GAUR8

‘Gazte Sortzaileak’ beka programara euskarazko kultur proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute

Gasteizko Udalak antolatzen duen ‘Gazte Sortzaileak’ beka programan izena emateko epea zabaldu dute. Euskaraz izan behar dira sormen lanak eta ahozko adierazpenarekin lotura estua izan behar dute. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak.

‘Gazte Sortzaileak’ programa Araban erroldatutako gazteei zuzenduta dago.
‘Gazte Sortzaileak’ programa Araban erroldatutako gazteei zuzenduta dago. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gasteizko Udalak ‘Gazte Sortzaileak’ beka programaren 12. edizioaren deialdia egin du, 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beren proposamen artistikoak euskaraz garatu ahal izan ditzaten, aholkularitza profesionalarekin eta laguntza ekonomikoarekin.

Interesdunek ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak, eta 4.000 eurorainoko laguntzak jaso ahal izango dituzte.

Gasteizko Udalak 20.000 euro bideratuko ditu aurtengo deialdira Euskara eta Gazteria Zerbitzuen bitartez eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Udal arduradunen esanetan, «aukera paregabea da»  sormena euskaraz garatzeko, «profesionalen laguntzarekin eta beharrezko babes ekonomikoarekin».

Aholkularitza profesionala

Aukeratutako proiektuen egileek sorkuntza prozesu osoan zehar lagunduko dieten profesionalen aholkularitza izango dute, eta sei hilabetean garatu beharko dute proiektua, esleipena onartzen dutenetik aurrera. Epe horretan, Euskararen eta Gazteriaren udal zerbitzuek jarraipena egingo dute.

Sarituek beren proiektua osorik euskaraz garatu beharko dute, sorkuntza fasetik gauzatu arte. Gainera, deialdiaren oinarriek ezartzen duten bezala, euskarazko ahozko adierazpena izan beharko da proiektuaren ardatza, eta hizkuntza horretako kultura sustatzen lagundu beharko du.

Bi kategoria daude, parte hartzaileen adinaren arabera: bata, 16 eta 24 urte bitartekoentzat, eta bestea, 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Banaka edo taldean aurkez daiteke.

Proiektuek ahozko adierazpenarekin lotura estua izan behar dute, eta euskarazko kulturari laguntzea izan behar dute helburu. Hainbat modalitatetakoak izan daitezke, hala nola antzerkia, musika, bakarrizketa, poesia errezitaldia, bertsolaritza eta ikus-entzunezkoak. Gainera, hainbat genero batera ditzakete. Formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna.

Interesdunek ekainaren 30era arteko epea dute hautagaitzak aurkezteko, eta Gasteizen edo Arabako lurralde historikoan erroldatuta egon beharko dute.