GAUR8

Duela 120 urte lurrikara bortitz batek San Frantsizko badia astindu zuen

1906ko apirilaren 18ko goizean, lurrikara handi batek San Frantzisko (Kalifornia) astindu zuen. Minutu bat baino gutxiago iraun bazuen ere, hiria txikitu zuen eta, hiru egunez, sortu ziren suteak kontrolik gabe egon ziren. Estatu Batuek jasan duten hondamendi natural handiena dela uste da.

Hiria txikituta gelditu zen.
Hiria txikituta gelditu zen. (WIKIPEDIA COMMONS)

1906ko apirilak 18an, Richter eskalan 7,9 magnitudeko lurrikara jaso zen Amerikar kontinentean; Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuko adituen arabera, epizentroa Kaliforniako Daly Cityko kostaldean eta San Frantzisko hiriaren hego-mendebaldean zegoen.

Dardara nagusiak goizeko 05.12etan hasi ziren San Andres failan zehar. Ozeano Bareko kostaldean sentitu zen Oregondik Los Angeleseraino, eta barnealderantz Nevadaraino igarri zen. Lurrikararen ondoren Ameriketako Estatu Batuetako hondamendirik handientzat hartzen den sutea piztu zen.

Hasiera batean, hildakoak 478 pertsona izan zirela esan zen arren, gaur egun badakigu gehiago izan zirela;  txinatar komunitatea, adibidez, zenbatu ez zelako. Gutxi gorabehera 3.000 hildako zirela uste da.

Ondoren sortu zen sutearen ondorioz –hiru egunetan egon zen sutan hiria– lurrikararen berarekin baino hildako gehiago egon ziren. Militarren laguntza berehalakoa izan zen arren, hiria suntsituta zegoen. Lurrikarak eta suteek gutxienez 400.000 bizilagun etxerik gabe utzi zituztela uste da eta bizirik atera zirenek hiriko parkeetako eta presondegian kanpin-dendetan egiten zuten lo, lerro luzeetan itxaroten zuten bazkaltzeko, eta kaleetan janaria prestatzera behartu zituzten.

San Frantziskoko lurrikara Estatu Batuetako historiako hondamendi naturalik okerrenetakotzat jotzen da. Lurraldearen imajinarioan markatuta geratu da. Pantaila handira eraman izan da behin baino gehiagotan, esaterako W.S. Van Dyke-ren ‘San Francisco’ (1936) klasikoan, non Clarke Gablek eta Jeanette MacDonaldek lurrikararen erdian maitasun istorio bat bizi duten.

Rebecca Solnit ikerlari ospetsuak ‘Un paraiso en el infierno’ (Capitan Swing, 2020) saiakeran ikertu du hondamendi hau. «Hondamendiek gizarte zibilaren garaipena eta autoritate instituzionalaren porrota erakusten dituzte», bere hitzetan.