Myanmarrek 7,7 graduko lurrikara jasan zuen 2025eko martxoaren 28an. Horren ondorioz, 3.800 pertsona hil ziren; zaurituak, berriz, kontaezinak. Ehundaka familia euren bizitza berreskuratzen saiatzen ari dira oraindik.
Galera pertsonalez gain, azpipegituretan eta eraikuntza kulturalak ere suntsitu egin ziren. Monumentuak, monasterioak eta bestelakoak. Pixkanaka horiek berreraikitzen hasi dira, bizi izandakoa eta hildakoak inoiz ahaztu gabe, beraien omenez, nolabait.
«Lurrikara gertatu zenean denek ezin izan zuten ihes egin, eta zauritu ugari egon ziren. Lurrikara hau benetan suntsitzailea izan zen. Amarapuran jende asko hil zen. Gure lagun batzuek anai-arrebak galdu zituzten. Eta guk zortea izan genuen, besterik gabe. Budaren babesari esker gaude bizirik», azaldu zuen Hsan Tun Patronatu Batzordeko idazkariak.
Urtebeteren ostean auzoak egonkortzen hasi direla aipatzu zuen: «Batzuk etxeak berreraikitzen ari dira, eta beste batzuek, berriz, lan egiteko eta bizitzeko behar duten laguntza jasotzen ari dira orain. Gauzak baretu diren arren, jendea oraindik izutu egiten da 'lurrikara' hitza entzuten duenean. Lurrikara hura bizi ondoren, jendea beldurtuta dago lurra astintzen den bakoitzean».
Monasterioak eraikitzeko dituzten baliabideekin moldatzen dira, U Thudassak dioenez, Tha Htay Kyaung monasterioko abadeak. «Laguntza gutxirekin moldatzen ari gara. Jendeak zailtasun ekonomiko asko ditu. Esaera zahar batek dio: 'Zerua erortzen denean, denon gainean erortzen da'. Baina inork ez du amore ematen. Ikusten dut denak sendo mantentzen direla bizitzako erronkei aurre egiten saiatzeko», adierazi zuen.
Yatkantaw Myauk mezkitako liderra den Khin Maung Naingen esanetan, «lurrikara hartako dardara, eszenak eta sentimenduak atzo gertatu izan balira bezala sentitzen dira oraindik». Pixkanaka joango dira beldurra galtzen eta normaltasunera itzultzen, baina sekula ez dute ahaztuko gertatutakoa.
