Simone de Beauvoir, aurkia eta ifrentzua

Simone de Beauvoirrek ez zuen bere burua feministatzat hartu oso berandu arte, feminismoarentzat erreferentziala den “Le Deuxième Sexe” (“Bigarren sexua”) argitaratu eta hainbat hamarkada pasatu arte, alegia.
Idatzi zituen saiakera, nobela eta memorietan hiru dira gai nagusiak: existentzialismoa, konpromiso politikoa eta maitasuna. Existentzialismoa agerikoa da nobeletan, obsesiboa, eta subjektibismo kontziente horrek -eta erreakzio guztien zergatia bilatu nahiak- eraman zuen nobela autobiografikoak idaztera, bere bizitzaren, izaeraren eta pentsamenduaren katarsira, irrealtasun puntu bat emateraino, hain da gehiegizkoa errealismoa!
Esan izan da bere nobelak ez direla fikzioa, pertsonaia nagusiak Simone bera direlako, egilearen alter ego-ak. Bederatzi memoria liburu idatzi arren (horien artean “Mémoires d'une jeune fille rangée”, “La Force de l'âge”, “La Force des choses”, “Une mort très douce” eta “La Cérémonie de adieux”), idatzitako zazpi nobeletan ere memoria, pentsamendua, bizipenak eta esperientziak plazaratu zituen. “Les Mandarins” nobelaren pertsonaia batek dioen bezala, «haren pentsamendu politikoaren eta emozio poetikoen artean ez dago alderik», eta halaxe gertatzen da nobela gehienetan: “L'Invitée”, “Le Sang des autres” (“Besteen odola”), “Tous les hommes sont mortels”, “Les Mandarins”, “Les Belles Images”, “La Femme rompue” eta “Quand prime le spirituel”.
Konpromiso politikoari dagokiola, idazle estrukturalistak kritikatu zituen nobela objektibistak (gizakien ordez, objektuak dituzte ardatz) egiten zituztelako eta garaiko errealitate politiko-soziala alboratzen zutelako. Berak ez zuen ulertzen edukirik gabeko literatura, ariketa literario hutsa iruditzen baitzitzaion. Konpromiso irmoa bereganatu zuen gertaera politikoekin, 1936an lehenik (Espainiako Gerra) eta bereziki 1939an, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean. Gillermo de Torre kritikariak, ordea, konpromiso hori intelektualegia zela egotzi zion: «Proletariotza maitatu baino, fetitxismo obrerista zuen, eta, batez ere, burgesiari gorrotoa, haren jatorria baitzen. Baina gorrotatu arren, ez zuen egunerokotasunean burgesiarekin eten; amaigabeko tirabiran aritu zen, ‘bai baina ez’ eta segidan ‘ez baina bai’ ematen zuen aditzera».
Maitasunaren gaiari dagokiola oso deigarria da pertsonaia femeninoek bereganatzen duten rola. Batetik, harreman lesbikoak azaltzen dituenean egoerak lauak eta kamutsak dira, erlieberik gabekoak. Harreman heterosexualei buruz diharduenean, ordea, emakumeek zein gizonezkoek rol maskulinoak agertzen dituzte. Oro har, Beauvoirrek irudikatu zituen emakumeek harreman intentsoak eta pasionalak dituzte, sutsuak, jeloskorrak, eta gizonarekiko menpekotasun erabatekoa sentitzen dute. Ez da menpekotasun formala (nahi beste maitale eduki dezakete), baizik eta menpekotasun intelektuala eta afektiboa, autoinposatua gainera. Emakume intseguruak dira, etengabeko zalantza existentziala adierazten dutenak, eta aiduru egoten dira besteen ispiluak euren irudia itzul diezaien. Gaur egungo talaiatik begiratuta, deigarria da emakumeen irudi hori ematea, nork eta “Le Deuxième Sexe” idatzi zuen egileak. •
