Nerea Sancho Esnaola
Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta

Txakur baten ametsa da hau

Txakur baten ametsa.
Txakur baten ametsa. (SENSATHLON® 2026)

Belarretan etzanda nengoela pentsatu dut Messik lortu duela milaka parekidetasun-kanpainek lortu ez dutena: mutil askok arrosa koloreko jantzia normaltasunez eramatea. Bere garaian, Madonnak antzeko zerbait egin zuen masturbazioarekin: ikusgai jarri zuen.

Asteburuan, gure seme txikienak hondartzan aurkitu zuen itsasoak ekarritako adar handi, zuritu bat, bera baino handiagoa. Begiratu, eta esan zigun: «Txakur baten ametsa da hau».

Sexologoon ametsak ez dira hain erraz betetzen, gure herrikideen sexu-harremanak oraindik ere honelako agindu-sorta baten menpe antolatzen direla ikusita:

Ez badago zakila tente, ez dago sexu-harremanik.

• Zakila tente jartzen bada, aprobetxatu egin behar da.

• Aprobetxatzeak esan nahi du sarketa egin behar dela.

• Sarketa egiten bada, luze aguantatu behar da.

• Zakila tente egon behar da denbora guztian.

• Orgasmoa eta eiakulazioa sarketan gertatu behar dira.

• Sexukideari lehentasuna eman behar zaio, eta berak orgasmoa izan arte aguantatu egin behar da.

• Eta horri gehitu beste hainbat anti-morbo baldintza: ohean, nekatuta, betiko bide beretik, zuzenean genitaletara eta titietara joanda, gainerako guztia ahaztuta...

2026. urtean gaude, eta oraindik horrela gabiltza.

Baldintza hauek guztiak ez badira betetzen ez dago festarik, zapuzten gara eta burua jaten hasten gara.

Nondik hasi?

Hasteko, esan dezagun argi: hau ez doa horrela.

Nonbaitetik ikasi dugu horrela izan behar duela.

Espektatiba horiek geureganatu ditugu.

Elkarri exijitzen dizkiogu.

Eta gero harritu egiten gara, arau horiek guztiek zorigaitzeko bihurtzen gaituztenean.

“Puxkatu” arau hauek banan-banan. Gupidarik gabe.

Zakilik gabe festa badago.

Zakila tente egon gabe ere, ondo pasa daiteke.

Zakila tente badago ere, ez dago aprobetxatu beharrik.

Desmuntatu karten gaztelu hau.

Kikilgarria izan daiteke.

Baina arazoa ez zarete zuek: oinarria bera dago gaizki.

Errendimenduan eraikitako abiapuntu batek ez gaitu ospakizunera eramango.

Ideia txarrak daude indarrean.

Zuek ondo zaudete.

Zuen gorputzak bikainak dira.

Zuen harremana zoragarria izan daiteke.

Zuen etorkizuna ere bai.

Gure etxean, negar egin ohi dugu egunotan. Bereziki KORRIKA Youtuben zuzenean ikusi daitekeenetik. Hamar egun pasa ditzakegu negar batean hunkituta. Zuek ere intentsitate horretan bizi duzue ala normalagoak zarete? Lekukoa eskuz esku pasatzen doala ikustea. Maitasuna, kemena, adorea, indarra. Herri paregabea gara geurea maitatzen.

Bizi ditugun garai hauetan, guraso bazara, thriller batean bizi zaitezke, azken orduan dakigu noiz den jangelako greba, zein koloretako kamixeta eraman behar duten haurrek bihar eskolara, kirol partida non eta zein ordutan izango den (izango bada)... Dena azken segundoan argitzen da, eta ez dakigu hurrengo gidoiaren bira nondik agertuko den. Txa-txan!!!

Sexu-topaketek ez lukete thriller baten beste atal bat izan behar. Hondartzara itsasoak ekarritako adar handi hori bezalako zerbait baizik: norbaitentzat, bat-batean, munduko gauzarik zoragarriena.

Ospakizun bat.

Topagune bat.

Dantza.

Konexioa.

Miresmena.

Eta agian, bai, zerbait xumea.

Baina geurea.