GAUR8

Vespak 80 urte bete ditu

1964ko apirilaren 23an, Enrico Piaggiok bere asmakizuna Vespa izenarekin erregistratu zuenean, familiaren fabrika berriro martxan jartzea zuen helburu. Gaur egun, luxuzko produktua bihurtu da. Gurean ‘ahizpa’ bat eta lehiakide bat izan zuen: Lambretta.

2010ean, Gasteizen egin zitzaion erakusketa.
2010ean, Gasteizen egin zitzaion erakusketa. (Juanan RUIZ | FOKU)

1946ko lehen Vespa hartan Enrico Piaggiok Corradino D’Ascanio ingeniari aeronautikoa izan zuen lagun. D’Ascaniorentzat garaiko motoak deseroso, astun eta zikinak ziren eta, akats horiek guztiak gainditzeko, ibilgailu berri bat asmatu zuen; berotik babestuko zuen metalezko estalki batez erabat estalia zuen motorra, eta, hala, bi gurpilen industria irauli zuen. Arrakasta berehalakoa izan zen: 2.484 modelo saldu ziren 1946an.

Vespa ibilgailu ‘herrikoi’ bihurtu zen, hiri-garraiorako ezin hobea. Ekoizpena 20.000 ingurukoa izan zen 1948an, 60.000 ingurura iritsi zen 1950ean eta 171.200 ingurura 1953an. Fabrika hamar herrialdeetara zabaldu zen.

‘Roman Holiday’ (1953) filmarekin ikonoa bihurtu zen. Audrey Hepburn eta Gregory Peck Italiako hiriburutik orduan iraultzailea zen motozikletaren gainean seko maiteminduta paseatzen agertu ziren eta geroztik modernitatearen, askatasunaren eta mugikortasunaren ikurra da Vespa. 

Ikonoa bihurtuta, gurean ere zaletu asko ditu. Adibidez, urtero Lambretta eta Vespa zaleak elkartzen dira Eibarren eta Gasteizen. Eibarko Lambretta Locomociones fabrika 1954an sortu zen, eta bertan, Innocenti italiarraren lizentziapean, 50 eta 200 z.k. arteko motorrak zituzten zenbait modelo fabrikatu zituzten.

Lambretta eta Vespa arteko desberdintasun nagusia motorraren kokapenean dago; Lambrettan erdigunean dago, eta horrek egonkortasun handiagoa ematen dio alboko motorra duen Vesparen aurrean.