Enarak liburu artean
Hegaldi bihurrituak behatu dituzte airean, eta ikasgela bat, bat-batean, txorien habia-toki bihurtu da. Sartu-irten geldiezinean dabiltza: iritsi dira enarak, Afrika urrunetik eskolako liburu artera. Irribarreari ezin eutsi daude umeak.

Gizakiak zerua behatzeari utzi zionean hasi ziren gauzak aldatzen, baina hori ez da arrazoi bakarra. Nekazaritza eremuak bakantzen eta herrietatik aldentzen joan diren heinean, pertsonak ez du haien hegaldirik ikusten. Enarak ez dira gure zerutik desagertu, baina gu haien mundutik aldendu gara, eta jada ikusi ere ez ditugu egiten.
Enaren etorrera, ordea, beti izan da erreferentzia garrantzitsua urteko garai ezberdinek osatzen duten zikloan. Urtero-urtero, enaren lehenbiziko kantuek esaten digute udaberria bertan dagoela. Hasi dela lurra pizten, eta, hala, gizakiak, irribarre batekin hartu izan du enaren etorrera. Amonatik bilobara edo gurasotik seme-alabetara, ainararen ailegatze eguna egun seinalatua izan da. Enara txori bidaiaria baita, hegaldi bihurrikoa, baina hego txikiak astinduz, udazkenean atera eta Euskal Herritik Boli Kosta ingurura migratzeko gaitasuna duena. Udaberriaren atarian, ordea, itzulerako bidaia egingo du. Eta hor bai, hor zerua behatzen duen gizakiak haien hegaldi alaia ikusiko du hodei artean bueltaka, eta ukuilu edota eraikuntzetako sabaietan habiak egiteko joan-etorria behatu: «Iritsi ditun enarak. Ikusi al dun?».
ENARAK ESKOLA BARRENEAN
Orain agian ez, edo gutxiago, baina XX. mende hasieran behintzat bai. XX. mende hasieran Arrasateko Biteri Eskolako umeek zerura begiratzea maite zuten. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, Teresa Garcia maistrak eta Felix Arano maisuak naturarekiko harremanean hezi zituzten ikasleak: behatzen, zaintzen eta… ospatzen.
Arrasateko Biteri Eskolako irakasleek hezkuntza maite zutela begi bistako kontua da, haiek utzi zuten arrastoa ez baita nolanahikoa. Han eta hemen agertzen dira bien aipuak. Kalea ere badute Arrasaten bertan. Teresak eta Felixek maite zuten haien ofizioa. Ikasleei ematen zieten hezkuntza berezia zen. Erlijioaren eta politikaren esku-hartzerik gabeko hezkuntza bultzatzen zuten eta lan egiteko metodoak ere ez ziren edonolakoak garai haietarako.
Josemari Velez de Mendizabalek “Hots begi danbolinak” izeneko blogean idatzitakoari esker badakigu orduko Arrasateko Biteri Eskolan natura hezkuntzako atal garrantzitsua zela. Izan ere, Teresa eta Felix senar-emazteek ingurumena asko maite zuten, eta maitasun hori ikasleengana bideratzen zuten egunerokotasunean. Modu espezialean bideratu ere.
Naturarekiko harreman horretan, Arrasateko Biteri Eskolan apirila hilabete berezia izan ohi zen. Eta hala kontatu zuen 1956an Felisa Ibañez de Opakua ’Txomin Txiki’-k, bere irakasle izan zen Teresa Garciaren omenez egindako idatzian. Felisaren arabera, apirila hilabete desiratua izaten zen Biteriko ikasleen artean. Egindako lanen erakusketarako prestaketekin hasi ohi ziren eta azterketetan errezitatu beharreko poesiak ere egiten zituzten. Baina apirilak bazuen zerbait ikasleak benetan alaitzen zituena eta eskolako egunerokoa aldatzen zuena: enaren etorrera.
Arrasateko Biteri Eskolara iristen ziren enaren kantuak harmoniaz betetzen zituzten ikasgelak. Izan ere, Teresa eta Felixen geletan leihoak irekita egoten ziren enarak ikasgeletara sartzeko eta habiak egiten zituzten, ikasleen begiradapean, inongo oztoporik gabe. Felisak egindako idatzian, ordea, umorez aipatzen zuen horrek ere bazuela bere alde iluna: enarek, haien kontzertu ederren trukean, prezio bat ere ordainarazten zieten ikasleei. Izan ere, kaligrafiako koadernoetan, maiz, enarek utzitako zirinen arrastoak gelditzen ziren.
Enaren etorrerarekin batera, ordea, naturaren behaketak eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeak ez ezik, ospakizunek ere leku berezia izaten zuten Arrasateko Biteri Eskolan. Orduko ikasle askoren memorietan gelditu da enarak etortzen ziren garaian jai eguna izaten zutela eskolan. Enaren etorrera berri alaia zela esaten omen zuten Teresa Garcia eta Felix Arano irakasleek, eta, beraz, ospatu beharrekoa. Udaberriaz gain, ordea, udazkenak ere bazuen bere arrazoia enarekin gogoratzeko. Bixente Pagoaga arrasatearrak Ahotsak.eus atarian egindako elkarrizketa batean adierazi zuen moduan, ainarek alde egiten zuten egunean ere, udazkenean, jai eguna izaten zuten eskolan.

Bixente Pagoagaren arabera, Arano maisuak jai emateko arrazoirik bazuen: «Ba itxurie berak [Aranok] euken naturiekin lotura horixe, klaro, eske ainarie etorten da udabarrixen eta udatzenien fan egitten da. Emigrau itten dau, orduen naturien gauza bat zelan dan, eta klaro, hain da gauza alegeria ainarak etorten direnien, alegerie emuten dotsu udabarrixa ya piztu, eta ya fan direnien udatzena».
Orduko ikasle zen Jesus Trincadok zioenaren arabera, enarak etortzen ziren lehenbiziko asteko ostegunean egin ohi zuten jai; baina hori aski ez, eta haien etorrerarekin batera, naturaren aldeko kantuak eta olerkiak ere errezitatzen zituzten.
ENARAK HITZ ARTEAN
XX. mende hasieran, Arrasateko ikasgeletan barrena ez ezik, orduko hezkuntzako euskarazko testuetan hegaldi txikiak egiten ere aritu ziren enarak. Horren lekuko da, esaterako, 1925eko Xabiertxo testuliburua, non ikasleei enaren onurari buruzko azalpenak ematen zitzaizkien:
«Enarak gure leyo-ertz ta etxegañetan bere kabiak ipintzen ditu. Egan dabiltzala enarak zomorro gaizto asko iltzen ditu, aizea garbituaz. Udazkenean enarak emendik alde egiten du. Toki epelagoetara joaten da. Bañan urrengo udaberrian len egin zuen kabira berriro etorriko da».
Enarek gizarte mailan pisu sinboliko handia izan zuten bere garaian, eta oraindik ere, euskal kultura arloan ere ikusten da haien presentzia. Hor dira, esaterako, Beñat Iturriotzen “Enarak” dokumentala -izen bereko Rock taldeari eskainia-, Bernardo Atxagak 2025ean publikaturiko “Enarak” nobela edota “Ainarak” dokumentala, Nafarroa garaitik Zuberoara espartinak egitera joaten ziren emakumeei buruzkoa.
Enarak migrazioaren, askatasunaren, gaztetasunaren, edertasunaren edota beste hainbat esanahien ikur moduan erabili izan dira literaturan. Egungo adibideetan ez ezik, baita 1896ko testu zaharretan, non, esaterako, Frantzisko Lopez Alenek “Joxetxo” izeneko lanean aipatzen duen: «…Ez nago nere aita / Eta nere ama / Eta nere Joxetxo maitea / Lotan betiko dauden lekuan! / Ez degu maite jaio etxea? / Eta menditarrak bere etxola? / Eta enarak bere kabiya? / Eta mariñelak itsasoa? / Eta bildotsak estalpea? / Eta piztiak belar azpia? / Eta zergatik ain maite / Edo geiago / Ez degu izan bear / Lur santu ori! [...]. Eta nagon lekutik / Sentitzen det / Enararen ziyara / Ega zorrotza, / Eta maldan dijoan / Gurdien otsa».
Edota Lauaxetaren 1931ko “Bide barrijak” izeneko lanean: «Enara batek bezela gastetasunak narua eta eguak zabalik gorantza juat gogua».
Zerbait baduelako enarak gizakia erakartzen duena. Denbora harrarazten diona hari begira gelditzeko. Une bat, behaketa pausatuan, kolore urdin, gorri eta zuriko hegazti txiki bezain berezi honi arreta jartzeko. Hezkuntzan, literaturan edo eta… baita poesian ere.
ENARAK OLERKI ARTEAN
XX. mende hasierako Arrasateko Biteri Eskolan apirilak olerki doinua zuen. Enaren etorrerarekin batera eskaintzen omen zizkieten ikasleek olerkiak naturari eta, hala, lotura bat sortu hegazti txiki horien etorreraren, hitzen eta ingurumenaren artean.
1930ean, Xabier Lizardi euskal olerkari ezagunak, bere amona zendu berriari eskainita olerkiak idatzi zituen. 1933an ateratako “Biotz begietan” lanean publikatu zituen horiek, “Biotzean min dut” izenburupean eta Arrasateko umeek bezala, Lizardik berak enara erabili zuen garai jakin bat izendatzeko. Bere amonari eskainitako poesiari hasiera emateko:
«(ILLETA-ERESI) (Amona zanaren eortz-egunean): Biotzean min dut, min etsia, negar ixilla darion miña. Amonatxo bat nun: gaur, enarak etorri-garaiez, aldegiña».
Hortik gutxira, 1933ko martxoaren 12an, udaberriaren atarian, 36 urteko Xabier Lizardi olerkari gaztearen heriotza notizia izan zen. Haren omenez, urte horretan bertan, “Biotzean min dut” izenburu bera erabiliz, Alejandro Tapia Perurenak Lizardi zenari olerki bat eskaini zion, Lizardik amonarekin egin bezala, haren heriotzaren hileta-eresi moduan, berriz ere, enaren etorrerari lekutxo bat eginez euskal literaturaren zeruan: «Gure Lizardi aundiari gogo minduaz: Biotzean min dut, min garratz-aundia/ Negarra darie nere begi oki/ Enarak datozen garaiez il zaigu/ Ain maite genuan olerkari aundi».

Enaren hegaldi luzea, ordea, bertsolaritzara ere iritsi zen. Irungo Joxe Mari Lopetegik 1931n jarritako “Askatasunaz” izeneko bertsoetan Azpeitira egin zuten bisita azaltzen du, eta kontatu, bertan estu hartu zituztela, haien ideiekin bat egiten ez zutelako: «Askatasunaz gaudezelako / lau lagun aruntz joan ginan / gure barrengo fede leiala / aitortutzera hitz bian / ekin ziguten laueri milak / guztiz modu itsusian».
Deigarria da, ordea, Lopetegik berak nola irudikatzen duen momentua, eta enaren udazkeneko migrazio aurreko unearekin alderatzen duen: «Gugandu ziran atzaparrakin / lepotik ito nahiean / udazkenean nola enarak / alanbrearen gainean».
Bistakoa da Lopetegik bazuela enaren biologiaren berri, eta ondo asko ezagutzen zituela, bai haien ezaugarriak, bai haien ohiturak zein elikatzeko moduak. Izan ere, 36ko Gerra Irunera iristean jarri zituen “Ekaitza” izeneko bertsoak. Bertan, kontatzen du modu oso grafikoan, nola izan zen gerraren sarrera Irunen: «Iretsi nahirik nola enarak / iretsitzen dun eltxua / berrogeita bost egun honela / hura bizitza pisua!».
Eta hala, sartu da euskal literaturan animalia bat, enarak datozen garaiez idatzi direlako euskaraz hainbat izkribu eta hitz, inspirazio iturri balira bezala hegazti txiki horiek. Ez da harritzekoa baina, enaren gaiaz hitz egitea, Bixente Pagoaga arrasatearrak esaten zuen moduan, natura bizi duenak ulertzen baitu zein den sentimendua: «… naturiek badauko gauzak… bizi barik ezin leikienak esplikau be egin. Esplikau be ezin leike in. Horreik por ejenplo…».
2026ak hegoak astindu dituen honetan, kosta egiten zaigu sinestea enaren etorrera bera edo naturari loturiko gertaera bat eskoletan jai izateko arrazoi izan daitekeenik. Inork ez du zalantzan jartzen, ordea, jai egitea santu baten omenezko egunean. Teresa Garciak eta Felix Aranok santutegia baino, natura izan zuten erreferentzia XX. mende hasieran, baita jai egun batzuk jartzeko garaian ere. Mende bat geroago, naturak horrenbeste behar gaituen honetan, ez ote gauden gu haiek baino atzeratuagoak…
