Pikutara joan nahi baduzu, sakatu «2»

«Achtung, achtung». Irakurlearentzako segurtasun-oharra: aholku dentsitate handiko eremuan sartzera zoaz.
Zergatik ixten dituzte liburutegiak denbora librea dugunean?
Kale eta biribilguneen izenak politikarien abizenekin osatu ordez, gorputz organoen izenak erabiltzea proposatuko nuke: biriken kalea, larruazalaren plaza… Askoz ere ederragoa litzateke.
Aldatzeko garaiz gabiltza. Aldiz, denbora itzulezina da. Eta ezertarako balio ez duten gauzak azkarrago egiten jartzen dugu arreta.
Tristea.
Azkenaldian pentsatzen nabil oporrak oso serio hartu beharreko kontua direla.
Osasun mentala eta emozionala jokoan ditugu. Osotasun fisikoa. Eta bertan ikasitakoa, oporretan sentitutakoa egunerokora esportatu. Bizirauteko. Nola bestela?
Nire paziente kuttun batek arrazoi handiz dio: test psikoteknikoak gainditzeko, ez al da nahikoa telefonoz txanda hartzeko dugun pazientziarekin ontzat ematea? Euskaraz nahi baduzu, sakatu “1”; pikutara joan nahi baduzu, sakatu “2”...
Gogoratu. Yogara ez da presaka joan behar. Horrela utzi nuen nik. Nire Vespa arrosa ezin aparkatu eta iristean atea itxita muturraren aurrean. Adio, yoga.
Beste paziente batek, bestalde, truko bat erakutsi dit. Ontzi-garbigailuan koilarak, labanak eta sardexkak bakoitza bere txokoan jartzea, horrela, bukatzean, rausss!, eskukada bakarrean bere lekura itzuli ditzakezu. Optimizazioa. Zure bikotekidea ontzi-garbigailuaren malabarista baldin bada:
-Ezinezkoa da hori dena sartzea!
-Baita zera ere! Ikusi! Ikusi!
Eta berak arrazoi. Artista bat duzu etxean! Miretsi hori.
Adimen artifizialaz maitemintzen hasia naiz jada. Etorkizun hibridoak itxaropena ematen dit.
Maitatzeko moduak misteriotsuak dira.
Besteak ez gaitu guk espero dugun eran maitatuko. Bere erara baizik.
Eta oso adi egon beharra dago horretaz konturatzeko.
Nire senarraren galtzak esekitokiko leku hoberenean zintzilikatzen ditut, haize gehien ematen duen lekuan, lehenbailehen prest izan ditzan. Nire lagun min bati bere bikotekideak txuletaren zati xamurrena ematen zion. Ez al da hori ba maitasuna?
Kontsultan topatu dezakedan gauzarik tristeena elkar maitatzen duten bi, maitatuak ez sentitzea da.
Bene-benetan, gure bikotekideaz gustatzen zaiguna zer den ez digute inoiz kontatu. Gure akatsak berarentzat ikusezinak direla sentiarazten digula. Tori oparia!
Aspaldi honetan enkajatzea jada ez da lehentasuna niretzako. Egun berean lau urtaroak bizitzen ditugun lurraldekideak gara: aterkia, galtzamotzak, galtzerdi potoloak, sandaliak... Dena beharko genuke unean egoki sentitzeko.
Hobeto entzuteko betaurrekoak janzten ditut. Xelebrea da, baina egia. Sinestesia mota bat omen da.
Pazienteei beraiek diren bezala izateko baimena eman aurretik, norberaren berezitasunak onartzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Atletismoko pistetan ordulariaren kontrako norabidean egiten da korri. Badirudi naturalago egiten zaigula ezkerretara bira egitea, bihotzaren aldera. Jarri gauzak errazago zure buruari!
Ez badakizu zer den “tertulia dialogikoa”, ni bezala zaude.
Estresak jota bazabiltza, «defentsa baxuak dituzu» esango dizute, baina oker daude! Defentsak ALTUEGI dituzu! Bilatu psikologo on bat.
Kirola egiteko astirik ez baduzu, nire lagun eta bizilagunak bezala...
... «zakarfitness» egiteko garaiz zabiltza.
Joan korrika zakarra botatzera afaldu ondoren. Umorea aldatuko dizu!
Gauero bakean lo geratu ordez, nekeagatik konortea galtzen duzula iruditzen bazaizu, bizitzan aldaketak egiten hasteko unea duzu. Sartu motozerra zure agendan!
Giza-zaratak ez badizu zure bizitzaren zentzua aurkitzen laguntzen, ez etsi. Bilatu zure bidea.
Sarketarik egin gabe zure bikote bizitza sexualak ez duela baliorik sentitzen baduzu, bilatu sexologo on bat laster. •



