bizi izan duzu zuk?

Bai, askotan entzuten dut hori eta eskertzekoa da. Polita da eta poza ematen dit horrek. Baina beste aldetik pentsatzen duzu ‘noiz lortuko dugu horrelakorik ez entzutea?’ Uneren batean aldatu beharko du egoerak. Ezin du jarraitu izaten horren arraroa norbaitek hemengo hizkuntza ikastea. Euskal Herrian bizi bazara, niretzat oso normala da hemengo hizkuntza ikastea. Beraz, bai, polita da baina era berean pena ere ematen dit.

Askotan aipatzen dugu hizkuntza batek mundu berri bat irekitzen duela. Euskarari dagokionez, bertsolaritza aipatu ohi da adibide moduan. Zuk hala sentitu zenuen?

Niri euskarak dena eman dit. Gaur nire bizitzako bikotea, Tolo, euskalduna da, nire bi alabak euskaldunak dira, Andoainen bizi naiz eta andoaindarrei esker andoaindarra sentitzen naiz, hemengo kultura ezagutzen dut, euskarari esker lagun berri asko egin ditut, bizitza guztirako lagunak... Eta euskaraz jakin gabe ezingo nukeen hori dena lortu, edo ez behintzat nik nahi nuen moduan.

(Jon URBE / FOKU)

Ingurua ere garrantzitsua da. Ikusi izan zaitugu sega lehiaketetan, beste herri kirol batzuetan... Uste duzu integraziorako garrantzitsua izan zela euskara?

Hor eskerrak eman behar dizkiot gure auzokideari. Nik ez nuen herri kirolen mundua ezagutzen Andoainera iritsi aurretik. Gogoratzen naiz Donostian bizitzen jarri eta lehenengo urtean joan ginela herri kirolak ikustera festetan, baina ia brometan bezala. Baina gero ikusten joan nintzen garrantzia daukala landa eremuetan. Gaur egun jada ez dago gure artean, baina Juanitori (Lopez de Munain) esker ikasi nuen sega erabiltzen, eta bere familia beti esku zabala izan da nirekin, herri kirol munduan sartzeko aukera izan nuen. Gero Almitza Sega Elkartea ezagutu nuen eta bertako kideek ere beti oso ongi hartu naute. Euskaraz ez dakien batek ere egin dezake herri kirola, noski, baina uste dut euskarak laguntzen duela lasaiago egoten, lagunak egiten. Horretarako inportantea da euskara ezagutzea.

Kuriositatez, jarraitzen duzu segan?

Jarraitu nahi dut, baina ez daukat denborarik. Bi urteko alaba bat daukat, besteak ia sei ditu, baserrian bizi gara eta beti dago lanen bat egiteko... kontziliazioa zaila egiten da.

Eta Korrikaren aitzakian bildu garenez, gogoratzen zara Korrika nola deskubritu zenuen?

Nire lehenengo Korrikarekin gogoratzen naiz, bai. Orduan Hernanin bizi nintzen eta lagun batekin gelditu nintzen pote batzuk hartzeko, kalimotxo batzuk, gero korrika egin genuen Donostiara, eta gero parranda. Super-ondo pasa nuen eta ordutik bi urtez behin Korrikan parte hartzen dut. Aurten, adibidez, urtebetetzeko opari moduan nire bikoteak kilometro bat erosi du. Horregatik, Noainera goaz, larunbatean goizaldeko 04.00tan korrika egingo dugu. Landetxe bat hartu dugu eta lagunekin goaz. Hunkigarria izango da, badakit ziur negar egingo dudala. Beti izaten da momentu oso polita, bai telebistaz ikusten edo bertan korrika egiten. Ikusten dituzu belaunaldi berriak ere euskaraz hitz egiten... oso polita da.

Euskara ikasteko zalantza horretan dagoen norbaiti zer aholku emango zenioke?

Zaila egiten zait galdera horri erantzutea. Alde batetik euskara ikastea errespetu kontu bat bezala ikusten dut. Frantziara joaten bazara normala izango da frantsesa ikastea, bertako hizkuntza delako, ba hemen berdina da. Eta bestetik, zergatik ez? Hizkuntza oso polita da. Nik asko gozatu dut euskaraz ikasten. Gustatzen bazaizu hizkuntza metodologia, gero hitz bat ikusten duzunean konturatzen zara zer polita den. "Sagardotegi" hitza adibidez: sagar, ardo eta tegi. Hiru hitz batzen dituzu eta beste bat sortzen duzu. Horrelako pila bat daude eta kalean zabiltzanean asko ikusten dituzu. "Okindegi", adibidez. Horregatik, begiak apur bat irekitzen badituzu eta horrelakoetan fijatzen bazara nire ustez errazagoa egiten da euskaraz ikastea. Esperientzia polita da, ate asko irekitzen ditu. Beraz, animatu!