Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak gero eta presio handiagoa dauka Alderdi Laboristaren barruan. BBCren arabera, dagoeneko gutxienez 67 diputatu laboristak eskatu dute bere dimisioa, joan den osteguneko hauteskundeetan alderdiak izandako emaitza txarren ondoren.
Starmer astelehen honetan egindako hitzaldi batean egoerari aurre egiten saiatu da, eta bere gobernuaren lehentasunak azaldu ditu legegintzaldi osorako. Besteak beste, Erresuma Batua “Europaren bihotzean” jarriko duela agindu du. Hala ere, bere hitzek ez dituzte baretu alderdi barruko kritikak.
Catherine West diputatu laboristak mugimendua abiatu du lehen ministroaren aurkako presioa handitzeko. Larunbatean ultimatum moduko bat plazaratu zuen, eta orain dagoeneko 81 diputaturen babesa bilatzen ari dela baieztatu du. Westen esanetan, Starmerren erantzuna «eskasegia izan da eta beranduegi heldu da».
Starmer ordezkatzeko aukera posibleen artean hainbat izen agertzen hasi dira. Horietako bat Andy Burnham Manchesterreko alkatea da. Beste izen aipatuenetako bat Wes Streeting Osasun ministroarena da.
Gainera, azken orduetan Starmerren inguruko hainbat aholkularik ere dimisioa eman dute. Joe Morrisek esaterako, lehen ministroari trantsizio azkar bat eskatu dio. Tom Rutlandek, Ingurumen Ministerioan lanean aritutakoak, esan du ez duela Starmerrengan konfiantzarik, eta Naushabah Khanek ere kargua utzi du «konfiantza berreraikitzeko» beharra aipatuz.


