GAUR8

Herrira heldu berriak euskarara erakartzeko proposamenekin dator Basauriko Euskal Astea

Apirilaren 17an hasi eta zazpi egunetan zehar Basauriko Euskal Asteak hainbat proposamen bilduko ditu. Horien artean herrira heldu berri diren lagunei zuzendutako ekitaldiak egongo dira. Herriko euskaltegiek, adibidez, ‘Ongi etorri euskarara!’ saioak prestatu dituzte.

Irudian, Maria Fernandez Basauriko Euskara zinegotzia.
Irudian, Maria Fernandez Basauriko Euskara zinegotzia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Apirilaren 17tik 24ra bitartean Basauriko Euskal Astea ospatuko dute, eta antolatutako jardueren artean herrira heldu berriek euskararekin duten harremanari buruzko mahai ingurua nabarmentzen da. Izan ere, ekimenaren helburua da «gure hizkuntza ezagutzen ez dutenak euskarara hurbiltzea».

«Euskaraz ez dakitenengana edo gure kultura ezagutzen ez dutenengana heldu nahi dugu, eta horregatik, hain zuzen ere, antolatu ditugu euskara saioak, mahai ingurua eta, batez ere, apirilaren 18ko ekitaldi partizipatiboa, non dantza talde eta abesbatza guztiek parte hartuko duten», azaldu du Maria Fernandez Euskarako zinegotziak.

Basauriko Euskal Astea apirilaren 17an hasiko da, gazteek antolatutako ‘Guztion Euskal Astea’ jaia prestatzeko lanekin, 17.30etik 20.30era, Gaztegunean. 20:00etan, Osa eta Mujikak ‘Lana’ dantza ikuskizuna eskainiko dute Social Antzokian, eta 21.00etatik aurrera bertso afaria izango da Zutarri tabernan, Arkaitz Estiballes eta Onintza Enbeitarekin.

Apirilaren 18an, gazteek ‘Guztion Euskal Astea’ jaiaz gozatuko dute, besteak beste, musika, talo eta euskarazko musika-bingoarekin; Gaztegunean izango da, 17.00etatik 20.30era.

Orobat, 18.00etatik aurrera, Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek, Zirzira eta Armonia abesbatzek eta Basauri Koral Elkarteak ‘Musika eta dantza lau haizeetara’ kalejira egingo dute. Basozelain, Kareagan, San Fauston, Pozokoetxen, Soloarten eta Arizen barrena ibiliko dira, auzo bakoitzeko plazan probintzia desberdinetako kantak eta musika eskaintzen, eta Solobarrian amaituko dute, 21.00etan, Bizkaiko dantza eta kantekin.

Aurtengo edizioko ekitaldi nagusietako bat ‘Ongi Etorri Euskarara!’ saioak izango dira, euskaltegiek antolatutakoak: Udal Euskaltegiarena apirilaren 20an izango da, Pozokoetxe Kultur Etxean, 10.00etatik 11.30era, eta AEKren Bolintxu Euskaltegiarenak, berriz, euskaltegian bertan, 10.00etatik 11.30era eta 17.00etatik 18.30era. 

Saioak 16 urtetik gorakoei zuzenduta daude, bereziki beste leku edo herrialdeetatik etorri eta euskarazko lehen hitzak ikasi nahi dituztenei, aukera izan dezaten hizkuntza erabiltzeko oinarrizko elkarrizketetan.

«Gure hizkuntza eta kulturarako harrera egin nahi diegu, eta horiek ezagutzen jarraitzera animatu, gizarte eta kultura inklusiorako bidea ere badirelako. Jarduera horretan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da, apirilaren 16a baino lehenago, udal webgunean», azaldu du Fernandezek.

‘Etorri berriak eta euskara’, hizpide

Apirilaren 21ean, ‘Etorri berriak eta euskara’ mahai ingurua egingo dute Ibaigane Kultur Etxean 10.00etan, aldibereko itzulpen zerbitzuarekin. Jardueran parte hartzeko izena eman beharko da, apirilaren 17a baino lehenago, euskara@basauri.eus helbide elektronikora idatziz.

Eguna amaitzeko, kirol entrenatzaile euskaldunen topaketa egingo dute Artunduagako kiroldegian, 19.30ean. Topaketa, berez, Basauriko Udalak zenbait kirol talderekin (Basconia, Indartsu, Basauri Eskubaloi Taldea, Bidebieta Pilota eta Artunduaga Atletismoa) kirol jardueretan euskara erabiltzea sustatzeko garatzen duen programaren parte da.

Bestalde, apirilaren 22an, udalerriko ikastetxeetako ikasleek bertso topaketa egingo dute Social Antzokian, 10.00etatik aurrera. Udalak, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, ikastetxe guztietan garatzen duen ‘Gu ere bertsotan’ programaren barruko jarduera da.

Apirilaren 23an, berriz, mintzodromoa egongo da, 10.30etik 12.00etara eta 17.30etatik 19.00etara, Solobarria plazan. Ekitaldi jendetsua izan da beti mintzodromoa, eta, euskaltegi eta Berbalagun programako kideez gain, institutuetako ikasle gazteak eta udalerriko bizilagunak ere hurbiltzen dira.

Aurtengo Basauriko Euskal Astea amaitzeko, apirilaren 24an (ostirala), ‘Rikardo III. eta ni’ antzezlana eskainiko dute Social Antzokian, 20.00etan, eta Gautegun taldearekin erromeria izango da 21.00etan Solobarria plazan.