Metro batzuk
Chestertonen kontakizun batean bi mutiko doaz bidetik barrena maitagarri batekin topo egiten duten arte. Honek handiak ala txikiak, zer izan nahi duten galdetzen die. Batek betidanik erraldoi izatea amestu duela erantzuten dio Niagara eta Himalaia bisitatzeko. Erraldoi bilakaturik hasten da buruarekin lainoak ukitzen dituela mundua zeharkatzen. Iristen da Niagarara eta hango ur jauzia etxeko ur txorrota iruditzen zaio eta Himalaia mendi barregarri bat. Txikiari, aldiz, zuhaitz bakoitzak zerua urratzen zuela iruditzen zaio eta bideko lore bakoitza mirari bat dela.
Eguneroko bizitzan txikitasuna harrotasun puntu batekin onartu ohi da: Lazkao Txikik pertsonaia bat eraiki zuen bere txikitasunari esker, baina seguru nago 1,80 neurtu izan balu, bere tristurak txikiagoak izango zirela. Monterroso idazleak -1,60 neurtzen zuen- Napoleon edo Leninekin alderatu ohi zuen bromatan bere burua, eta adiskideek Herbehereetako ordezkari deitzen ziotenean, umorez hartu ohi zuen izendapena.
Guinness markak dituena Lucia Zarate ipotx mexikarra da (51 zentimetro neurtzen zituen), baina txikitasunari esker bere eta bere familiaren bizimodua atera zuen aurrera P. T. Bornun enpresariaren zirkuan lan eginez, urte batzuk geroago Altzoko Handiak zirku berean egingo zuen bezalaxe. Hain txikia zen emakumea, non Jordi Solerrek eskaini zion nobelan bera eta bere anaia bizkia mantalaren aurreko poltsikoan zeramatzala agertzen den ama etxeko lanak egiten. Baina seguru gaude askotan madarikatuko zuela bere txikitasuna.
Aberriaren tamainarekin antzeko zerbait gertatzen da, gure txikitasunaz harro agertzen gara, baina ez litzaiguke gaizki etorriko handixeagoak izatea. Magrisek kontatzen zuenez, 1929an Letoniako ikasle batzuk Estonian sartu ziren eta Suur-Munamaki igo zuten, Baltikoko mendirik altuena, nahiz eta 317 metro bakarrik dituen; baina Letoniako mendirik altuenak baino lau metro gehiago zituen eta metro horiek kendu zizkioten, estoniarrei marka hori ezabatzeko asmotan. Estoniarrak itzuli eta gauzak lehenean utzi zituzten. Gu ez gara Estonian sartu, baina Alain Hiriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berria izango dela jakitean, letoniar haiek Estoniari bezalaxe, Frantzia handiari metro batzuk kendu dizkiogula sentitu dut. •


