GAUR8

Mary W. Jackson, NASAko lehen emakume ingeniari afro-amerikarra

NASAk Ilargia berriz modan jarri duenean, guk geuk estatubatuar agentziaren ‘eremu ilunean’ dagoen norbait gogora ekarri nahiko genuke gaur, 105 urte betetzen direnean Mary Winston Jackson (1921eko apirilaren 9a – 2005eko otsailaren 11) matematikari eta ingeniari aeroespaziala jaio zenetik. 

Mary W. Jackson Presio Supersonikoko Tunelean.
Mary W. Jackson Presio Supersonikoko Tunelean. (NASA)

2021. urtean, NASAk Washingtongo kuartel nagusia ‘Mary W. Jackson NASA Hecomprarters’ izen ofizialarekin izendatu zuenean, Mary Winston Jacksonek 16 urte zeramatzan hilda. Aeronautikarako Batzorde Kontseilari Nazionalarentzat (NACA), geroago NASA bihurtuko zena, lan egin zuen bere bizitzaren zatirik handiena emakume honek.

Bere ibilbidean, AEBetako agentzia espazialaren hierarkiaren maila guztiak igo behar izan zituen, behe-behetik gailurreraino... eta buelta. Mendebaldeko Eremuko Kalkulu Dibisioan kalkulista gisa hasi –garai hartan, arrazen arabera banaketa zegoen– eta NASAko lehen emakume ingeniari beltza izatera iritsi zen Mary Winston Jackson

‘Hidden Figures: The American Dream and the Untold Story of the Black Women Who Helped Win the Space Race’ (Margot Lee Shetterly, 2016) liburuaren protagonista bat da. 2016an ere, liburuan oinarritutako filmeak (‘Hiden Figures’) hiru Oscar sari jaso zituen. Bertan bere bizitza kontatzen da, baita NASAn lan egin eta Estatu Batuei Gerra Hotzean espazioko lasterketan lehiatzen eta garaitzen lagundu zieten beste emakume beltz batzuena ere. Ordurako, berriz, Jacksonek hamar urte baino gehiago zeramatzan hilda.

Arraza-segregazioa indarrean zegoenez, Hamptongo Unibertsitatean (ikasle beltzentzako zentro bat) Matematika eta Fisika titulu bikoitzarekin graduatu zen. 1951n, Langley-ko Laborategi Aeronautikoan hasi zen lanean, Mendebaldeko Eremuko konputazio sailean. Garai hartan segregatuta zegoen. 

Han bi urte eman ondoren, Kazimierz Czarnecki ingeniariarekin batera lan egiteko aukera izan zuen Presio Supersonikoko Tunelean. Egiten ziren esperimentuetan zuzenean parte hartzeko Virginiako Unibertsitateak ematen zituen eskoletara joan beharko zuen, eta, arrazen arteko segregazioa mantentzen zuenez, udalaren baimen berezi bat lortu behar izan zuen ikasle zuriekin ikasteko.

Eskatu eta lortu. 1958an titulua eskuratu eta NASAko lehen emakume afro-amerikar ingeniaria bihurtu zen. Jacksonek bazekien bere egoera berezia zela, arrazakeriari gehitzen zitzaiolako beste kristalezko sabai bat. Ingeniari emakume zuri gutxi zeuden garai horretan.

Ibilbide emankorra izan arren, 1979an beste norabide bat eman zion bere karrerari: ingeniari postua utzi eta Aukera Berdintasunerako Bulegoko Emakumeentzako Langsleyren Programa Federala zuzentzea onartu zuen. Bertan NASAn matematika eta ingeniarien belaunaldi berri baten kontratazioa eta igoera sustatzen ahalegindu zen. Sari ugari jaso zituen eta bere komunitatean etengabeko lana egin zuen.