«Abandonatu egin nindutela sentitu nuen»
Agustina Morenok 15 urte zituen Gutierrez apaizaren abusuak jasan zituenean. Belenen gertatu zen, Catamarcan, Argentinako probintzia kontserbadoreenetako batean. Sendatzeko indarra bildu ostean, artista plastiko gazteak «Sombras de la Fe» obran islatu du bizitakoa.

Agustina Morenok kontatu du abusua konfesioaren bidez hasi zela. Agustinak 15 urte zituen, elikadura-nahasmendu bat pairatzen ari zen eta konfesioan kontatu zion Juan de Dios Gutierrezi, Catamarcan abusuak egiteagatik zigortua izan zen lehen apaizari. Ahizparekin batera, Belengo Andre Mariaren Parrokiako gazte taldean parte hartzen hasi zen, 2014ko abenduan eliz ospakizun batean apaiza ezagutu ondoren. «Horrelaxe hasi zen, berarekin egin nuen konfesioa eta uste dut nigana hurbiltzeko aprobetxatu zuela, nik aitaren figuraren ordezko hartzen bainuen», azaldu du gazteak. Hasieran denak normala zirudien. Baina pedofiloa berarekiko nolabaiteko gertutasuna adierazten hasi zen, opariekin hurbil mantendu nahian, eta horrek deserosotasuna sortu zuen taldean. Ahizpak taldea utzi zuen, eta Gutierrezek zirrikitu bat topatu zuen manipulazioan sakontzeko. Aitaren absentzia jasaten zuen Agustinarentzat, normala zen apaizari «pa» deitzea eta apaizak berari «mija». Gainera, apaizak ziurtatu zion Jainkoaren berraragitzea zela lurrean: nerabeak sinetsi egin zuen eta konfiantza eman zion.
“Trino musuaren” bidez heldu zen haragizko lehen abusua, «aitaren, semearen eta espiritu santuaren» izenean kopetan, sudurrean eta gero ahoan musukatzean zetzan musu horrek. Nerabearen familia kanpoan egongo zela jakinda, egun batean motorrean eraman zuen eta zubi baten azpian abusuak egin zizkion. Mutil-laguna izan nahi zuenerako prestaketa zela esan zion, «gurasoek egiten zuten zerbait».
Urteak iraun zituen gurutze-bidearen hasiera besterik ez zen. Agustina depresio sakon batean erori zen eta bere buruaz beste egiten saiatu zen behin baino gehiagotan. Etsipenak jota, amak salaketa jarri zuen, gaztearen eta apaizaren artean ehunka mezu aurkitu ondoren, besteak beste, «Bi gurasoen umezurtz zara», «Zure gurasoak gaiztoak dira», «Ni Jainkoa naiz lurrean eta zure aita naiz» esanez. Elizaren Abusuetatik Bizirik Ateratakoen Sarearekin harremanetan jarri zen ama Facebook bidez.
Agustinak artea azalean ere badarama, hiru tatuajetan. Stay strong (“Gogor mantendu”) eskumuturretan, Now I am a worrior (“Orain gerlari bat naiz”) bizkarrean eta Surviror (“Biziraulea”) lepauztaian. Apaizaren aurkako lehen deklarazioaren ondoren egin zituen, oroigarri bat sinbolizatzen dute beretzat, bere memoriari egindako keinu bat.
Noiz hasi zinen koadroetan islatzen pairatutako mina? Prozesu bat izan zen edo zerbaitek klik egin eta bidea hori zela sentitu zenuen?
Arte Bisualetako irakasle izateko ikasketak egin nituen, eta, laugarren urtean, azkenekoan, “Azken Produkzioa” izeneko ikasgai bat dago, non proiektu bat egin behar genuen gure lanak museo batean aurkezteko. Horrek esan nahi zuen kudeaketa oso bat zerotik egin behar zela, erakusketa osatzeko azalpen-testuen laginak osatu, artistaren asmoak… Ordurako nire historia kontatzeko asmotan nenbilen. Ikasten ari nintzen urte horietan guztietan ez nintzen konturatu, baina gertatu zitzaidanaz margotzen nuen. Ideia Arte Publikoa deituriko ikasgaian sortu zitzaidan; kalean itsasteko pegatinak eta afixak egin eta itsastean oinarritzen zen ikasgaia. Gurutze bidearen prozesua kontatzeko asmoa nuen, eta azken etaparako utzi nuen, lan handia zelako. Erakusketak “Sombras de la Fe” du izena eta gurutze bidearen kontrajartze bat irudikatzen du, horregatik dira hamalau koadro. Lan bakoitzak gurutze bideko eszena batekin du lotura.
Lehendabizikoa, esaterako, gurutze batek zeharkatzen duen neska baten irudia da. Badago beste bat konfesatoki huts batena, eta ertz batean panpinazko hartz txiki bat dago. Gertatu zitzaidan guztiaren uneak dira. Prozesu bat izan zen, baina presente izan dut beste ideia bat ere: «gertatu zitzaidana da, baina nire lanen bidez kontatzen da». Dena kanpora ateratzeko beharra nuen, gauza asko kontatzekoa. Frogak aurkeztu behar izan genituenean, nire amak urte horietan guztietan aurkitu zituen marrazki askok instantzia judizialerako balio izan zuten. Beti egon naiz gertatutakoa kontatzen, marrazkien bidez ateratzen nuen barruan nuena. Ni ez nintzen konturatzen, ateratzen zitzaidan zerbait zen; laginari izena jarri nionean bai, orduan konturatu nintzen.

Zure lanaren izenburuak erabat hautsia dagoen fedea adierazten du, hala da?
Izenburua Carl Jung-en itzalen ideiak inspiratuta sortu nuen. Berak zioen itzal horiek kanporatzeko moduetako bat artea zela. Nik fedearekin itzal horiek ditut; sentimendu kontrajarriak ditut, bizi izan nuenaren ondoren ez baitakit zertan sinetsi. Adibidez, santuen irudiak ikusten ditudanean gertatzen zait, edo prozesioak egiten direnean; katedraletik oso gertu bizi naiz, eta egiten direnean oso gaizki jartzen naizenez, urrutira joateko bidaiaren bat antolatzen dut. Agian saihetsezina da: nik uste dut sentimendu horrekin borrokatu beharko dudala beti. Fedearen eta gurutze bidearen inguruan irakurtzen hasi nintzenean, 14 egonaldi horien bidez, nire istorioa kontatzeko balio zidaten hitzak eta kontzeptuak aurkitu nituen. Nire obran lagundu nauten pertsonak ere badaude irudikatuta: nire psikologoa, nire abokatua, badago obra bat ere Elizaren Abusuetatik Bizirik Ateratakoen Sareari eskainitakoa, bertako kide batzuek argazkiak pasatu zizkidaten eta marraztu egin nituen; bertan daude, nire prozesu sendatzailearen parte izan dira.
Pentsatzen dut fedearekiko urruntzeak eragingo zuela zure familian ere. Oso familia katolikoa baitzen zuena, ezta?
Eragin zuen, bai. Nire familia katolikoa izan da betidanik; pentsa, amonak etxean aldare bat eta guzti du. Ez ginen igandero mezetara joaten, baina fede handia izan dugu beti Elizarengan. Elikadura nahasmendua pairatu nuenean, kide batek esan zidan gazte talde batean parte hartzen ari zela: Jainkoarekiko Amodioak Batutako Gazteak”. Nire ahizpa bikia eta biok hasi ginen taldera joaten. Prozesioak eta mezak antolatzen laguntzen duen talde bat da. Batzuetan Biblia irakurtzeko bakarrik elkartzen ginen. Guztiz naturala izan zen gu bertara joaten hastea, nire familia oso fededuna baitzen. Gertatu zitzaidanaren ondoren, konturatu gabe, urrundu egin ginen. Gabonak nola ospatu ere zalantza sartu zitzaigun, baina ez zen hitz egiten genuen zerbait, jakintzat eman genuen. Familian inork ez zuen erlijioarekin edo praktika katolikoarekin zerikusia zuen ezertaz hitz egin nahi. Ez diet ahizpei eta amari zuzenean galdetu, baina uste dut orain beraietako inork ez duela Elizarekiko federik. Boterea eta manipulazioa oso indartsuak dira. Gazte taldean sartu nintzenean, uste nuen apaiz hori nire aita zela lurrean; bera dena egiteko gai zela sinetsi nuen. Abusuak jasan nituenean, abandonatu egin nindutela sentitu nuen. Gaur egun, oraindik, ezin dut sinetsi hori guztia gertatu denik; Jainkoari dagokionez, abandonatua sentitu naiz eta ezin dut ezertan sinetsi.
2024ko abenduan, Probintziako Museo Historikoan ikusgai egon zen «Sombras de la Fe». Zein izan zen jendearen erantzuna?
Ikaragarria izan zen, ez nuen uste horrenbeste jende hurbilduko zenik. Hasieran beldur nintzen ez ote zuten nire obra onartuko, batez ere han, probintzia katoliko batean. Erakusketa onartu zuten, komunikabideak egon ziren, jende asko joan zen. Emakume batzuk hurbildu zitzaizkidan eta negarrez esan zidaten eurek ere abusuak jasan zituztela. Hori artista gisa lorpen bezala bizi dut; beste pertsona batzuengana iritsi ahal izatea, niri gertatutako guztia kontatu eta norbait identifikatuta sentitu izana. Dena ateratzeko nire modua artea izan zen, asko kostatzen zait gertatutakoa hitzetan jartzea. Izan ere, prozesu judizial osoan ezin nuen hitz egin, ez nuen elkarrizketarik onartzen, baina orain bere historia kontatzen ari den artistaren aldeko jarrera hartu dut.
Abusuek eraginik izan al dute zure harremantzeko moduetan?
Garai batean bai. Urte askoan haserrea sentitu nuen gizonekiko, sentitzen nuen denek berdin jokatuko zutela nirekin, engainatu egingo nindutela, eta barrutik haserre nengoen. Ausartarena egin nahi nuen, ni gizonak erabiltzeko gai banintz bezala, baina min handiagoa ematen zidan horrek guztiak azkenean. Orain dela gutxi hasi naiz zentzu horretan kontu handiagoz ibiltzen. Maitasunari dagokionez, adibidez, norbait ezagutzeko behar dudan denbora hartzeko patxada eta ardura hartzen ditut. Baina beldurra beti dago.
Nola hurbildu zinen Elizaren Abusuetatik Bizirik Ateratakoen Sarera? Zer balorazio egiten duzu sareari buruz?
Laguntza bila ari ginenean, ia etsipenean erorita, nire amak sarea aurkitu zuen Facebook bidez. Uste dut 2017an bidaiatu genuela lehen topaketara, eta beste biktima batzuk ezagutu nituen bertan. Hori oso gogorra izan zen; salaketa jarri eta egun gutxira, Rasgido apaizaren abusuak jasan zituen mutil baten amak nire amari deitu zion, eta Belenera etorri zen gu ikustera; hori izan zen beste biktima batengana hurbildu nintzen lehen aldia. Elkar ikusi genuenean elkar besarkatu eta negar egin genuen. Nik uste ez genuela hitz egin beharrik ere izan, begiradarekin ulertu genuen elkar.
Sareak duen politena akonpainamendua da. Agian ez naiz asko animatzen taldean parte hartzera, edo ez naiz oso aktibo egoten, baina mezu bakoitza irakurtzen dut. Oso lagungarria da. Bakoitzari gertatutakoa kontatu eta askok gauza bera bizi dugula sentitzeak on egiten du. Adibidez, uste nuen nik bakarrik nituela amesgaiztoak. Bide luzea da, baina hitz egin ahal izateak eta norengana jo izateak asko laguntzen du.
Joan den urtarrilean, Espainiako Gobernuak eta Eliza katolikoak akordio bat sinatu zuten, eta, horren ondorioz, abusuak jasan zituztenen ondorio eta oztopoak berriro jarri ziren mahai gainean. Arartekoaren txostenak 681 testigantza bildu zituen.
Haurtzaroko eta nerabezaroko esperientzia kaltegarriak eta biktimizaziokoak, biktimen bizitza osoko arazo iturri garrantzitsuak dira. Beste adierazpen batzuen artean, sortutako traumak substantzien abusua, harremantzeko zailtasuna, erru-sentimendua eta ideia suizidak eragin ditzake. Nik neuk amesgaiztoak ditut eta oroitzapenak itzultzen zaizkit. Etengabe erne sentitzera bultzatzen zaitu gertatutakoak; batzuetan urteak kontatzen ari naiz bera aske noiz aterako den kalkulatzeko, zer egingo dudan pentsatzen.

Catamarca: Estalitako min sarea
Julian Maradeoren “La Trama” lanean, Eliza katolikoaren sexu-abusu eta sexu-delituei buruzko ikerketan, egileak «estalketa-eskuliburu» bat deskribatzen du, bizirik atera zirenen esperientziak oinarri hartuta. «Lehenik, apaiza pixka bat urruntzen dute; bigarrenik, adingabea izan ohi den biktima isildu eta mehatxatu egiten dute, baita bere familia ere; hirugarrenik, presionatu egiten dituzte jokabide horrekin hautsi eta kexaren bat agertzen dutenak (beste apaizen bat kasu); laugarrenik, biktimarioa kontrolaezin bihurtzen bazaie, lekualdatu egiten dute; bosgarrenik, adierazpen bat publiko egiten dute ‘mina antzeztuz’ eta erasoa jasan duena zein haren familia laguntzeko nahia adieraziz, barne-prozesu ez eraginkor eta amaigabe bat hasiz, zeina Egoitza Santuko kaxoiren batean galduko den».
Abusu kasuen zigorgabetasunaren aurkako borroka iraunkorrenetako bat martxan dagoen Argentinako probintzietako bat da Catamarca. Belenen kasuan, herriaren sorreratik bertatik dator Elizaren boterea: 1681ean Bartolome de Olmos y Aguilera apaizak Belengo Ama Birjina herriko zaindari eta jabe sinboliko bihurtu zuen, katolizismoaren aldeko errotze historiko eta sozial sakona eraginez.
Catamarcako Elizbarrutiak erasoak estaltzeko aparatu indartsua du. Hori bai, kasuen preskripzioengatik egindako eskaintzak edota Catamarcako botere judizialak erasotzaileak «bedeinkatzeko» erabilitako zigorgabetasuna ezin dira ulertu jatorrizko fededunen eta Elizarekin arteko lotura sakona aztertu gabe. Elizaren Abusuetatik Bizirik Ateratakoen Sarearen esanetan, Catamarca da Argentina osoan salatutako kasu gehien dituen probintzia, eta bertako Elizbarrutiaren rola gogor kritikatzen du: «Min eta birbiktimizazio sare oso bat dago eraikita». Agustina Morenoren kasuan, 2015ean Juan de Dios Gutierrez apaiza inputatu ostean, sei urte behar izan ziren erasotzailearen aurkako ahobatezkoko epai batera heltzeko; Hirugarren Izendapeneko Krimen Arloko Epai Ganberak 12 urteko espetxe-zigorra ezarri zion azkenean. Diziplinarteko Auzitegiko Kidegoak (IFK) Gutierrezi egindako aditu-txostenak erabakigarriak izan ziren. Txostenetan jasotzen da apaizak «nortasun psikopatikoaren nahasmendua» zuela, bai eta «nartzisismo handia eta manipulatzeko gaitasun izugarria» ere. Baina epaia ez zen irmoa izan, eta kapilauak kalean jarraitu zuen. «Ez ahaztu nor den, arriskuan nago, abusatzailea, harraparia, nartzisista eta psikopata da. Gaur nigandik pauso gutxi batzuetara egon da. Ez ahaztu aurpegi hau. Gutierrez apaiza da, kondenatua dago, baina aske dago. Agustina naiz, bizirik nago. Ez dakit noiz arte», argitaratu zuen neska gazteak sareetan, biltegi batean apaiza metro gutxira izan ondoren.
Beste kasuak honako hauek dira: Eduardo Lopez Marquez, ahozko epaiketara bidalitako hirugarren apaiz catamarcarra, 12 urterekin abusuak jasan zituen 32 urteko gazte batek salatua (epaiketaren zain dago kasua). Renato Rasgido, 2024ko apirilean 15 urteko espetxe-zigorra ezarri ziotena, 14 urteko nerabe batez abusatzeagatik. Rodrigo Lobo Mercado, Agustina kide izan zuen gazte taldeko katekista eta hainbat adingaberi sexu-abusuak egiteagatik inputatua. Moises Pachado, 9 urte zituenean apaizak abusuak egin zizkion emakume batek salatua; auzia ez zen epaiketara iritsi, Pachado 2022ko ekainean hil baitzen. Rogelio Suarezen kasua ere gehitu behar da; izan ere, orain arte salaketarik jaso ez badu ere, meza batean barkamena eskatu zuen gazte batekin zituen elkarrizketa lizunen audioak filtratu ondoren.
Artikulu hau ixteko egunean, Buenos Airesen kasu batean justizia egin zen behintzat: Mercedeseko Krimen Arloko Auzitegiak 8 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Tomas Daniel Rodriguez katekistari, «sexu-abusu larriagotuagatik, adin txikikoen zaintzaz arduratu behar zuenean, bere pribilegiozko postua baliatzeagatik abusuak egiteko». Biziraun dutenek eskatu bezala, lotsa bandoz alda dadila.


