GAUR8

Epea zabaldu dute sektore pribatuan LanHitz programako laguntzak eskatzeko, euskara indartzeko

Sektore pribatuan euskararen erabilera eta presentzia indartzera bideratutako LanHitz programa jarri du martxan Lakuako Gobernuak, lau proiektu mota laguntzeko. Pertsona fisikoek eta juridiko pribatuek eska ditzakete laguntzak, ekainaren 1era arte.

24. Korrikaren amaiera ekitaldia, Bilbon.
24. Korrikaren amaiera ekitaldia, Bilbon. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Elkargo profesionalek, pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek ekainaren 1era arte eska ditzakete LanHitz programan jasotako laguntzak. Programa horren helburua da sektore pribatuan euskararen erabilera eta presentzia indartzea, eta Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,5 milioi euro bideratuko ditu horretara aurten, iaz baino %13,6 gehiago.

Dirulaguntzen deialdiaren oinarriek jasotzen dutenez, programa lau proiektu motari laguntzeko erabiliko da. Lehenengo taldean (250.000 euro gordetzen dira), erakundeetan euskararen erabilera eta/edo presentzia sustatzeko jarduerak sartzen dira, nahiz eta euskara planik ez izan. Dirulaguntza hori gehienez bost urtez eman ahal izango da.

Bigarren taldearen kasuan, 200.000 euroko partida ezarri da erakundearen euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko eta euskara plana diseinatzeko, bai eta plana abian jartzeko ekintza solteak egiteko ere. Talde honen jarduerek urtebete baino ez dute diruz lagunduko.

Era berean, erakundearen euskara planari eta urteko kudeaketa planari dagokienez, deialdiak 1,3 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jardueretarako. Ezin izango dute talde honen laguntza eskatu dagoeneko 18 urtez eskatu dutenek.

Laugarren taldea euskara planaz haragoko hizkuntza-proiektu estrategikoak garatzeko da, euskara planetan edo euskararen kudeaketa maila aurreratuetan ibilbide luzea duten erakundeetan. Modalitate horri 750.000 euro dagozkio.