Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Datuak, gerra, kontrola: Silicon Valleyk marrazten duen botere mapa berria

Peter Thiel Silicon Valleyko boterearen erdigunean dagoen figura diskretua da. Palantir konpainiaren bidez, datuen analisia erabaki militar eta politikoetan txertatu du, eta haren inguruan osatutako PayPal Mafia bezalako sareek gero eta eragin handiagoa dute AEBren politiketan.

Goian, Peter Thiel, artxiboko irudi batean.
Goian, Peter Thiel, artxiboko irudi batean. (Gage SKIDMORE | WIKIPEDIA)

Peter Thiel ez da soilik arrisku-kapitalen inbestitzaile aberats bat, egungo botere teknologikoaren erdigunean dagoen figura boteretsua baizik. Palantir konpainiaren buru, Thielen enpresak datuak baliatzen ditu gaur egungo gatazketan, izan AEBko hirietan, izan atzerrian; Minneapolisen, Gazan zein Iranen, helburuak identifikatu eta erabaki operatibo militarrak baldintzatzen dituzte datuok. Profil ilun eta eztabaidatu horrekin, Silicon Valleyko izenik polemikoenetako bat bihurtu da Thiel. “Paypal Mafia” deituriko sareko kidea da: Paypalen inguruan bildutako sortzaile eta zuzendariek, enpresa saldu ondoren, teknologia ekosistema globala eraldatu duten proiektuak abiatu dituzte, botere ekonomiko eta politikoa esparru berrietara zabalduz.

Paypal saldu ondoren Thielek gidatu eta finantzatutako pertsona askok, Elon Muskek edo David Sacksek kasu, eragin handia dute egun Donald Trumpen Administrazioan. Teknoligarka horiek guztiak, ordea, Silicon Valleyn demokrazia liberalaren dogmak zalantzan jarri dituen lehen “errege filosofoak” duen pisutik urrun daude. Thielek Erromako Palazzo Tavernan antikristoaren etorreraz ohartarazteko hitzaldiak eman ditu azkenaldian, Vatikanoan haserrea piztuz.

Iaz, Pentagonoak eta Palantir Technologies konpainiak 10.000 milioi dolarreko kontratua sinatu zuten, enpresak adimen artifizialaren bidez milioika datu azter ditzan eta, horrela, Nicolas Maduroren bahiketa edo Irango ofentsiba bezalako erabaki belikoak errazteko. Baina enpresa hori AEBren gaineko datu-base erraldoi baten arduraduna ere bada, hainbat agentzia federaletatik jasotako informazioa gurutzatzen duena, migratzaileak identifikatu eta ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren bidez deportazioak errazteko kasu. Thielek eta teknologiaren beste magnate batzuek marrazten duten horizontea kontrol panoptiko digitalarena da: norbera noiz zelatatzen ari diren jakin ez arren, etengabe zelatatuta egongo bagina bezala jardutera eramaten duen sistema.

PAYPAL MAFIATIK PALANTIRRERA

Thielen apokalipsiaren inguruko obsesioak eta masen kudeaketa teknokratikoan duen fedeak, lotura zuzena dute 1998an gazte talde batek abiatutako Paypal enpresarekin. Bertako kideen artean, teknologia eta gizartearen arteko harremana literalki berrantolatu duten pertsonak daude: Elon Musk, Tesla eta SpaceXen bidez; Reid Hoffman, Linkedinekin; Chad Hurley, Steve Chen eta Jawed Karim, YouTuberen sortzaileak; Jeremy Stoppelman, Yelpekin; eta David Sacks, Trumpen Administrazioko erreferente nagusietakoa adimen artifizialarekin lotutako auzietan.

Paypal eBayri 1.500 milioi dolarren truke saldu ziotenean, askok dirutza egin zuten, baina ez ziren sakabanatu. Aitzitik, harremanak sendotu eta sektore estrategikoetan kokatu ziren, teknologiaren bidez botere molde berriak eraikiz. Beste inork baino lehen ulertu zuten egitura zaharrak, hau da, bankuak, korporazio hierarkiko handiak, automobilgintza eta industria militarra, baita informazioaren zaindari tradizionalak ere, ahuldu edo bazterrean uztea ezinbestekoa zela boterearen erdigunea beren esparruetara eramateko.

Obsesio monopolistiko hori ez da kasualitatea. Paypal Mafian “Don” gisa ezaguna den Peter Thielen pentsamendutik edaten du. 1967an Frankfurten jaioa, Kalifornian hazi zen familia kristau-ebanjeliko batean. Filosofia eta Zuzenbidea ikasi zituen Stanford Unibertsitatean. Bertan, libertarismoarekiko lilura landu zuen, xakearekiko zaletasuna sakondu, eta, batez ere, Rene Girarden ideiek harrapatu zuten. Stanforden mintegiak ematen zituen Eliza Metodistako artzain batek hurbildu zion filosofo frantsesaren pentsamendua orduko campuseko «eskuineko libertarioari». Handik aurrera, Thielek ideia horiek barneratu eta, bere mundua ulertzeko ez ezik, eraldatzeko ere baliatuko zituen, marko mental moduko bat bihurtuz.

Rene Girardek, desio mimetikoaren teoriaren sustatzaileak, zioen ez ditugula gauzak modu autonomoan desiratzen, baizik eta besteek nahi edo duten hori nahi dugula. Desira kutsakorra da, eta lehia sortzen du, denok gauza bera nahi izatera eramaten gaituelako; horrek, ia ezinbestean, gatazka dakar.

Peter Thielek logika hori kapitalismo teknologikora eraman zuen, eta ondorioztatu zuen hortik ihes egiteko bide bakarra monopolioa dela. Hau da, bere ustez «galtzaileen» kontua den lehiari uko egin eta zerbait bakarra eraikitzea, besteek imita ezin dezaketena.

Twitter erosi ondoren, adimen artifizialeko Grok tresna sortu zuen Elon Muskek. (EUROPA PRESS)

Horrela, Paypalen salmentarekin lortutako dirutza baliatuta, Peter Thielek Clarium Capital eta Palantir Technologies konpainiak sortu zituen, eta azken horren gidaritza Alex Karpen esku utzi zuen. Hasiera batean liberal gisa definitzen zen Karp, Frankfurteko Eskolarekin obsesionatuta zegoen, eta Jürgen Habermasi bere doktore-tesia zuzentzea eskatu zion. Filosofo alemaniarrak, ordea, uko egin zion. Karp berak “Politico” agerkarian kontatu duenez, Habermasek ez zuen proposamena onartu; gazte estatubatuarraren tesia irakurri ondoren, zirriborro bat nahikoa izan zen filosofo alemaniarrarentzat zientziatik enpresa-jarduerarako jauzia ematen hasia zen ikaslearen norabide susmagarria detektatzeko.

Horiek horrela, Thielekin elkartu eta Palantir Technologies sortu zuen Karpek. Konpainiaren izenak berak badu karga sinbolikoa: J. R. R. Tolkienen “The Lord of the Rings” (“Eraztunen Jauna”) eleberrian agertzen diren palantir harri bizidunetatik hartu zuen ideia. Horiek errealitatea ikusteko balio dute, baina, aldi berean, hura distortsionatzeko eta ikuspegi selektiboak inposatzeko gai diren objektuak ere badira. Asmo-adierazpen argia, inondik inora.

Thielek ez zuen soilik big data eta adimen artifizialaren analisi aurreratuan espezializatutako enpresa militar aitzindaria sortu; Facebook sare sozialaren lehen inbertitzaileetako bat ere izan zen. Bada, bertako “Atsegin dut” botoiak, desira mimetikoaren itzulpen algoritmikoa dirudi. Era berean, Linkedinen sorrera bultzatu zuen, eta Elon Musken espazio-abenturak babestu zituen, baina ez Tesla; Thielen biografo Max Chafkinen arabera, ez dagoelako erabat konbentzituta klima aldaketaren auziaz.

ITZALPEAN

Rene Girardek planteatzen zuen bezala, eta Thielek bere egiten duen moduan, gizakiok imitazio-makina moduan funtzionatzen badugu, imitatu behar duguna nor den edo zer den erabakitzen duten algoritmoak kontrolatzen dituenak, funtsean, gizartea bera moldatzen du.

Horrenbestez, plataforma digitalak ez direla azpiegitura neutralak, baizik eta jokabideak gidatu eta arau sozialak moldatzeko gai diren tresna ideologikoak direla kontuan hartuta, testuinguru horretan ulertzen dira Muskek X erosi izana edo Trumpek Altmanen alde egindako apustuak. Hala ere, Thielek ez du Muskek edo Altmanek duten esposizio publikoa. Palantir Technologies konpainiaren komunikazioa Karpen esku geratu da, eta Thiel bera gutxitan agertzen da publikoan, noiz agertu eta noiz ezkutatu zehaztasunez aukeratuko balu bezala.

Hala ere, hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu. Are, “The Stanford Review” egunkariaren sortzaileetako bat ere izan zen Thiel, Stanford Unibertsitateko joera libertario-kontserbadorearen erreferentzia nagusietakoa. Bertan hasi zen dagoeneko multikulturalismoaren eta emakumeen sufragioaren aurka oldartzen.

Thiel 2016ko konbentzio errepublikanoan ere agertu zen, eta ordutik maiz ibili izan da Etxe Zuriko korridoreetan gora eta behera. Bertan Donald Trumpen ondorengotza prestatzen ari dela iradokitzen da, bere ikasle politiko nagusiaren bidez, JD Vance. Presidenteordea babestu eta finantzatu du, eta Trumpen aroaren amaierarako egindako apustu nagusietakoa da.

DOGE EGITURA PANOPTIKOA

Thielek, gainera, urteak eman zituen Curtis Yarvin bezalako pentsalari marjinal bat sustatzen. Hark proposatzen zuen presidente autoritario batek boterea bereganatzea eta zuzendari nagusi baten bidez administrazio federala garbitzea, RAGE (Retire All Government Employees) izeneko prozesu baten bidez.

Logika horren jarraipen modura ulertzen dira AEBko azken mugimenduak. Gobernuak datu kopuru izugarria pilatzen du, agentzia desberdinetan sakabanatuta: zergen informazioa, pertsonen mugimenduak, osasun datuak, lan ibilbideak edo erregistroak. Urte luzez, legeek eta burokraziak datu horiek bereizita mantendu dituzte, zentralizazio arriskutsuak saihesteko herrialde federal batean. “The Atlantic” aldizkariaren arabera, ordea, Trumpen agintaldian eta Musken inguruan sortutako DOGE (Department of Government Efficiency) egitura panoptikoaren bidez, datu horiek bateratzeko joera indartu da.

Donald Trump Mark Zuckerberg Metako jabearekin, Etxe Zurian teknologia konpainietako buruekin egindako afarian. (WHITE HOUSE)

Adimen artifizialaren garapenak prozesua azkartu dezake: datu multzo sakabanatuak elkartu, bilakagarri egin eta erabilera politiko edo ekonomikoetarako baliatu. Horrek atea irekitzen dio zaintza-eredu berri bati, non gobernuak, edo harekin lotutako enpresa pribatuek, herritarren bizitzaren alderdi guztiak mapatzeko gaitasuna izan dezaketen.

Arriskua ez da soilik kontrola. Datuek oposizio politikoa jazartzeko, kolektibo jakinak seinalatzeko edo erabaki ekonomikoak baldintzatzeko erabil daitezke. Eta, gainera, ez da beharrezkoa sistema perfektua izatea. Hala, datu partzial edo okerrek ere ondorio errealak izan ditzakete. Big data-ren logika, azken batean, Estatuaren bihotzera iristen ari da.

APOKALIPSIAREN NEGOZIOA

Horiek horrela, aurretik azaldutakoak konspirazio-teoria baten itxura har lezake, MAGA (Make America Great Again) diskurtsoen antzera. Baina kasu honetan ez da irudimen hutsa. Ez da sare sekretu eta ilun bat, baizik eta dokumentatutako harreman, interes ekonomiko eta botere-guneen arteko loturen multzo bat. Thielen kasuak argi erakusten du nola funtzionatzen duten sare horiek. Silicon Valleyko eliteekin eta AEBko eskuin politikoarekin dituen loturez gain, Thielen inguruan agertu izan dira bestelako harreman polemikoak ere. Adibidez, Jeffrey Epsteinekin izan zuen kontaktua, beste enpresari eta akademiko batzuek bezala.

Teknoligarkek barruan daramate eliteen ADN ideologikoa. Beren pentsamenduan nahasten dira teknologiarekiko fede ia erlijiosoa, Estatuarekiko mesfidantza sakona eta historiaren ikuspegi apokaliptikoa, non krisiak aukerak sortzen dituzten boterea berrantolatzeko. Horregatik, ez da harritzekoa Thielen Erromako diskurtsoetan antikristoaren irudia edo munduaren amaieraren ideia agertzea, betiere beren proiektuaren abiapuntu gisa. Palazzo Taverna jauregian egindako topaketa horiek gazte ultrakontserbadoreak, enpresariak eta kazetariak bildu zituzten, eta eztabaidaren muinean ideia argigarria jarri zuten: demokrazia eta askatasuna bateragarriak ote diren egun.

Antikristoaren irudia ez da metafora soila, baizik eta Thielen diskurtsoan funtzio politiko agerikoa duen kontzeptua: Mendebaldearen gainbehera, aurrerapen teknologikoaren blokeoa eta ordena berri baten beharra azaltzeko tresna. Horrek azaltzen ditu, besteak beste, Vatikanoaren kezka eta Italiako oposizioaren kritikak.

Amaieraren ideia barneratzen denean, immobilismoa hedatzen da, eta ekintza-gaitasuna lausotu. Bitartean, boterea datuen eta azpiegitura digitalen bidez berrantolatzen doaz teknoligarkak, itzalpean, ia zaratarik egin gabe.