Markel de Bilbao Catediano
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Alpeak zubi bihurtuz

XIX. mendeko artelan batean bezala, Italiak eta Alemaniak harremanak estutu dituzte arlo ekonomiko, politiko eta militarrean. Europako etorkizuna gidatu nahian, Berlinek eta Erromak oinarri sendoa eraiki nahi dute aurrerapausoak emateko.

«Italia eta Alemania» obra, Johann Friedrich Overbeck artistak margotua, italiarren eta alemaniarren arteko fusio harmonikoa irudikatzeko asmoz.
«Italia eta Alemania» obra, Johann Friedrich Overbeck artistak margotua, italiarren eta alemaniarren arteko fusio harmonikoa irudikatzeko asmoz. (WIKIPEDIA)

1828an, Johann Friedrich Overbeck artistak Alemaniaren eta Italiaren arteko anaitasuna irudikatu zuen “Italia eta Alemania” izeneko margolan batean; hamarkada batzuk geroago, herri bakoitzak bere lurralde eta politika batasuna lortu zituen estatu gisa. “Sulamita eta Maria” izenez ere ezaguna den margolanak -Sulamitak Italia ordezkatzen du eta Mariak Alemania-, bi emakume erakusten ditu banku batean eserita; atzean, hiria eta mendiak ikusten dira. Maitasunez begiratzen diote elkarri, eta eskuak estutzen dituzte adiskidetasun sakoneko ikur gisa. Artistak bi herrien arteko fusio harmonikoa eta ideal partekatuak irudikatu nahi izan zituen; zehazki, Quattrocento italiarra eta Alemaniako Erdi Aroko artea uztartzea zen Overbecken asmoa.

Bi mende geroago, oraindik antzekotasunak aurki daitezke Alpeek bereizten dituzten bi herrialdeen arteko harremanean. Urtarrilaren 23an Erroman egindako bileran, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, Europar Batasunaren norabidea gidatu eta markatu nahi duen ardatz politiko berri baten sendotzea irudikatu zuten. Urte luzez asimetria ekonomikoek eta elkarrekiko mesfidantzak baldintzatutako harremana pixkanaka aliantza estrategiko bihurtu da, interes industrialetan, segurtasun arloko politiketan eta lehiakortasuneko irizpideetan oinarrituta.

Erromako topaketan, elkarren arteko lankidetza estrategikoa indartzeko ekintza plan baten protokoloa sinatu zuten bi herriek; gainera, segurtasunari, defentsari eta erresilientziari buruzko akordioak eta Europako Batzordeari zuzendutako lehia kontinentalari buruzko agiri bateratua ere aurkeztu zituzten. Erromako hitzordua ez zen bilera bilateral hutsa izan, baizik eta eraldaketa geopolitiko sakoneko une batean, bi herriek lidergo europar partekatu bat partekatzeko duten borondate politikoaren erakusgarri.

Merz kontserbadore liberala eta atlantista da, merkatuaren eta Alemaniako gaitasun militarraren indartzea argi defendatzen dituena; Meloni, berriz, Italiako eskuin nazionalistatik dator, eta boterera heldu zenean zalantzak piztu ziren Europan izango zuen egokitzapenari buruz. Hala ere, Ukrainako gerrak, Ameriketako Estatu Batuen Europarekiko konpromisoaren inguruko ziurgabetasunak, Europako industria-lehiakortasunaren gainbeherak eta gero eta handiagoa den lehia globalak bi gobernuen posizioak gerturatu dituzte. Biek uste dute Europar Batasunak urteetako geldialdi estrategikoa gainditu eta industria-politika askoz anbiziotsuagoa hartu behar duela. Italia eta Alemania kontinente osoko bi motor manufakturatzaile nagusiak direnez, haien lidergoa erabakigarria izan daiteke: gutxi gorabehera Europar Batasuneko industria-ekoizpenaren %40 ordezkatzen dute, eta pisu ekonomiko hori baliatu nahi dute bertako lehentasunak baldintzatu eta gidatzeko.

DEFENTSA INDUSTRIA

Nazioarteko testuingurua etxeko erreformak justifikatzeko aitzakia bihurtu den honetan, defentsa harreman berri horren ardatz nagusietako bat ere bilakatu da. Merzek eta Melonik ideia bera partekatzen dute: lehiakortasun ekonomikoa eta segurtasun estrategikoa Europako interes beraren bi dimentsio banaezin dira. Industria militarra ez dute soilik defentsarako tresna gisa ikusten, baizik eta autonomia estrategiko europarra indartzeko motor teknologiko eta industrial gisa ere. Sektore aeroespaziala, ontzigintza edo material aurreratuen industria bezalako arloetan, bi herrialdeek uste dute Europak soilik koordinatutako proiektu handien eta industria-kate integratuen bidez izango duela mundu mailan lehiatzeko aukera. Leonardo eta Rheinmetallen arteko lankidetzak, Fincantieri eta Thyssenkruppen arteko aliantzek edo Eurodrone aire-defentsako sistemak eta itsas plataformak garatzeko programa bateratuek logika hori islatzen dute.

Erroman lortutako akordioak aurretik zegoen koordinazio politikoa sakontzen du. Alemania eta Italia ez dira jada negoziazio europarrak hasi ondoren jarrerak hurbiltzen saiatzen diren bi estatu; aitzitik, hasieratik bertatik beren lehentasun estrategikoak sinkronizatu nahi dituzte, Ukraina, Balkanak, Sahel edo Indo-Pazifikoa bezalako eremuetan. NATOren Europako zutabea indartzea ere hurbilketa horren funtsezko elementuetako bat da. Merzek zein Melonik Europa militarki sendoago baten alde egiten dute, baina, hori bai, Atlantikoko aliantzaren barruan erabat txertatuta eta Washingtonekiko hausturarik gabe. Bi buruzagiek orientazio atlantista argia dute, eta Ameriketako Estatu Batuekiko harremana zaintzea ezinbestekotzat jotzen dute, bereziki Donald Trump Etxe Zurira itzuli ondoren lotura transatlantikoan tentsio berriak sor daitezkeen garaiotan.

Emmanuel Macron, Frantziako presidentea, eta Friedrich Merz, Alemaniako kantzilerra, Eliseoan egindako bilera batean. (Antoine GYORI / GETTY)

Europaren indartze militarra, gainera, arreta handiz eraikitako diskurtso ekonomiko bati lotuta dago. Errealitate desberdinetatik abiatuta bada ere -alemaniarren gehiengoa indartze militarraren alde dagoen bitartean, italiarrena kontra dago-, bi gobernuek berrarmatzea eta lankidetza militarra hazkunde ekonomikorako, berrikuntza teknologikorako eta industria tresna gisa aurkezten saiatzen dira. Oinarrizko ideia argia da: Europak ezingo ditu egungo oparotasuna eta autonomia politikoa mantendu Ameriketako Estatu Batuekin eta Txinarekin lehiatzeko gai den industria aurreraturik gabe. Horrela, defentsa, teknologia eta lehiakortasuna proiektu estrategiko bakar baten parte bihurtzen dira. Erromak eta Berlinek bat egiten dute burokrazia arintzeko, baimenak bizkortzeko, merkatu bakarrean sakontzeko, lehia-arauak eguneratzeko eta kapital-merkatuen batasuna osatzeko beharrean. Zertarako? Industria militar europar indartsu baten sorrera errazteko.

MENDEBALDEKO KIDEA

Ardatz italiar-alemaniarraren gorakada frantziar Estatuarekiko urruntze progresiboaren eta motor franko-alemaniar tradizionalaren higaduraren ondorio ere bada. Emmanuel Macronek diplomaziaren eta arma nuklearren arloan funtsezko zeregina betetzen jarraitzen badu ere, Berlinek azkenaldian Paris eragile gatazkatsu gisa ikusi du zenbait ekonomia eta industria gaitan. Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioaren aurrean Frantziak erakutsitako jarrerak haserrea piztu zuen Alemanian; izan ere, Berlinen ustez, itun hori funtsezkoa da bere industria-esportazioei eusteko. Horri gehitu behar zaizkio Europako ehiza-hegazkin bateratuaren programaren inguruko tentsioak eta Alemaniaren honako pertzepzio hau: Macronek Europaren ikuspegi federalista eta erreformista lehenesten du, bazkide komunitario guztien babesik gabe askotan.

Horren aurrean, Meloniren eta Merzen arteko aliantza alternatiba pragmatikoago gisa ageri da. Bi gobernuek lehentasuna ematen diete lehiakortasunari, migrazio-kontrolari, industria-politikari eta segurtasunari, erreforma instituzional handien gainetik. Gainera, Erroma-Berlin ardatzak badu abantaila politiko garrantzitsu bat: Europar Batasunaren barruan adostasun zabalak eraikitzeko gaitasuna. Alemaniak harreman estua du iparraldeko herrialdeekin eta “aurrekontu-zorroztasunaren” aldeko estatuekin; Italiak, berriz, eragina mantentzen du hegoaldean eta elkarrizketa-kanalak ditu Europa erdialdeko eta ekialdeko gobernu subiranistekin. Konbinazio horrek koalizio zabalagoak artikulatzeko eta Europako politikaren blokeo errepikakor batzuk arintzeko aukera ematen du.

Alemaniaren eta Italiaren arteko hurbiltzeak, azken finean, Europar Batasunaren barruko botere-orekan gertatzen ari den eraldaketa sakonago bat islatzen du. Europa ez da jada soilik Parisen eta Berlinen arteko adostasunaren inguruan antolatzen; aitzitik, behar geopolitikoek, lehia ekonomiko globalak eta segurtasun-ezak eragindako presioek bultzatuta, aliantza pragmatikoen bidez egituratzen ari da. Ardatz italiar-alemaniarrak etapa berri horren lidergoa hartu nahi du: segurtasun-ezak eta nazioarteko aldaketek markatutako garai batean, hazkunde ekonomikoa berrarmatzeari estuki lotzen zaion Europa baten alde egin nahi du. Bide batez, Europar Batasuna -eta haren erakundeak- kontinenteko bi ekonomia manufakturatzaile nagusientzat oztopo ez izatea ere lortu nahi du, jakina.