
Duela 110 urte, 2.000 matxinatuk Dublingo kaleak hartu zituzten Britainiar Inperioko Armada ahalguztidun eta eskarmentudunari aurre egiteko. Matxinatuek ez zuten ia entrenamendu militarrik eta arma gutxi zituzten.
Irlandako Ermandade Errepublikanoak antolatuta, Éirí Amach na Cásca (Pazko Altxamendua, gaelikoz) hark Irlandako Boluntarioak taldearen, Irlandako Armada Herritarraren eta Irlandako Emakumeen Kontseiluaren laguntza jaso zuen. Azken honen 300 bat boluntario aritu ziren borrokan kaleetan.
Borrokalarien artean Michael Collins zegoen. 25 urteko gazte hura Irlanda modernoaren sorreraren lider iraultzaile handia bihurtu zen.
Astebeteren ondoren, matxinada gogor ito egin zuen britaniar Armadak. Baina altxamendu hura Independentzia Gerraren (1919-1921) pizgarria eta Irlandako Errepublikaren ernamuina izan ziren. Bake-itun hartan iparraldeko sei konderri britainiarren kontrolpean gelditu ziren, dena den. Historialari gehienak bat datoz altxamendu hark irlandar kontzientzia nazionalista bultzatu zuela esatean, eta beste kolonia britainiar batzuk emanzipatzera bultzatu zituela, baina baita unionistekiko zatiketa areagotu zuela ere.
Pazko igandean, altxamenduaren hasiera egunean –1916an apirilaren 24arekin bat egin zuen–, urtero Sinn Féinek martxak antolatzen ditu Irlandako geografia osoan zehar, alderdi errepublikanoaren urteroko tradizioa.
Eta bitxikeria bat: Dublingo Jameson destilategi zaharrak –egun erakarpen turistikoa bihurtu dena– protagonismo berezia izan zuen egun haietan. Bere kokapen pribilegiatua zela eta, 1916ko Pazko Matxinada izenekoaren agertokietako bat izan zen, Irlandako behin-behineko gobernu bat sortzeko lehen saiakera. Destilategia gotorleku gisa erabili zen altxamenduan, teilatuetan frankotiratzaileak jarrita.

Aaiun: McDonald’s bat, dunak eta hezur ezkutuak

Toheed Ghulam, Antzuola eta Reala bihotzean daramatzan euskaldun-pakistandarra

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa: prest al gaude?
20 urte kazetaritza ikasten
