GAUR8

Argentinak estatu kolpearen 50. urteurrena minez gogoratu du

Martxoaren 24a egun seinalatua da Argentinan, 50 urte bete dira Latinoamerikako diktadurarik gogorrena, sistematikoena eta odoltsuenaren estatu kolpea izan zenetik. Milaka lagun atera dira kalera egia justizia eta erreparazioa eskatuz. Javier Milei presidentearen kontra ere egin dute.

‘Nunca Mas’ leloa nagusitu da Argentinan Videlaren estatu kolpea salatu eta egin zituen barrabaskerien aurrean biktimentzat egia justizia eta erreparazioa eskatzeko mobilizazio erraldoian. Desagertuen argazkiak eta pankarta ugari ikus zitezkeen. Izan ere, 30 mila lagun desagerrarazi zituela diktadoreak uste dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Gertatu zena deitoratzeaz gain, Javier Mileiren errebisionismoaren aurrean memoria eta duintasuna eskatu dute.

Buenos Aireseko maiatzaren plazak gainezka egin zuen, baita inguruko kaleek ere. Amona eta amen oroitzapena aldarrikatzeko zapi txuria buruan jarrita ikus zitezkeen milaka lagun. 30 mila lagun desagertu egin ziren eta beste ehunka ume lapurtu zituzten. Haiek gogoratzeko tenorea ere izan zen, euren seme alaba, iloba edota anaia arrebak non dauden exijitzekoa.

Javier Mileik bederatzi mila desagertu izan zirela, gerra bat egon zela eta bi aldeen partetik gehiegikeriak egin zirela idatzi du azken egunetan. Diktaduraren ardurak zuritu ditu, nolabait, eta Buenos Airesko kaleetan horren kontra egin dute.

50 urte geroago, 1208 pertsona kondenatu dituzte 350 epaiketetan, baina oraindik 300 zabalik daude. Maiatzeko Plazako Amonek 140 lapurtutako iloba topatzea lortu dute, baina beste 300 bat geratzen direla uste da. Duela gutxi, Cordobako justiziak 12 gorpu topatu ditu.