
55 urte baino ez dira pasa ‘Le Nouvel Observateur’ aldizkari frantsesak ‘343 urdangen manifestua’ adierazpena argitaratu zuenetik. 343 emakume frantsesek, haien artean Simone de Beauvoir bezalako izen ospetsuak, publikoki abortatu egin zutela aitortu zuten, abortua despenalizatzeko eta emakumeen gorputzaren gaineko askatasuna aldarrikatzeko xedearekin.
Simone de Beauvoirrek berak idatzi zuen adierazpena eta, sinatzaileen artean, Marguerite Duras eleberrigile eta zinema zuzendaria, Christine Delphy soziologoa edo Catherine Deneuve aktorea eta Agnès Varda zinema zuzendaria zeuden. Dozenaka emakume anonimorekin batera, modu klandestinoan abortatzeagatik urtero milaka emakume hiltzen zirela salatu eta abortu libre eta segurua izateko eskubidea aldarrikatu zuten.
Mende erdi geroago, eta aurrerapenak aurrerapen, 47.000 emakume hiltzen dira urtero mundu osoan abortuak arrisku-baldintzetan egin ondoren; eta abortuak delitu izaten jarraitzen du munduko herrialde askotan.
‘Urdanga’ hitzaren erabilerak badu bere zera: adierazpena argitaratu eta aste beteren buruan, ‘Charlie Hebdo’ aldizkari satirikoak Caburen marrazki bat argitaratu zuen, hainbat politikoen jarrera salatuz: «Qui a engrossé les 343 salopes du manifeste sur l'avortement?», zioen testuak (Nork utzi zituen haurdun abortuari buruzko manifestuaren 343 urdangak?).
Caburen marrazki horrek eman zion goitizena manifestuari eta, irain gisa erabilitako hitza, aldarrikapen bezala erabili izan zen. Ekimen hau desobedientzia zibilaren adibide ezagunenetako bat izan da Estatu frantsesean, abortuari buruzko isiltasuna hautsi zutelako. Sinatzaileak seinalatuak izan ziren, exhibizionismoa leporatu zitzaien eta batzuk lana galdu zuten.
Honela hasten zen manifestua: “Milioi bat emakumek abortatzen dute urtero Frantzian. Baldintza arriskutsuetan egiten dute (…) Horietako bat naizela aitortzen dut. Aitortzen dut abortatu dudala. Antisorgailuetarako sarbide librea aldarrikatzen dugun bezala, abortu librea eskatzen dugu».
1975ean despenalizatu zuten abortua Estatu frantsean, Veil Legeari esker.

