«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»

Laura Ré Lozanorentzat baieztapen borobila da euskarak mundu oso bat eman diola. Laguntasuna eman dio, komunitatea, lana, bizitzeko beste ikuspuntu bat, kultura berri bat, ohitura berri batzuk... Finean, bizitza oso berri bat.
2018ko ekainaren 28an iritsi zen Euskal Herrira eta handik astebetera Antxoko jaiak ziren, sanferminak. «Ondoren AEK Txirritara etorri nintzen euskara ikasteko zer aukera zeuden galdetzera. Irailean hasi nintzen. Baina udaran tabernari ibili nintzen eta bertan ardoak, kafeak eta horien prezioak ikasi nituen. Eta poliki-poliki, gauza gehiago».
«Ni Murtziakoa naiz, Lorcakoa, eta Burgosera joan nintzen ikastera. Hor konturatu nintzen lehen aldiz Euskal Herriak presentzia zeukala. Hemengo pertsona bat ezagutu nuen eta hona etorri nintzen pare bat aldiz. Karrera bukatu nuenean zer egin erabaki behar izan nuen eta esan dezaket ikaskide ia guztiek masterra egin zutela eta nire masterra euskara izan zela», kontatu du irribarrez.
«Goizean lanean aritzen nintzen zortzi orduz eta arratsaldean klasera. 2018ko irailean A0 mailan hasi nintzen eta kurtso berberean A1era igotzea proposatu zidaten. Hurrengo kurtsoan B2ra pasa ninduten zuzenean eta B1 ere gainditu nuen. Inguru oso euskalduna neukan eta jendeak bere hizkuntza ez aldatzen saiatzen nintzen. Beti izan dut xuxurlarien laguntza eta beti eskatzen nuen, mesedez, euskaraz aritzeko. Zorte handia izan nuen horretan ere eta bat-batean euskaldun bihurtu nintzen!».
«Euskara nire hizkuntza da, beraz, euskalduna naiz, eta euskal herritarra ere bai, hemen bizi naizelako», baieztatu du. Era berean, sentitzen du jada inoiz ez dela Murtziakoa izango eta batzuentzat hemengoa ere ez, baina bera bertakoa da eta hala sentitzen da, «gainera oso harro».
MURTZIAN, ARDI BELTZA
Murtzian ardi beltza sentitzen ez, eta hemen ez. «Murtzian inoiz ez naiz etxean sentitu. Horrek ez du esan nahi ez dudala lagunik. Nire lagun-mina bertan daukat, ia nire familia osoa bertan dago, baina inoiz ez dut sentitu ni lasai eta pozik bizitzeko lekua zenik. Burgosen berdina pasa zitzaidan. Orduan, hona etorri arte ardi beltza nintzela onartu nuen eta horrela sentituko nintzela leku guztietan. Bat-batean Euskal Herrira etorri nintzen, Oarsoaldera, Pasaiara, Antxora, eta hemengoa sentitu nintzen ia lehen momentutik. Asko gustatzen zait herri hau, hemengo komunitatea, kultura, eta nahiz eta nik hori ez jaso hasieratik, hemen etxean sentitzen naiz».
ZINEGOTZIA PASAIAN
Euskara, Kultura eta Partaidetzako zinegotzia da Pasaiako Udalean eta izugarri ikasi du hiru urteotan. «Administrazio publikoaz aparte, beste gauza asko. Nire herria are gehiago maitatzen lagundu dit, oso pasaitarra sentitzen bainaiz», dio barrez. «Oso herri polita daukagula sentitzen dut, benetan. Oso-oso anitza da. Errealitate ezberdinak ditu, ez soilik barrutien artean, barruti bakoitzean ere bai. Eta ikaragarria da hemen komunitateak zer egiten duen. Hori niretzat ‘earra’ da! Horrek egiten gaitu Pasaia».
Bere lehengo lana %100 euskaraz Klak Gazte Ahotsan egin zuen. Sare sozialetan aritzen den proiektu komunikatiboa da. Eta nolako harrotasuna izan zen beretzat lehen aldiz bizitzako arlo guztiak euskaraz bizitzea. Familiarekin hitz egiten zuenean kenduta, dena euskaraz zen.
“Bertikala” eta “Zozoak beleari” podcastak ere egin ditu, podcasten euskarazko eskaintza zabaltzeko asmoz.
Hainbat esparrutan militatu du Rék. Burgosen mugimendu feministan hasi zen. «La Manada kasua tokatu zitzaigun eta Burgosen gure kide baten ama hil zuten. Oso-oso garai gogorrak izan ziren. Oso gorrototik eta haserretik gogoratzen ditut. Iruñera joan ginen La Manada kasuaren kontuagatik. Gero Altsasu ere tokatu zen. Gero, hona iritsi nintzenean, euskalduna ez nintzen bitartean ez nuen militatu espazio horien hizkuntza errespetatu nahi nuelako. Baina gero, jada euskaldun edo pixka bat euskaldunago bihurtu nintzenean, gazte mugimenduan hasi nintzen eta Euskal Herriko mugimendu feminista izan da agian nire esparru nagusia. Herrian, txandak egiteko eta laguntza eskaintzeko beti prest egon naiz eta asko gustatzen zait hori, maite dudalako komunitatetik egiten dena eta horren parte izatea».
KORRIKAREN LEKUKOA
2019an, Antxoko Topaguneak lekukoa eramatea eskaini zionean, ez zekien Korrika zer zen ere. «AEKn kontatu zidaten, baina ez neukan ikusita. Eskaini zidatenean, nik denari baietz esaten diodanez, jakina, baietz erantzun nuen. Pila bat eskertu nuen, baina Antxo oso txikia da eta hemendik Korrika ziztuan pasatzen da. Orduan, gogoratzen dut Euskal Herriko Mugimendu Feministako bandera neramala eta lagun batek esan zidala: ‘Hemendik pasako da eta furgoneta pasa bezain laster norbaitek emango dizu lekukoa’. Niretzat abstraktua zen hori guztia. Pasa zen furgoneta, sartu nintzen, eman zidaten lekukoa eta ni korrika furgonetaren atzean. Oroitzen naiz polikiago joateko esaten zidatela denbora osoan. Esan zidaten La Anunciata ikastetxeari eman behar niola lekukoa, eta nik pentsatu nuen: sartuko dira ni sartu naizen moduan. Baina ez ziren sartu, ez nekien zer egin behar nuen eta bat-batean esku batzuk ikusi nituen nire gainean lekukoaren bila eta hala eman nuen. Niretzat oroimenik onena da!», deskribatu du irri batean.
Bere euskalduntze prozesu honetan politena izan da ez zekiela zer egiten ari zen, baina egiten ikasi du. «Gehien gustatzen zaidana da Euskal Herria zer den ikasi dudala egiten, eta oroimen oso politak ditut lehenengo urte horienak, non hori guztia ikasten ari nintzen».
Laura Réri ez zaio gustatzen euskara zaila dela entzutea. Baieztapen horrek kalte egiten digula uste du. «Ez dut esango erraza denik, baina gaztelania ez banu izango oso zaila irudituko litzaidake gaztelania ikastea. Ez dut ulertzen baieztapen hori eta amorrua ematen dit gure buruari jartzen diogun oztopo bat delako, eta, gainera, euskaldun berriei etengabe esaten diegun gauza bat. Topiko hori hautsi behar dugu, ez delako egia».
Zer ongi egiten duen eta zer meritu duen aipatzea ere lekuz kanpo dagoela iruditzen zaio. «Gaztelania ikasi duenari ere esaten diogu? Euskara ikasi duenari zergatik?», galdetu du. Eta honako baieztapenarekin borobildu du elkarrizketa: «Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia eta gauzak beste modu batera ulertzeko tresna. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina dakidana da euskarak eta Euskal Herriak ezingo dutela nire barrutik atera».


